Jaiak. Arrosadia (Iruñea)

Auzokide guztiak biltzeko bestak

Gaur hasi eta igandera arte iraungo dute Iruñeko Arrosadia auzoko bestek.Auzoaren alde lan egin dutenek botako dute txupinazoa

Musika talde anitzek joko dute Arrosadian. BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ekainarekin batera ailegatu dira Iruñeko Arrosadia auzoko bestak. Gaur hasiko badira ere, bihar botako dute besten hasierako suziria, eta igandera arte hainbat jarduera antolatu ditu auzoko jai batzordeak. Auzoaren alde lan egin dutenei esker ona adierazteko, Arrosadia Bizirik elkarteak eta Jose Luis Diaz Monrealek botako dute suziria bihar 20:00etan, Galle plazan. Han izanen dira jarduera gehienak, jaigunea bertan muntatu baitute.

Nabarmentzekoa da auzotar guziak batzeko egiten ari diren ahalegina. Arrosadia Bizirik elkartearen barnean, adibidez, auzoko hainbat denda elkartu dira auzoa biziberritu nahian. Oihana Huerta jai batzordeko kideak azaldu duenez, talde hori «berezia» da auzoarentzat. «Auzoa irekitzen ari da, eta kaleko errealitatea pluralagoa da». Horregatik, elkartearen lana goraipatu nahi izan dute.

Auzoa batzeko lanean, garrantzitsua izan da haur eskola zaharrean sortu duten bilgunea. Udalak ikasturte honetan utzitako lokala da. «Lokal hori auzoarentzat irekita dagoenez, arraza guzietako auzokideak etortzen dira. Garrantzitsua da, orain arte ez genuelako toki bat denak bildu eta elkar ezagutzeko», esan du jai batzordeko kideak. Urte osoan ez ezik, bestetan ere toki garrantzitsua izanen da; jaigunearen parean dago, gainera. «Gauza asko eginen dira hor, ikusteko zein garrantzitsua den auzoarentzat».

Lokal hura izanen da besten berritasunetako bat, eta baita larunbat arratsaldean bertan eginen den apar besta ere. Gainera, behingoagatik eguraldi ona izanen dela gogorarazi du Huertak, azkenengo urteetan euria eta hotza izan baitira. «Aurten euririk eginen ez duenez, apar besta antolatu dugu, ohitura ez galtzeko», esan du, txantxetan.

Horrekin batera, haurrentzako jarduera anitz izanen da egun guzietan: puzgarriak, puxika tolesa, zezentxo gurpildunak, jolasak... Jai batzordean gurasoak egoteak zerikusirik izanen zuen, baina haurrek ere gozatzea nahi dute. Baita beste helburu batzuetarako ere: «Gure auzoan haur asko dago, eta arraza askotakoak dira, baina bakoitza bere taldean biltzen da, eta jaiak aproposak dira umeen arteko harremanak bultzatzeko».

Musika eta jana

Gainerakoan, gazteek ere izanen dute zerekin gozatu. «Gazteek antolatzen dituzte gaueko jarduerak. Haien asmoa talde ezagun bat ekartzea izaten da, baina, auzo xumea izanda, aurten bertako taldeak aukeratu dituzte», azaldu du Huertak. Hala, egunero izanen dira kontzertuak, baita igandean ere.

Bestalde, larunbatean kalderete txapelketa eginen dute, eguraldia lagun. Gaur kontzertuak izanen dira, eta bihar, musikaz gainera, auzoko dantza plazaratuko dute: Arrosadiko ttunttuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.