Asteburuko proposamenak

Aurresku onenaren bila

Euskal Herriko VII. Aurresku Txapelketa Nagusia egingo dute Hondarribian, etzi. Hamabost dantzarik parte hartuko dute Itsas Etxea auditoriumean.

Mattin Etxebeste, 2024ko Euskal Herriko VII. Aurresku Txapelketa Nagusiko irabazlea. GIPUZKOAKO EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRA
Mattin Etxebeste, 2024ko Euskal Herriko VII. Aurresku Txapelketa Nagusiko irabazlea. GIPUZKOAKO EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRA
ane insausti barandiaran
2025eko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal dantza ezaguna da aurreskua, sarri ospakizunekin eta omenaldiekin lotzen dena. Ez da hori bakarrik, ordea, Esti Iturria Gipuzkoako Dantza Biltzarreko koordinatzailearen arabera: «Aurreskua hitza entzuten dugunean, pentsatzen dugu agurrean, ezkontzetan-eta egiten den dantzan. Baina ez da hori bakarrik. Baditu beste pieza batzuk ere, eta hori da nolabait erakutsi nahi duguna». Hain zuzen, Euskal Herriko VII. Aurresku Txapelketa Nagusia egingo dute etzi, Hondarribian (Gipuzkoa).

Gipuzkoar erara egindako aurreskuen lehiaketa izango da, eta Itsas Etxea auditoriumean egingo dute, 18:00etan hasita. Izan ere, Euskal Herriko gainerako lurraldeetan pausoak edo aldaerak desberdinak dira, eta Gipuzkoako urratsekin egindako dantzak izan beharko dira lehiaketakoak. «Guretzat lehiaketa tresna bat da. Dantzariek bereziki lantzen dituzte Gipuzkoako urratsak, eta hori behar-beharrezkoa da Gipuzkoako dantza tradizionalak ahalik eta ongien mantentzeko», azaldu du.

Hiru dantza prestatu beharko dituzte dantzariek, gero horietako bi behintzat egiteko: Aurkez aurke edo desafioa eta Soinu Zaharra denek egin beharko dituzte, eta sei onenek Zortzikoa ere egin beharko dute, sari nagusia eskuratzeko. Dantzen ezaugarriak zein diren azaldu du Iturriak: «Soinu Zaharra-k egitura irregularra dauka, eta horrek esan nahi du dantzari batek Soinu Zahar bat ikasten badu ezin duela beste bat egin, egitura guztiz desberdina baita. Aurkez aurke-k, berriz, egitura finkoa du, eta hori errazagoa izan daiteke. Eta Zortzikoa-k ere bai; nik dantza bat prestatzen badut zortziko bat egiteko, dantzatu dezaket hamabost mila doinurekin».

Epaimahaikideak Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta  Nahikari Vizuete izango dira, eta, puntuak zehazterako garaian, pausoak nola egiten dituzten aztertzen dutela azaldu du Iturriak: «Batez ere kontuan hartzen dute pausoak nola egiten dituzten. Gero, noski, egitura ere begiratzen dute: progresiboa izan behar du. Ezin da pauso errazekin hasi eta bukatu. Eta, gero, erritmoa errespetatzea eskatzen da».

Lehia, elkar babestuz

Aurreskurik onenaren bila, 15 urtetik gorako hamabost dantzarik parte hartuko dute. Lehiatik harago, ordea, dantzarien arteko harremanak sortzeko aitzakia da lehiaketa. Izan ere, Iturriak esan du ikusten dituela parte hartzaileak elkar animatzen, edo irabazlea izendatzen dutenean hura besarkatzen. «Iruditzen zait lehia dela, noski, bakoitzak prestatzen baitu bere dantza ahalik eta ongien, eta denek nahi baitute haien onena eman. Baina, era berean, iruditzen zait harreman politak dituztela, eta giroa oso sanoa dela. Azken finean, zaletasun bera dute».

Lehiaketan maila «altua» izaten da, Iturriaren arabera. Esate baterako, irailean Zarautzen (Gipuzkoa) izan ziren,  Euskal Jaien egitarauko lehiaketan, eta jendea oso prestatuta ikusi zuten bertan. Hondarribiko lehiaketarako, hortaz, koska bat gorago egitea espero dute.

Era berean, harrobia «indartsu» ikusten du Gipuzkoako Dantza Biltzarreko koordinatzaileak. Izan ere, urtarrilean ligaxka bat egiten dute haurrekin, aurresku liga bat, eta aurten igo egin da parte hartzaileen kopurua: 70 haurrek parte hartuko dute. «Parte hartzea asko jaitsi zen pandemia garaian arlo askotan, eta dantzan ere bai. Orain, badirudi berriro pixka bat goraka egin dugula». Gorantz jarraitzea espero dute, transmisioa berma dadin.

Dena prest dute, hortaz, larunbateko saiorako. Lehiaketarako sarrera doakoa izango da, baina txartela hartzea beharrezkoa da. Kutxabanken plataformaren bidez har daitezke gonbidapenak, edo, bestela, egunean bertan, leihatilan. Jendea ikustera animatu du Iturriak: «Dantza maite duenak oso saio polita ikusiko du, oso saio berezia, eta maila handikoa. Polita izango da, ziur».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.