ATZEKOZ AURRERA. Veronica Vera. Aktibista feminista

«Autonomiaren hazia erein nahi dugu»

Ekuadorko Las Comadres sareko kidea da Vera; laguntza feminista ematen dute abortuan, segurua eta biolentziarik gabekoa izan dadin. Klandestinitatearen aurka eta despenalizazioaren alde daude.

JUAN MANUEL RUALES MOSQUERA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun

Egun, ustez behintzat, hiru kasutan aborta daiteke legez Ekuadorren: andrearen bizitza edo osasuna arriskuan dagoenean, fetua bideraezina denean eta bortxaketa bat izan denean. Testuinguru horretan egiten du lan Las Comadres sareak, abortuak seguruak izan daitezen laguntzen; sare horretako kideetako bat da Veronica Vera aktibista feminista (Quito, 1989). Gasteizko Herri Handi zikloan parte hartu berri du.

 

Laguntza feminista ematen duzue. Zertarako?

Lehen apustua izan da abortu seguruari buruzko informazioa emakumeen eskura jartzea, daukagun ezagutza zabaltzea, eta komunean jartzea. Eta baita gorputzak presente egotea ere, laguntzailearena zein lagundua denarena, aurrez aurre egoteko, entzuteko eta elkarrekin behar horri irtenbiderik egokiena bilatzeko.

Nola funtzionatzen duzue?

Las Comadres sare feminista 2014tik ari da lanean, eta hainbat dira gure helburu politikoak; laguntza hori emateaz gain, erdietsi nahi duguna da autonomiaren hazia ereitea, andrearena. Are, mediku hegemonia formaletatik harago, historikoki kendu diren ezagutzak ere berreskuratu nahi ditugu, abortu segurua hizpide.

Bide horretan, zer-nolako garrantzia du feminismoak?

Gakoa da, Latinoamerikako eta zehazki Ekuadorko legeak murriztaileak direlako, eta andreen erabakiak kriminalizatzen direlako. Laguntzak, gainera, abortua segurua eta librea izateaz gain, bermatzen du beldurrik edo estigmarik gabea izatea, indarkeria mota guztietatik askea. Ez du kausarik galdetzen.

Horretarako, abortuaren aurretik, tartean eta ostean aritzen zarete.

Bai, funtsezkoa iruditzen zaigu, tarte horietan guztietan izan ditzaketelako kezkak, galderak edota beldurrak. Horretarako, herrialdeko hainbat hiritan gaude, eta telefono bat dugu abortatu nahi duten horien eskura. Berrogei lagun inguru gabiltza, baina haziz doa.

Zaintza kolektiboa al da?

Abortuaren praktika pertsonala da, baina momentu horretan laguntza feminista ematea zaintza kolektiboa da. Erdigunean jartzen dugu, sare gisa lagunduz, eta zentroan dago ere laguntza jasotzen ari denaren zainketa. Laguntzaileen eta lagunduen arteko konfiantzazko boto bat da, eta hori estrategia indartsua da gizarte eraldaketarako.

Halakorik gabe ez litzateke segurua izango?

Laguntza behar da, ospitale batera joate hutsak ez baitu ziurtatzen abortua segurua izango denik, biolentziarik gabekoa eta zaindua.

Erresistentzian zaudete.

Erresistentzian gaude, bai, lehenik, klandestinitateari aurre egiteagatik. Herrialdeko egitasmoak murriztaileak dira, ezkutuak, itzalekoak, baina guk uko egiten diogu horri, gure aurpegiak jarrita, gure lanaz publikoki hitz eginda... Klandestinitatearen aurka gaude. Sistemak berak ere dio abortua ezin dela aipatu, baina ezkututik atera behar da.

Hor dago despenalizazioaren aldeko jarrera ere.

Gure bideak, erresistentzia horrek dakar jarrera hori. Legeak ez du aurreikusten andreek abortatzea, baizik eta abortatzea baina segurtasunik gabeko egoeretan. Hori aldatu nahi dugu; legeei, erakundeei, kriminalizazioari aurre egin zainketatik, afektutik eta sare hauetatik.

Izan ere, legeak berak ezartzen ditu trabak...

Horixe. Bortxaketen kasuan, adibidez, hamabi asteko epea ezarri berri dute, oso murriztailea, eta, gainera, salaketa jartzea eta deklarazio judiziala egitea dira baldintzetako batzuk. Legeek eskubide bat bermatu nahi dute, baina, aldi berean, oztopoak jartzen dituzte.

Zer aurreikus daiteke?

Ez gaude ados legeak dioenarekin, baina laguntzen jarraituko dugu. Hori egin ezean, andreek klandestinitateari aurre egingo diote aurrerantzean ere, inolako zainketarik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.