Autoa trukatuz, aurreztu

Autoa gutxiago erabiltzeko, Ukanauto zerbitzua jarri dute martxan Uribe Kostan. Hango bazkideek auto bat izango dute behar duten guztietan erabiltzeko.

Ukanautoren bidez, autoa trukatzeko kontzientzia zabaldu nahi dute. UKANAUTO.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hemendik aurrera, autoa hartu aurretik, erabiltzaileak bi aldiz pentsatuko du garraiobide hori erabiltzea beharrezkoa ote den ala ez», Antxon Goikoetxea Uribe Kostako Mankomunitateko iraunkortasun saileko arduradunaren hitzetan. Iragan astean jarri zuten martxan Bizkaiko inguru horretan Ukanauto zerbitzua, car sharing sisteman oinarrituta. Horren arabera, zerbitzuan izena eman duen pertsona orok eskuragarri dauden autoetako bat hartzeko eskubidea izango du behar duen aldiro, betiere ibilgailuak libre baldin badaude. Horregatik, zerbitzu horrekin autoaren erabilera ezinbestekoa denean bakarrik egingo dela uste du Goikoetxeak.

Etxebizitza batean bigarren ibilgailu bat egon ohi denean, auto horiek askotan badaezpadako funtzioa betetzen dutela dio Goikoetxeak, eta Ukanauto zerbitzu hori betetzera dator. Era horretan, gainera, dirua aurrezten da, urteko 2.500 euro inguru, Uribe Kostako Mankomunitateak eskainitako datuek azaltzen dutenez. «Erabiltzaileak ez dauka zergak, errebisioak, seguruak eta gainerako gehigarri horiek guztiak ordaindu beharrik», Goikoetxearen hitzetan. Autoa erreserbatzeko garaian, gainera, ordaindu beharreko zenbateko zehatza jakin ahal izango du erabiltzaileak, egingo duen bidaia zehaztu beharko baitu aldez aurretik. Kilometro bakoitzeko 0,22 euroko kuota dute autoek, eta 3 eurokoa erabilera bakoitzeko. «Bidaia are merkeagoa egiteko, ibilgailua partekatu daiteke baita ere, eta sistema honek horretarako aukera ematen du».

Car sharing sistemaren aurrekariak badira Euskal Herrian, Ataungo Sarecar kotxe elektrikoaren alokairua, esaterako. Baina Ukanauto osotasunez diru publikoaren bidez ordaindutako era horretako lehen enpresa dela azpimarratu du Goikoetxeak. Sarecar zerbitzuak, gainera, auto elektrikoen alokairua eskaintzen du, Ukanautok ez bezala. «Autoen bateriak kargatzeko sarea oraindik eskasa da, eta arazoak ekar ditzake auto elektrikoak eskainiko bagenitu. Edozein modutan, ez dugu aukera hau etorkizunerako aukeretatik baztertzen», dio.

Ukanautok zazpi auto dauzka gaur egun erreserbatzeko moduan, zazpi udalerrirentzako. Auto horietatik bost hibridoak dira, eta gainerako biak gasolinazkoak. Proiektua abiatu besterik ez da egin oraindik, baina etorkizunean auto gehiago eskaintzea aurreikusten dute Uribe Kostako Mankomunitatetik, eta zerbitzua udalerri guztietara ere zabaldu nahi dute. Izan ere, Barrikan eta Urdulizen oraindik ez daukate erreserban hartzeko autorik eskaintzeko aukerarik.

Ukanautok aste bateko ibilbidea egin du, eta oraindik balorazioa egiteko goiz bada ere, jarrera ona agertu du Goikoetxeak. «Dagoeneko hamabi bazkide lortu ditugu, era honetako esperientziak egin diren lekuetan lortu ez duten datua». Orain arte lortu duten babesa, hala ere, areagotu egin nahi dute, baina zaila dela ere onartu du Goikoetxeak. Izan ere, «gure gizartean daukagun autoaren kultura aldatzea zaila izango baita; baina, apurka, jendea kontzientziatzen joatea espero dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.