ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Hamargarrena, musikaz betea

Ordizia.

Nagore Rodriguez.
Donostia
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Hamargarren urteurrena ez du nolanahi ospatuko Sustraiez Blai jaialdiak. Aurten ere musika izango du ardatz, eta bere sustraiak galdu gabe, munduko musiken topaleku izango da berriro ere. Horretarako gonbidatu bereziak izango dituzte aurten Ordizian (Gipuzkoa); La troba Kung-Fu eta Kilema taldeak izango dira aurtengo gonbidatu nagusiak. Baina horiez aparte, bestelako taldeak ere gonbidatu dituzte urteurren berezirako.

Larunbatean izango da jaialdia, eta musika arratsaldetik gauera bitartean izango da jaun eta jabe Ordizian. Jaialdi handia plaza nagusian egingo dute 21:00etan. Orduan entzun ahal izango dira La Troba Kung-Fu eta Kilema taldeak.

Madagaskarreko magia eta doinuak eramango ditu Goierriko herrira Kilemak. Bere herrialdeko hainbat musika-tresnarekin eskainiko du emanaldia: marovanya, akabosya eta katsa, besteak beste. Kantari eta musika egilea da, eta hamabost urte daramatza musikaren munduan, eta hiru disko kaleratuak ditu. Munduko hainbat jaialditan parte hartu du.

Bestelako doinuak eskainiko ditu Bartzelonako La Troba Kung-Fu taldeak, Joan Garriga buru duen taldeak. Rumba dute estilo nagusietakoa, baina zuzeneko emanaldian ikusiko den moduan, hainbat estilo nahasten ditu taldeak, taldekideen bidaien isla dira erritmo desberdinak.

Arratsaldetik goizaldera

Ekitaldi nagusian, Dilshad taldeak eta Luis Caminok ere parte hartuko dute.

Donostialdean sortutako taldea izan arren, ekialdeko dantza klasikoa eta folklorea hurbilduko ditu Dilshad taldeak. Horretaz gain, tribuen dantzen lagin bat eskainiko du. Hainbat osagai erabiltzen dituzte euren emanaldietan: ezpatak, bastoiak, zetazko abanikoak...

Perkusio doinuak eskainiko ditu, bestalde, Luis Camino donostiarrak. 1978an hasi zuen bere karrera artistikoa, eta 1997an bakarkako ibilbideari ekin zion. Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat musikarirekin lan egin izan du.

Jaialdi nagusiaren aurretik,ordea, izango da musika entzuteko aukerarik. 19:00etan Garagartza plazan, Acoustic Glorious taldea egongo da, eta ondoren, Vaskandombeando batukada-taldeak joko du kaleetan zehar. Kontzertu nagusien ondoren ere jarraituko du musikak, Txindoki tabernan Lord Sassafras Dja izango da.

SUSTRAIEZ BLAI JAIALDIA

Zer. Kontzertuak.

Non. Ordizian (Gipuzkoa).

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.