Asteburuko proposamenak

Astoari gorazarre Lazkaon

Enkarterriko asto ederrenak aukeratzeaz gain, Jesus, Maria eta Joseren Egiptorako ihesa antzeztuko dute

Lazkao Judea bihurtu, eta Egiptorako ihesa antzeztuko dute igandean herriko kaleetan. AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA.
Adrian Garcia.
2013ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Usadioari eutsiz, datorren igandean, Errege egunaren ondorengo igandean, Astotxo Eguna ospatuko dute Lazkaon (Gipuzkoa). Tradizio luzea du Astotxo Egunak Lazkaon. Izan ere, 1652. urtetik aitzina ospatzen dute. Kristau izaerako festa da, Belendik Egiptorako ihesa antzezten baitute herrian.

Astoak historian izan duen garrantzia erakusten dute pasarte erlijioso horren bidez; hortik Astotxo Egunaren izena. 1998. urtetik aurrera, astoari omenaldia egiten zaio egun horretan, astoaren iraupenaren egoera kaskarra iraultzeko xedez. Antsoategi kultur elkartearen ideia izan zen Astotxo Egunean plazako zuhaitz bakoitzari asto bat lotzea.

Astoen lehiaketa orain 14 urte antolatzen hasi ziren, Gisasel Gipuzkoako astozaleen elkartea sortu zenean. Igandean, XIV. Enkarterriko Astoen Lehiaketa eta Erakusketa egingo dute. Eguerdian izango da lehiaketa, eta ar eta eme ederrenei 300 euro eta zintzarria banatuko diete.

Asto erakusketaz gain, beste ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dute Lazkaon bilduko direnek. Besteak beste, egun osoan gurdi ibiltarietan ibiltzeko aukera izango dute gaztetxoenek. Horrez gain, urtarrileko hotzak uxatzeko, salda beroa banatuko dute. Musikak ere ez du hutsik egingo; trikitilari eta txistulariek alaituko dituzte Lazkaoko kaleak, eta festa giroa izango da nagusi.

Egiptorako ihesaren kale antzezpena 13:00etan egingo dute, Infantadoko dukearen jauregian. Horrela, 1652. urtean sortutako festari jarraipena emango diete. Herrigunea Judea bihurtuko dute. Herodes erregeak bi urtetik beherako ume guztiak hiltzeko agindua eman zuen Jesus jaio zelako berri eduki zuenean, bere erregetza arriskuan ikusi baitzuen. Ondorioz, Jose, Maria eta Jesus ihesean joan ziren, astotxo baten laguntzarekin. Belendik Egiptora ihes egingo du familiak igandean ere. Santa Ana komentutik abiatuta, herria zeharkatuko du Ama Birjinak astoaren gainean, Jesus haurra besoetan eta Jose aldamenean duela. Bien bitartean, Herodesen aginduetara, soldaduek herria hartuko dute. Garai hartako jantziekin eta postuekin atonduko dute herri guztia.

ASTOTXO EGUNA

Non. Lazkaon (Gipuzkoa).

Noiz. Urtarrilaren 13an, igandea.

Ordutegia. 12:00etan, Gipuzkoako XIV. Enkarterriko Astoen Lehiaketa eta Erakusketa. 13:00etan, Egiptorako ihesaren kale antzezpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.