Asteburuko proposamenak

Aterpe kulturalen omenez

Liburutegien Nazioarteko Eguna izango da larunbatean. Gasteizen liburuak trukatzeko azoka bat antolatu dute, eta Donostian, liburuzainei buruzko jardunaldi bat, besteak beste.

Altsasuko liburutegia, 2024ko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Altsasuko liburutegia, 2024ko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2026ko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteko egunak ozta-ozta dira nahikoa omendu, oroitu edo aldarrikatu gura den guztiari tokia egiteko. Nazio Batuen egutegian, adibide bati erreparatzeko, Pobrezia Desagertzeko Eguna izan zen larunbatean, estatistikarena asteartean, elurretako lehoinabarrarena izango da bihar, eta Armagabetzearen Astean murgilduta daude, besteak beste. Etzi, liburutegiak izango dira protagonista. Munduko hainbat herrialdetan Liburutegien Nazioarteko Eguna da urriaren 24a, eta Hego Euskal Herrian ere oroituko dute efemeridea, makina bat jardueraren bidez.

1997an ekin zioten eguna ospatzeari. 1992an, Balkanetako gerran, Serbiako armadaren eraso baten ondorioz sute bat piztu zen Sarajevoko liburutegian, eta bi milioi ale inguru suntsitu ziren; tartean, zazpiehun eskuizkribu eta inkunable. Bost urte geroago, urriaren 24a hautatu zuten jazoera hura ez ahazteko eta leku horien garrantzia nabarmentzeko.

Baina ez dira garrantzitsuak soilik ondarea eta memoria jagoten dutelako. Txileko liburuzain Gonzalo Oyarzunek liburutegien askotariko ekarpenak aletu eta balioetsi zituen Liburutegi imajinatua. Komunitateak ereiteko lorategia obran (ALDEE, 2023; Rosetta testu zerbitzuek euskaratua). Haren irudiko, liburutegiek gizarte kohesioa errazten dute, baita komunitateko kideen gaitasunak hobetu ere, hala nola bizitza publikoan parte hartzeko. «Egoera ekonomiko hobea» lortzeko aukera ere ematen dute, liburuzainaren ustez.

Eta badira aterpe, orobat. «Espazio publikoak eta komunitarioak eskubide osoz herritar batzuek bakarrik erabil ditzaketen gune komertzialetara edo eremu digitalera mugatuz doazen heinean, liburutegia erresistentziarako leku izango da». Eta ekarpen berezia egiten diete herritar zaurgarrienei eta kanpotarrei. «Liburutegiek aukera ematen diete etorkinei jatorrizko herriekin lotura kulturalak, literarioak eta sozialak mantentzeko; era berean, herrialde berriko bizitzara moldatzeko behar duten informazioa eskura dezakete bertan».

Jardunaldiak eta opariak

Gasteizko Liburutegi Sareak liburuak trukatzeko azoka egingo du larunbatean eta igandean. Sareak milaka liburu jarriko ditu, eta herritarrek horietako bat eraman ahalko dute haiek ekarritako baten truke —lagun bakoitzak bost liburu aldatu ahalko ditu gehienez—. 2000. urtetik aurrerako liburuak baino ez dituzte onartuko. Trukeak goizez eta arratsaldez egingo dituzte —11:00etatik 13:45era larunbatean eta igandean, eta 17:30etik 20:15era bitarte ere larunbatean—, eta, horrez gain, Caoba taldearen zuzeneko musikarekin eta haurrentzako zenbait jarduerarekin jantziko dute eguna: hatz txotxongiloen eta paperezko pertsonaia artikulatuen tailerra egingo dute etzi, eta automaten ingurukoa igandean.

Getxon, berriz, Itzubaltzetako, Villamonteko eta San Nikolaseko liburutegietako erabiltzaileek ale bat eramango dute opari egun horretan, mailegu bat eginez gero. Beste herri batzuetan haurrentzako tailerrak, irakurketa klubak, ipuin kontalariak eta zozketak izango dira ostiralean eta larunbatean.

Donostian, udal liburutegi zerbitzuak, Tabakalerak eta Koldo Mitxelena kulturuneak batera ospatuko dute eguna. Larunbatean, mikrokontzertuak egingo dituzte udal liburutegietan, 12:00etan hasita. Datorren astean izango da ekitaldi nagusia. Astearterako, goiz osoko jardunaldi bat antolatu dute Tabakaleran. Profesionalen eta komunitateen arteko topaketa bat izan asmo du Batuz, trebatu egitasmoak. Hasteko, liburuzainen sektorean sare profesionalek izan beharko luketen balioaz solastatuko da Ferran Burguillos liburutegi kudeatzailea. 11:15etik 13:00etara gogoetak mamitu, eta sare horiek sortu eta indartzeko ahaleginak egingo dituzte, Joao de Sousa liburuzain eta kultur kudeatzaileak lagunduta. Eta, ondoren, ordu erdiko tartea izango dute prozesu horretan garatutako proiektuak aurkezteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA