Urteurren hain borobila ospatzeko, ez da nahikoa jarduera bakarra. Hala ondorioztatu daiteke, behintzat, Bizkaiko Foru Berriaren mende erdiaren bueltan antolatu diren ekintzei erreparatuta: erakusketa bat Bilboko Foru Liburutegian, hitzaldi ziklo bat agiriak ezarritako mugarriak aletzeko... eta, horrez gain, aurtengo Ibilbide Historikoen programa ere gai berean oinarritu dute. Uztailean eta irailean, Bizkaiko antolaketa politiko eta sozialak mendeetan izandako bilakaera erakutsiko dute hiru ibilbidetan. «Atzera begiratzeko aukera emango digute», Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren esanetan. «Gure memoria historikoa erdigunean jarrita, hobeto ulertuko dugu foruek zer-nolako garrantzia izan duten Bizkaiko autogobernuaren oinarri gisa».
Zehazki, zin bideei balioa eman nahi diete ibilbideen bidez, baita hiru batzar etxeei ere: Gernika-Lumokoa, Gerediagakoa eta Avellanedakoa. Hiru egoitza horietan sortu ziren foru erakundeak, hain justu. Bideen tarte bat autobusez egingo da, eta oinez ezagutuko dira, aldiz, txoko eta bitxikeria batzuk, gidari baten azalpenei esker. Hala, ondarea, historia eta paisaia jorratuko dituzte egitasmoan. Ibilbideek hiru eta sei ordu artean irauten dute, eta Ibilbidehistorikoak.eus webgunean eman daiteke izena.
Bihar egingo dute ibilbideetako aurrena, Durangaldean. Autobusez egingo dute, Abadiñotik abiatuta, eta geldialdiak egingo dira Momoition, Garain, Gerediagan eta Astolan, leku bakoitzaren zeresanaren berri emateko. Izan ere, eremu horretan sortu ziren foruak. Momoition oraindik badira aurreneko erakundeen aztarnak, kofradiak. Garain, elizateen jatorria eta antolaketa azalduko dute. Garai hartan Durangoko merindadeko elizateen ordezkariak legez, Gerediagako Batzar Nagusietan bilduko dira bisitariak; eta, Astolan, justizia auzitegiaren funtzionamenduaren nondik norakoak aletuko dituzte, merindadearen antzinako gobernuaren egoitza izan baitzen. Bihar ez ezik, uztailaren 26an eta irailaren 20an eta 27an ere egingo dituzte irteerak.
Erabakiak hartzeko tokia
Enkarterri aldean ibiliko dira uztailaren 22an eta 23an, eta irailaren 23an eta 24an. Ibilbidea hasi baino lehen, hitzaldi batean esplikatuko dute zer ondorio izan zuen Enkarterrik Bizkaiko Foru Berria onartu izana 1576an. Enkarterriko Museoan izango da solasaldi hori, Sopuertan, eta gero Avellanedako Batzar Etxea bisitatuko dute. Ondoren, Gordexolara abiatuko dira, autobusez, herri hori izan baitzen Gernikako Batzarretan sartu zen eskualdeko lehen kontzejua, XVII. mendean. Han, oinez ibiliko dira Zubietako galtzada historikoan, baserri, dorre eta jauregi sorta bat ikusi bitartean. Molinarko San Joan Bataiatzailearen elizan borobilduko dute txangoa, leku horrek ere izan zuen-eta garrantzia garai hartako antolamenduan: han hartzen ziren haran osoari eragiten zioten erabakiak.
Eta zin bideetan ipiniko dute arreta uztailaren 28an eta 29an, eta irailaren 25ean eta 26an. Hala zeritzon Bizkaiko jaun-andreek edo haien ordezkariek Bermeo eta Bilbo artean egiten zuten ibilbideari. Zin egitea ez zen nolanahiko ekintza, jaunaren eta bizkaitarren arteko ituna irudikatzen baitzuen. Hirugarren zeharkaldi hori ere autobusez egingo dute, Bilboko Zamudioko ate zaharretik irtenda, eta zin bideko leku esanguratsuenetan hartuko dute atseden: Larrabetzuko Goikolexaldeko zin elizan, Gernikako Batzar Etxean eta Bermeoko Santa Eufemia elizan.