Sanferminak. Zazpigarren entzierroa

Azkarra eta beldurgarria

Herenegungo marka hautsi, eta orain arteko entzierrorik azkarrena eta historiako bizienetan bigarrena egin dute zezenek'Resiston' zezenak eroriko asko eragin ditu, eta zazpi lagun eraman dituzte erietxera

Resiston zezena bakarrik ibili zen ibilbidearen zati batean, eta zortzi lasterkari harrapatu zituen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Motza eta beldurgarria izan zen El Pilar ganadutegiko zezenek atzo egindako entzierroa. Arriskua eta zirrara ez ziren falta izan. Adardunen abaila hain izan zen azkarra, ezen eroriko franko egon baitziren. Hori dela eta, zazpi lagun eraman zituzten erietxera, guztiak kolpeekin. Resiston gaztaina koloreko zezenak aurrea hartu zion taldeari Estafeta kalearen hasieran. Harrezkero, bakarrik joan zen plazaraino, bidean ikara eta arrisku handia eraginez. Aurrean harrapatu zituen lasterkari guztiek lurrean bukatu zuten, baina, zorionez, ez zuen inor adarkatu.

Herenegungo marka hautsi, eta orain arteko entzierrorik azkarrena burutu zuten El Pilar ganadutegiko sei zezenek: bi minutu eta hamaika segundoan eginak zituzten entzierroko ibilbidearen 850 metro eskasak. Hirugarren aldia zuten sanferminetan El Pilarreko adardunek, eta lasterkariek sekula baino erneago eta biziago egin behar izan zuten lasterka.

Salamancako (Espainia) ganadutegiko adardunak baturik eta joaldunak aurrean zituztela atera ziren Gaseko eskortatik. Santo Domingoko aldapa elkarturik igo zuen sailak. Erritmo bizi-bizia zeramaten animaliek, eta Udaletxe plazara iritsi zirenerako bi zezen beltzek hartu zuten taldearen gidaritza. Adardunak baturik iritsi ziren Mercaderes eta Estafeta kaleak batzen dituen bihurguneraino. Adardunek arazorik gabe iragan zuten bihurgunea, eta ez zuten hesiarekin talka egin. Estafetaren hasieran gaztaina koloreko zezenak aurrea hartu zien bere anaiei eta joaldunei. Tximista baino azkarrago, sekulako abiaduran Estafeta kalean gora joan zen.

Kendu bidetik, bestela...

Lasterkariak adarkatu ez beste guztia egin zuen Resiston gaztaina koloreko zezenak. 635 kiloko animalia pisutsu eta bizkorrakbere aurrean jartzen zen edonor kenarazi zuen bidetik. Ez alferrik, orduko 23 kilometroko abiadura zeraman. Estafeta kalearen hasieran banatu zen taldetik, eta hogeita hamar bat metroren aldea hartu zien beste adardunei. Handik aurrera, eta zezen plazara iritsi arte, bakarrik egin zuen bidea. Bide tarte horretan, maiz, ezker-eskuin begiratuz, izua eragin zuen. Zortzi lasterkari, bata bestearen atzetik, harrapatu, jo eta hankaperatu zituen. Azkena, Telefonicako zatian, gainera, airean ibili ondoren lurrera bota zuen.

Zezen plazara bakarrik sartu zen Resiston. Itzultzeko keinua ere egin zuen, baina atzetik heldu zen taldeak harrapatu zuen, eta plazako ukuilura sartu zen.

Zazpi zauritu arin

Adarkaturik izan ez zen arren, kolpatu franko izan zen. Entzierroaren ondotik zazpi lasterkari eraman behar izan zituzten erietxeetara, arin zaurituta. Guztiak traumatismoekin eta kolpeak hartuta eraman zituzten. Santo Domingoko aldapan bi lagun zauritu ziren. J.G.R. 44 urteko nafarrak ezkerreko belaunean kolpea du. C.V.B. 56 urteko espainiarrak, berriz, kolpea du eskuan, eta kopetan ebakia. Mercaderesen beste bi lagun zauritu ziren, biak ere estatubatuarrak: J.T. 28 urteko gazteak eskuineko izterrean kolpea du, eta D.M. 31 urteko gizonak lokadura du bizkarrean.

Telefonicako zatitik beste estatubatuar bat eraman zuten erietxera, 20 urteko C.H. Kokotsean ebakia du, eta kolpea bizkarrean.

Estafetan, berriz, bi lagunek min hartu zuten. Lehena, 27 urteko J.B. frantziarra. Garezurrean traumatismoa du. Bigarrena, berriz, 24 urteko B.C.C. espainiarra. Traumatismoa du garezurrean, eta kolpea eskuineko besoan.Biak ala biak Nafarroako Ospitalean daude, behaketan.

Gainontzekoek atzo jaso zuten senda-agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.