Marrazkigilea

Gisele Arbouet 'Gisarb': «Auzi saioak ilustratzen ditut, ez dut maisulanik egiten»

2018an hasi zen Gisele Arbouet 'Gisarb' Baionako auzitegiko saioak marrazten. Ehunka krokis egin ditu, eta haietariko batzuk ikusgai daude auzitegi sarreran bihar artio. Egunerokoan oinarritu auziak interesatzen zaizkio: «Horiek marraztu nahi ditut».

Gisele Arbouet 'Gisarb' marrazkigilea, Baionako auzitegian, urriaren 13an. NATHALIE GUIRONNET
Gisele Arbouet 'Gisarb' marrazkigilea, Baionako auzitegian, urriaren 13an. NATHALIE GUIRONNET
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harat-honatak ez dira eskas Baionako auzitegi barnean. Abokatuak, uxerrak eta auzipetuak pasabideetatik auzi geletara sartu eta atera dabiltza, baina badira anitz mugitzen ez diren pertsona batzuk ere. Sartzeko segurtasuneko langileak eta pareko leihatilako langileak estatiko daude. Eta, hain zuzen ere, bi leku horien artean kokatu dute Gisele Arbouet Gisarb (Angelu, Lapurdi, 1950) marrazkigilearen erakusketa. Auzitegian iragan auzialdien 90 krokis inguru ageri dira, eta bihar artio ikusgai egonen dira.

Hirurogei koadro eta 90 krokis. Badu urte zenbaitzuk ari zarela auzi saioen marrazten.

2018an hasi nintzen Baionako auzialdien krokisak egiten. Egia erran, garai hartan migratzaile franko pasatu zituzten Irundik Hendaiara, eta afera horiek auzitara eraman zituzten. Horren karietara, berriki migranteak Korrika denboran pasatu zituzteneko auziak ere markatu ninduen. Eta, auzialdi berrienetan, Kanboko auzapeza pusatua izan zeneko saioa ere ilustratu dut.

Auzipetuen izenak ez dira ageri, eta gehienbat abokatuenak eman ohi dituzu. 

Hala da. Helburua da marrazkia ikusten duenak auzialdiaren gaia uler dezan. Baionako San Izpiritu auzoan gertatu zen garabi istripuaren auzia ilustratzeko, adibidez, istripuaren krokisa eman dut, jendeak ontsa uler dezan zer gertatu zen, baina ez dut auzipetuen izen osorik ematen, helburua ez baita hori. Bertzalde, marrazkien ondoan ilustratu auziaz atera den prentsako artikulu bat eman ohi dut. 

Gehienbat auzi denboran marrazten duzu. Astia duzuia krokisak finitzeko?

Auzi saioak ilustratzen ditut, ez dut maisulanik egiten, eta, gainera, auzi aski laburrak dira Baionan. Batzuetan gertatzen zait Pauera joatea krimen auzitegira, eta han bortz egun irautea auzialdiak; beraz, halakoetan, detaileak emateko denbora badut. Kasu batzuetan kexa naiteke auzi saioan noizbait, eta bakarrik marra lodiak egiten ditut pertsonaiak sinpleki adierazteko. Oro har, irudi bakarrean auzipetuak, auzi idazkaria, prokuradorea, epailea eta abokatuak ematen ditut. 

«Kasu batzuetan kexa naiteke auzi saioan noizbait, eta bakarrik marra lodiak egiten ditut pertsonaiak sinpleki adierazteko. Oro har, irudi bakarrean auzipetuak, auzi idazkaria, prokuradorea, epailea eta abokatuak ematen ditut»

Apaindura edo detaile aski guti ematen dituzu. 

Ez dut aterik egiten, eta ez dut altzaririk marrazten, ez baitut astirik. Pertsonaietan baizik ez naiz kontzentratzen. 

Zer teknika baliatzen duzu? 

Arkatza eta goma. Lehenik horiekin egiten dut marrazki orokorra, eta, akuarela baldin badut ondoan, koloreak gehitzen dizkiot krokisari. Prokuradorearen azpian kokatzen naiz usu, eta bortxaz momentu batez auzipetuari galderak eginen dizkio, eta hark burua itzuliko du. Eszena horri esker, auzi saioaren osotasuna lor dezaket.

Zein kasuk zaitu gehien markatu?

Afera gogorrenak krimen auzitegikoak izaten dira. Oroitzen naiz Uztaritzen hil zuten haurdun zegoen erizain baten kasuaz. Lau oren iraun zuen auziak. Bertzalde, Parisera joateko xantza ukan nuen Bataclaneko auzia segitzeko. Emazte baten lekukotasuna heldu zait burura hori aipatzean. Kontzertu gelan zegoen haren senarra, eta auzi hartan esplikatu zuen nola egin zuen senarraren gorpua berriz atzemateko eta identifikatzeko. Aski bortitza zen. Baina gizarte segurantzari iruzur egiten dieten aferek eragiten didate niri kexa gehien. Badugu xantza guti gorabehera funtzionatzen duen sistema bat ukaitea, eta lotsagarria iruditzen zait sistema horri iruzur egitea. Lekuko medikuak, erizainak eta farmazialariak dira auzipetu gehienak kasu horietan, eta gisa horretako franko pasatu dira Baionako auzitegitik.

Jendeak zer iritzi du zure marrazkiez? 

Ene hurbileko franko jin dira erakusketa ikustera, eta preziatu dutela uste dut. Horrelako krokisak auzitegiaz kanpoko leku batean erakusteko biziki zaila zait. Errate baterako, Baionako turismo bulegora joan nintzen duela egun batzuk erakusketa bat antola zezaketen galdeginez, baina erran zidaten egiten nuena ez zela aski turistikoa.

Zer nahi duzu transmititu krokis hauekin?

Baionako auzitegian gauza anitz gertatzen direla. Garai batez auzitegia Pauen eman nahi zuten, baina eguneroko gertakizunez osatu auzialdiak gertatzen dira hemen, eta horiek marraztu nahi ditut.

LOTSABAKO

Hemen ez dauden bertze krokis guziekin zer eginen duzu?
Liburu bat egin nahi nuke.

Eta horiek erakusteko leku gogokorik baduzu? 
Lekua bortz axola zait, ene krokisak erakusteko gogoa duen norbait behar nuke.  

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA