Atzegoardian utzitako errepresioaren istorioak

Frankismo garaian emakumeek jasandako errepresioa dute hizpide Aiete kultur etxeko erakusketa batean. Andre haiek jasandako errepresioa dokumentatzea zailagoa dela kontatu du Aranzadi zientzia elkarteko Javi Buces historialariak.

'Frankismoak errepresaliatutako emakumeak' erakusketako argazki bat. JON URBE / FOKU
'Frankismoak errepresaliatutako emakumeak' erakusketako argazki bat. JON URBE / FOKU
ane insausti barandiaran
Donostia
2026ko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behartuta egindako maletak, ile mozketak, bortxaketak, erbesteratuen fitxak eta erresistentzia moduen adibideak. Horiek guztiak bildu dituzte Aiete kultur etxean (Donostia) jarri duten Frankismoak errepresaliatutako emakumeak erakusketan —irailaren 6ra arte egongo da ikusgai—. Errepresioari buruzko ibilbide bat da: XX. mendeko garai nahasietan du abiapuntua, eta frankismo amaierako emakumeen erresistentzia ere jasotzen du.

Aranzadi zientzia elkarteko historialari Javi Bucesek adierazi du xedea zein den: «Helburua izan da kontatzea nola pairatu zuten errepresio frankista emakumeek. 2023an liburu bat publikatu genuen, Gipuzkoan zer gertatu zen aztertzeko. Liburua nahiko lodia da, informazio asko dago, eta dibulgatzeko beste modu bat da hau». Ione Zuloaga da liburuaren egilea: 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua du izena.

Munduko mapa bat dago erakusketaren hasieran, eta bertan zehaztuta daude hainbat herrialdetan emakumeek lortutako eskubideak. «Hori zen egoera: XX. mendearen hasieran, emakumeak beren eskubideen alde borrokatzen hasi ziren», azaldu du Bucesek. Argazkien artean daude sufragistak jiu-jitsu entrenatzen 1907. urtean, Nazioarteko Emakumeen Lehen Biltzarra Argentinan, 1910. urtean, Emakume Arabiar Palestinarren Kongresua 1929an, eta beste hainbat.

Erakusketako argazki batzuk. JON URBE / FOKU
Erakusketako argazki batzuk. JON URBE / FOKU

Testuinguru horretan, Euskal Herriko emakumeek ere lortu zituzten aurrerapauso batzuk. Hego Euskal Herrian, esaterako, sufragio unibertsala, dibortzio legea, abortatzeko eskubidea eta instituzioetan parte hartzea lortu zituzten emakumeek, Espainiako Bigarren Errepublikaren testuinguruan. Ikusgai daude emakumeak botoa ematera animatzeko kartel bat eta lehen aldiz bozkatuko zutela dioen egunkariko orri bat. «Gero, ordea, gerra iritsi zen, eta frankismoan hori bukatu egin zen. XX. mendean, gerra arteko garaian, faxismoa iritsi zen, eta, orduan, lortu zituzten eskubide guztiak galdu zituzten», esan du.

Erakusketan ez dute 1945. urte arteko errepresioa bakarrik landu, ordea. Frankismo osoa ikertu behar dela nabarmendu du historialariak: «Frankismoa, zoritxarrez, ez zen bukatu beste faxismoak, Alemaniakoa eta Italiakoa, bukatu zirenean. Hemen, oso luzea izan zen, eta 1945. urtetik aurrera emakumeek bizi zuten egoera ere azpimarratu nahi izan dugu».

Ezkutuko borroka

Gerrak ez du emakume aurpegirik du izena Svetlana Aleksievitx kazetariaren liburuak. Eta hala geratu da iruditeria orokorrean ere: gizonak zirela gerrako lubakietan zeudenak. Baina zer rol izan zuten emakumeek 36ko gerran eta gerraostean? «Emakume batzuk gerran borrokatzen aritu ziren, miliziano, eta, beste asko, atzegoardian egon ziren. Euskal gudarostea sortu zenean Azpeitian, gizonak zeuden hor, baina atzetik zenbat emakume zeuden jangeletan, gauzak antolatzen eta abar?». Eta hori ere bada erresistentzia modu bat.

Gainera, emakumeak gerrako lehen lerroan ez egoteko beste arrazoi bat ere aipatu du historialariak: «Euskal Herrian, nazionalismoak pisu handia zeukan, eta nazionalismo hori kontserbadorea zen. Nahiz eta faxismoaren kontra aritu, ez zuten emakumerik nahi borrokan, trintxeretan, frontean... Frontean zeuden emakumeak ezkerreko mugimenduetakoak ziren».

Jazarritako emakume batzuen fitxak. JON URBE / FOKU
Jazarritako emakume batzuen fitxak. JON URBE / FOKU

Kontua da errepresio modu batzuk ez direla paperetan agertzen, zailagoa baita errepresio mota batzuk erregistratzea. «Zer gertatu zen faxistak herrietan edo baserrietan sartu zirenean? Bortxaketak... Baina hori dokumentatzeko ez dago paperik, hori testigantzen bidez bakarrik lortzen da», azaldu du Bucesek. Ondorioz, onartu du ikerketa askotan «bigarren planoan» geratu direla emakumeen istorioak.

Dena den, han izan ziren emakumeak, gerran bezala gerraostean. Eta haiek ere hartu zituzten maletak, eta pairatu zuten erbestea: 1937an, adibidez, komandante militarren aginduz, mila emakume eta haur inguru kanporatu zituzten frankistek etxetik eta herritik. Horietako asko herrian geratu eta senarra borrokan zuten emakumezkoak ziren. Balendiñe Albizuk —Zumaian (Gipuzkoa) jaiotakoa zen— 1945ean idatzitako bertsoak dira horren adibide, erakusketan irakurri daitezkeenak: «Noiz arte Jauna erbestetuta/ sakabanaturik ludian?/ Noiz pakean denok batuta/ ikusiko gera gure aberrian?...»

Errepresio moduak

Baina zer profil zuten emakume errepresaliatuek? «Gipuzkoan, barnealdean, normalean Emakume Abertzaleen Batzako kideak ziren zigortuak, nazionalistak. Eta kostaldeko herrietan edo hirietan, adibidez Donostian, eta fabrikak zeuden herri oso handietan, esaterako Irunen eta Eibarren, gehienak sozialistak edo komunistak ziren», azaldu du Bucesek.

Ez zituzten emakume militanteak soilik zapaldu, ordea. Nazional katolizismoak inposatutako «emakume berriaren» roletik aldentzen ziren emakumeak ere jazarri zitzaizkien: etxean egon behar zuten, «ama onak» izan, eremu pribatura mugatu, gizonaren mendekoa izan, eta ezkondu arte sexu harremanik ez eduki. «Hori da egunero entzuten zuten propaganda, denbora guztian. Eta hori ere errepresio mota bat da. Ez baduzu rol hori betetzen, kanpoan zaude. Emakumeen berreziketa zentroak zeuden: lesbianak, prostitutak, ama bakarrak eta abar zigortzeko».

«Zer gertatu zen faxistak herrietan edo baserrietan sartu zirenean? Bortxaketak... Baina hori dokumentatzeko ez dago paperik, hori testigantzen bidez bakarrik lortzen da»

JAVI BUCES Aranzadi zientzia elkarteko historialaria

Horregatik zigortu zituzten gerran parte hartu zuten emakume asko eta asko ere: tiorra deitzen zieten, rol hori betetzen ez zutelako. «Gerran parte hartu zuten, beraz, gerra kontseilu bat egin behar zuten, frankisten kontra borrokatu zirelako. Baina, aparte, haien iruditerian, ez zara emakume bat, zerbait arraroa baizik». Gauza bera gertatzen zen ama ezkongabeekin: ez zuten bat egiten erregimen frankistaren irudiarekin, eta horregatik jazarri zitzaizkien. Horietako batzuen fitxak irakurgai daude erakusketan.

Erresistentziaren adibideak

Dena den, badaude egoera horien aurka matxinatu ziren emakumeak. Eguneroko bizimodua aurrera atera ahal izateko, estraperloan aritu behar izan zuten hainbatek, oinarrizko produktuak erostearen truke. Beste batzuek, berriz, kartzeletako emakume eta gizonen egoera hobetzeko eta gertatzen ari zenaren berri emateko sareak sortu zituzten: Alava sarea, Ezkabako presondegiko sarea, Saturrarango sarea... «Beti egon ziren emakume erresistenteak», nabarmendu du historialariak.

Hainbat adibide jarri dituzte bistan. Bienvenida Agirrezabala Esnaola, kasurako, lagun eta harreman marxistengatik ilea moztu eta Bilbon ile mozketa erakustera ausartu zena; Clara Moran, Euskal Milizia Antifaxistetako Abanto Zierbenako Kotorrio auzoko milizianoa; Arantza Arruti, militante abertzale eta feminista; Casilda Hernaez, errebelde eta idealista, feminista eta ijitoen aldeko borrokalaria.

Maleta bat, erbesteratu baten fitxarekin. JON URBE / FOKU
Maleta bat, erbesteratu baten fitxarekin. JON URBE / FOKU

Eta 1960ko hamarkadatik aurrera, askatasun egarria kantuen, liburuen edo filmen bidez helarazten hasi ziren hainbat euskaldun ere nabarmendu dituzte. Horien artean daude Lurdes Iriondo, Maite Idirin, Estibaliz Robles-Arangiz Estitxu eta Patxika Erramuzpe. «Borroka ez da bakarrik borroka politikoa egitea kalean, baizik eta hainbat modutan egitea. Hor islatu behar da emakumeen borroka ere, ez bakarrik gizonarena».

Horiek guztiak ezagutarazteko aukera ematen du erakusketak, eta bukaeran fitxa batzuk ere ipini dituzte, erakusketarekin lotutako galdetegi batekin. Asmoa dibulgatzea baita, berriro gertatu ez dadin: «Esfortzu hori egin behar dugu, jakiteko zer zaila izan zen eskubideak irabaztea eta haiei eustea, eta zer erreza galtzea. Kontatzen ez dena, dokumentatzen ez dena, ez da existitzen. Desagertu egingo da». Irailaren 6ra arte dago erakusketa ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA