Buruari ondo eragin beharko diote hitz egokia topatzeko larunbatean Irunen (Gipuzkoa) bilduko diren 35 lagunek. Luma aldizkariak antolatuta, Euskal Herriko Hitz gurutzatuen txapelketa jokatuko dute.
Laugarren aldia du aurtengoak, eta inoiz baino parte-hartzaile gehiago batuko dira aurtengo lehian. Guztiak Txipi Ormaetxea arrasatearrari txapela kentzeko ariko dira lehian; izan ere, azken bi urteetan irabazi du Ormaetxeak.
Hitz gurutzatuena ez da sinonimo lehiaketa huts bat. «Hizkuntzaren ezagutza sakonaz gainera, zentzua, gogo ernea, eta mundutasunak eskatzen duen erudizio punta erakutsi beharko dute lehiakideek», antolatzaileen arabera.
Luma aldizkariko profesionalek prestatutako jokoak egin beharko dituzte parte-hartzaileek. Eta zuzentasuna eta bizkortasuna hartuko dituzte kontuan epaileek.
Hiru atal izango ditu lehiaketak. Sailkapen proban eta finalerdian 12x12 eta 15x12 laukiko hitz gurutzatuak osatu beharko dituzte lehiakideek. Lehen probaren ondoren, aurreneko hogei lehiakideak finalerdietara igaroko dira.
Finalerdiko lau lehiakiderik onenek jokatuko dute finala. Azken proba hori panel handietan egingo dute, jendaurrean. 15x15 lauki erraldoian idatzi beharko dute parte-hartzaileek.
Lehia eta jai giroa
Lehiatzeaz gainera, ondo pasatzeko aukera izango dute larunbatean Irunen biltzen direnek. Goizeko hamarretan jarri dute ordua. Baina 10:30ean ekingo diote lehiari. 11:45ean jokatuko dute finalerdia, eta, ondoren, 13:00etatik 14:00etara bitartean jokatuko dute finala.
Behin lehia guztia bukatuta, bazkaltzeko ordua iritsiko da. Eta ondoren, sariak banatuko dituzte. Finaleko lau parte-hartzailek jasoko dute saria: irabazleak txapela eta 300 euro jasoko ditu; bigarrenak, 200 euro;hirugarrenak 100; eta laugarrenak, 50.
Arratsaldean, berriz, jai giroan jarraituko dute, eta, horretarako, bertsolariak, trikitilariak eta kantu saioa prestatu dituzte.
HITZ GURUTZATUEN TXAPELKETA
Zer. Euskal Herriko hitz gurutzatuen IV. txapelketa, bazkaria, bertsolariak, trikitilariak...
Antolatzailea. Luma aldizkaria.
Non. Irunen (Gipuzkoa). Bidasoko EKT elkartean.
Noiz. Larunbatean. 10:00etan.
ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Hitz egokien bila, jolasean
Irun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu