Astuna bihurtu da bazterkeria

Bisubi fundazioak Bizkaiko 30 andre sukaldari bildu ditu Bilbon, haien lana aitortzeko eta ikusarazteko. «Gastronomiaren narratiba publikoak gizonen figurengan ipini du arreta».

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Bisubiko sukaldariak, atzo, Bilboko Malaespera txokoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Bisubiko sukaldariak, atzo, Bilboko Malaespera txokoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko martxoaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jendetzak astunagoa bihurtu du txakolin usaina, eta gaztarenak sarkorragoa dirudi kasik mugitzeko tarterik ez dagoen toki batean. Giroa itogarria da Bilboko Miribilla auzoko Malaespera txokoan. «Helburu berarekin batu gara gaur: gastronomian emakumeen presentzia ikusaraztea, hemen gaudela erakustea, beste batzuentzat erreferente izan ahal izatea, eta sukaldaritzaren ekosistemari egiten diogun ekarpena balioestea», ziurtatu dute Bisubi Bizkaiko sukaldarien fundazioko lehendakari Lara Martinek eta Uxue Landa bazkide fundatzaileetako batek. Sektorean ari diren 30 andre bildu ditu fundazioak, lagin txiki bat baino ez, eta, hala ere, gai izan dira lokal bat lepo betetzeko. Adierazpenek baino, estutasunak argiago laga die bertaratutakoei ekitaldiaren bidez adierazi gura zutena: makina bat emakume ari direla Bizkaiko gastronomian.

Bisubiren ordezkariek gogorarazi dutenez, emakumeak beti egon dira sukaldeetan, «jakintzari, errezetei eta zaintzari eusten». Aldiz, lan horrek esangura eta prestigioa irabazi dituenean, esparru publikora jauzi egin duenean, andreei ez zaie beste horrenbeste gertatu. «Gastronomiaren narratiba publikoak gizonen figurengan ipini du arreta». Sektoreko andreen sare egonkor bat sortuko duela iragarri du fundazioak. Izan ere, Martinek hizpidera ekarri duenez, emakume askori gertatu zaie sukaldeko andrazko bakarra izatea edo gutxi batzuekin topo egitea ibilbide profesionalean.

Narratibak berritu daitezke, dena den. Lau kidek osatzen dute Leioako Izarra Berria tabernako sukaldea, eta guztiak dira andrazkoak. Ez nahita erabakita, Ainara Arce buruak argitu duenez (45 urte ditu). Hala jazo da, eta horretara ohitu dira. Goizane Bilbaok (40 urte), berriz, sei profesionaleko lantalde bat gidatzen du Getxoko Atrio tabernan: lau emakume dira, eta bi gizon. Atrioko sukaldean «berdintasuna» dagoela ziurtatu du, eta bere erabakiak guztiek errespetatzen dituztela. «Tortillaren errezeta nirea da, sukaldeko erritmoa nik ezartzen dut...».

«Batzuei kostatu egiten zaie ulertzea emakumeek ere egiten ditugula horrelako lanak»

AIDA FUENTES IZA Okina

Aldatzen dira garaiak, eta aldatzen dira aldarteak, orobat, baina zauri batzuek erre egiten dute urteak pasatuagatik ere. Egoera deserosoez galdetuta, berehala topatu du pasarte bat Ainhoa Herrerok (50 urte): lanean hasi berritan, barran berarengana «gehiegi arrimatzen zen» nagusi bat izan zuen. «18 urte nituen. Isildu egin nintzen, kikilduta nengoen. Orain gertatuko balitzait, desberdina izango litzateke». Ez du egiaztatzeko abagunerik izan, «zorionez». Bilboko Cork tabernan egiten du behar orain, duela zortzi urtetik.

Kontrara, oroitzapenetan apenas egin behar izan du atzera Orozkoko Iza okindegiko Aida Fuentes Izak (42 urte) adibide desatsegin bat topatzeko. «Pasa den astean izan zen. Jatetxe bateko sukaldeko buruak galdetu zidan ea non zegoen jabea». Bikotekidearekin dagoenean maiz hari begiratzen diotela kontatu du. «Baina bera ez da jabea, ni laguntzera etortzen da. ‘Zu zara okina? Baina zer zaude, bulegoan?’ Ez, okina naiz eta gauero joaten naiz lanera, nire amak egiten zuen bezala. Batzuei kostatu egiten zaie ulertzea emakumeek ere egiten ditugula horrelako lanak». Goi sukaldaritzako jatetxeekin egiten du lan Fuentesek, baita herrikoekin ere, eta igarri du gero eta emakume gehiago ari direla lokal horien ordezkari gisara.

«Asko dago borrokatzeko»

Amarengandik jaso zuen ofizioa Fuentesek, hain justu. Hari laguntzen ibilitakoa da aspalditik, eta okindegiaren jabe bihurtu zen hura hil zenean, orain dela 15 urte. Esti Solis, ordea, kasik ezustean bilakatu zen chef. 18 urte zituela hasi zen ostalaritzan lanean, asteburuetan, Bilboko Zazpikaleetako taberna batean zerbitzari, Gizarte Lana ikasi bitartean. «Lankide oso onak izan ditut; kozinatzera animatzen ninduten, laguntzen ninduten». Urtebete aritu zen gizarte langile, eta sukaldaritza ikasteari ekin zion berehala; hiru urte daramatza lanean —30 ditu—. «Gogorra da, ordu asko dira, ez dira ordutegirik onenak bizitza sozial eta familiarrarekin uztartzeko; alde horretatik, oraindik asko dago borrokatzeko gastronomian».

Ekitaldirako prestatutako jakietako bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ekitaldirako prestatutako jakietako bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Borroka batzuk, baina, ez dautza emakumeen presentzia areagotzean. Miriam Ortiz chef integratiboak egoeraren ifrentzuari erreparatu dio: gastronomiaren arlo batzuetan, emakumeak dira gehienak, eta gizonen falta sumatzen dute. Elikadura osasuntsuaren inguruko aholkularitza eskaintzen du Ortizek. «Horretan emakumeak dira protagonista, zaintzarekin lotutako lana baita».

Jendetzak nabarmenagoa bihurtu ditu gastronomiaren ñabardurak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.