PROPOSAMENAK

Atzera begira, aurrera egiteko

1936ko gerrak Bilbon izandako eragina aztertzeko, 'Gerraostea' ibilaldia antolatu dute. Bilboko Zazpikaleetan gerrak izandako ondorioak aztertuko dituzte urrira arte

Jendea kezkaz zerura begira Bilboko kale batean, aire eraso baten esperoan. Robert Capa argazkilariaren irudia. BERRIA.
Itsaso Jauregi.
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Gerra Zibila Bilbon: Atzera Begira proiektuaren barruan laugarren ibilaldia da Gerraostea. Bertan, 1936ko gerrak Bilboko Zazpikaleetan izandako eragina ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.Irailaren 5ean hasi ziren, eta urriaren 1era arte ariko dira. Bereziki gerra amaitu ondorengo uneak izango dira bisitaldi gidatuaren ardatza; alde zaharreko kaleak zeharkatuko dituzte bisitariek, bertako eraikinek eta kaleek duten historia ezagutuz.

Bilboko kaleetako historia biltzeaz arduratzen da Ana Salas bisita gidatuen koordinatzailea; liburuetatik eta aurreko belaunaldiengandik jasotzen duen informazioa erabiltzen du gidoiak idazteko, eta, gero, ibilaldien gidei eman. «Askotan gertatzen da Bilbotik paseoan ari garela ez dakigula benetan zer gertatu den leku jakin batean, edo nola aldatu den eraikin baten erabilera», azaldu du koordinatzaileak. Memoria bizirik mantentzea da ordu eta erdiko bisiten helburua, Salaren arabera, eta lau alditan banatu dituzte.

«Pentsatu genuen ideia ona zela aroak kronologikoki banatzea, denboran bidaiatzeko aukera izateko», esan du koordinatzaileak. Lehendabiziko ibilaldian altxamendu militarra azaldu zuten, 1936ko uztailetik abendura gertatutakoa. Horretarako bisita gidatuak antolatu zituzten maiatzean Bilboko Abando auzoan, gerra hasi bezain pronto bilbotarren bizipena azaltzeko eta egoera aztertzeko. Bigarren bisita gidatuak 1937ko urtarriletik martxora izena jaso zuen, eta hiriko Santutxu auzoan antolatu ziren bisitak, ekainean; bi hilabete horietan egondako aldaketak eta gatazkak azaldu zituzten.

Hirugarren atala 1937ko apiriletik ekainera izendatu zuten, eta uztailean igo ziren Artxandako begiratokira gidariaren azalpenak entzuteko. Gerraostea da azkeneko atala, eta irailean hasi dena. Ibilaldian parte hartzeko ez da ordaindu behar eta hainbat aukera daude: astearteetan, 18:00etan; asteazken, ostegun eta ostiraletan, 11:00etan eta 18:00etan; larunbatetan, 10:30ean eta 12:30ean; igandeetan, 12:00etan. Bisita gidatuak Bilboko La Concordia geltokitik hasten dira.

Testigantzak jasotzen

Koordinatzaileak esan du bisita gidatuak historia kontatzeko modu «atsegin» eta «praktikoa» direla, begien aurrean ikus daitekeelako 1936ko gerrak hirian izandako eragina: «Batzuetan ez dakigu inguratzen gaituenaren historia, edo kaleen izenen zergatia, eta hori aldatu nahi dugu». Historia denen eskura egoteko Txio Ta Txio bideo lanak ere egin dituzte, 1936ko gerra garaian gertatutako pasadizo eta istorioak zabaltzeko.

1936ko gerraren istorioak jaso dituztenek askotan ibilaldietan parte hartzen dute, eta gidarien informazioa osatzen dute haien senideengandik jasotako kontakizunekin. Salasek esan du hori «ezinbestekoa» dela, memoria hurrengo belaunaldiekin partekatzeko: «Gogoan izan behar dugu zer gertatu zen, eta bizi izan ez dutenei kontatu egin behar zaie»

'Gerraostea' ibilaldia



Bisita gidatuak Bilboko La Concordia geltokitik abiatuko dira, irailaren 5etik urriaren 1era arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.