Sune abuztuaren 13an, ostegunean, eta Etzakit abuztuaren 15ean, larunbatean. Horiek dira Donostia Kulturak antolatuta aurtengo Aste Nagusian Saguesen izango diren kontzertuen artean euskarazko bakarrak. Beste talde hauek ere emango dute kontzertua Donostiako Aste Nagusian, Saguesen: Veintiuno taldeak, abuztuaren 8an, larunbatean; Nat Simons eta Aurora Beltranek, abuztuaren 9an, igandean; Sanguijuelas del Guadianak, abuztuaren 10ean, astelehenean; La Orquesta Mondragonek, abuztuaren 11n, asteartean; Malmo 040k, abuztuaren 12an, asteazkenean; eta Lia Kalik, abuztuaren 14an, ostiralean.
Gaur goizean aurkeztu dute Aste Nagusirako Saguesko egitaraua, eta aurten «dinamismoa, freskotasuna, umorea eta itzulera bat» izango direla adierazi zuen Ana Lopez Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak. 23:45ean hasiko dira kontzertu guztiak. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.
Sagueseko kontzertuak
- Veintiuno (abuztuak 8). Rock alternatiboa, indie rocka eta indie popa uztartzen ditu. Toledokoa da taldea (Espainia), 2011n sortua.
- Nat Simons eta Aurora Beltran (abuztuak 9). Rocka dute oinarri bi artistek, eta indarrak batuko dituzte. Madrildarra da Nat Simons, eta iruindarra Aurora Beltran.Â
- Sanguijuelas del Guadiana (abuztuak 10). Extremadurako taldea da (Espainia). Rocka, popa, musika elektronikoa eta runba uztartzen ditu. Iaz kaleratu zuen taldeak estudioko lehen lana.Â
- La Orquesta Mondragon (abuztuak 11). Itzulera izango da. Duela hamar urte Donostiako Plaza Berria bete zuen, taldearen 40. urteurreneko kontzertuan, eta 50. urteurrena ospatuko du aurten.Â
- Malmo 040 (abuztuak 12). Kataluniako taldea da, pop-rockaren erreferenteetako bat. Jaialdi askotan ari da sona handia lortzen.
- Sune (abuztuak 13). Trikitia eta musika elektronikoa dira Josune Arakistainen bi eskaintza nagusiak. Huntza taldeko abeslaria izan ondoren, bakarkako bidean arrakasta handia izaten ari da.Â
- Lia Kali (abuztuak 14). Kataluniako abeslariak soula, reggaea, rumba, jazza, trapa eta hip-hopa uztartuko ditu. Musika urbanoaren ikurretako bat da egun.Â
- Etzakit (abuztuak 15). Duela 23 urte amaitu zuen bere lehen ibilbidea Etzakit taldeak, baina agertokietara bueltan da Xabier Solanoren taldea.Â
Kartelean, tradizioa eta modernitatea
Paula Estevez ilustratzaile eta komiki margolari donostiarrak diseinatu du aurtengo Aste Nagusirako kartela, «ohitura, modernitatea eta koloreak uztartuta». Lehen begiratuan «denboraz kanpoko itxura izan dezan» saiatu dela azaldu du egileak berak. 1920ko eta 1950eko hamarkadetako kartel klasikoak izan ditu oinarri aurtengo kartela sortzeko, eta Aste Nagusiko ekitaldi esanguratsuetako batzuk irudikatu ditu bertan; hala nola, kanoikada, buruhandiak, zezensuzkoa, txistulariak, su festak, kirolak... «Tradizioa eta modernitatea» uztartu ditu.Â

Â