Azken egunak, etxekoentzat

Asteburuan jendetzak hartu du Iruñea, baina sanferminetako azken txanpan herritarrak izanen dira bestako protagonistaLehen egunetan hotelak beteta egon eta gero, behera egin du jada bisitari kopuruak

Igandean 150 autobus inguru atera ziren Iruñeko autobus geltokitik, bertzeak bertze, Gasteizera eta Bilbora bidean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Edurne Elizondo - Joxerra Senar
Iruñea
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Asteburuarekin batera, nabarmen egin zuen gora Iruñera etorritako bisitarien kopuruak, baina hasi berri den asteak lasaitasuna ekarri du Nafarroako hiriburuko karriketara. Bisitari gehienek igandean utzi zuten hiria, eta, sanferminetako azken txanpan, etxekoak bilakatu dira bestako protagonista.

Joan den ostiralean hasi zen asteburuko uholdea. Autobus geltokian, adibidez, sumatu zen gora egin zuela Iruñera ailegatzen ziren ibilgailuen kopuruak. Larunbata ere joan-etorri handiko eguna izan zen bertan. Astegunetan lan egiten dutenek larunbata baino ez dute izaten aukera sanferminetako giroan murgiltzeko, eta, ondorioz, profitatu egiten dute. Etxekoek ederki dakite hori, eta bisitarien kopuruak larunbatean nabarmen gora egiten duenez, anitzek atseden hartzeko probesten dute asteburua, bestetako azken egunetarako indarberritzeko asmoz. Hala eta guztiz ere, etxean gelditzen direnak baino gehiago izaten dira Iruñera etortzen direnak, eta, ondorioz, karriketan agerikoa izaten da jende uholdearen arrastoa.

Iruñeko kontsignetan nabaritu da asteburuko jendetza. Autobus geltokikoan, adibidez, Felipe Correa aritzen da lanean. Atzo eguerdian, lasai zegoen. Apalak ere hutsik zeuden. Asteburuko lanarekin ere ongi moldatu dela azpimarratu zuen. «Pixka bat bertzerik ez da sumatu asteburuko bidaiarien joan-etorria». Eguneko bost euro kobratzen dute. Correaren hitzetan, jende gehienak egun baterako baino ez du uzten bizkar zorroa edo maleta.

Iñaki Andia eta Pablo Iriarte San Frantzisko plazako eskolako kontsignan aritzen dira lanean. Asteburuan ia beteta egon dela azaldu zuten atzo. Kontsigna horretara, batez ere, Ameriketako Estatu Batuetako eta Mexikoko bisitariek jotzen dutela erran zuten.

Hoteletan, %80 beteta

Entzierroetan hagitz nabarmena izaten da asteburuan bisitarien kopuruaren gorakadak izaten duen eragina. Karrikako giroan ere bai. Bai eta hoteletan ere. Uztailaren 6tik igandera bitarte ia beteta egon dira Iruñeko guztiak; igandeaz geroztik, berriz, dagoen tokiaren %80 inguru baino ez dago hartuta.

Igandean utzi zuten astebururako etorritako bisitari gehienek Nafarroako hiriburua. Autobus geltokitik, adibidez, Burundesaren 90 ibilgailu atera ziren Gasteizera, Irunera, Bilbora eta Zarautzera bidean. Eta bertze hogei inguru Lesaka aldera. Enpresa bakar batek, beraz, 5.000 bisitari inguru atera zituen igandean Iruñetik. Denera, 150 autobusetik goiti atera ziren igandean Iruñeko autobus geltokitik. Kontuan hartu behar da trenez etorri zirela bertze anitz, bai eta autoz ere.

Asteburuko bisitaririk gabe, nabarmen lasaitu dira Iruñeko karrikak. Garbitzaileek ere eskertuko dute jende gutxiago ibiltzea. Orain arte, tona erdi zabor jaso dute. Asteburuko egunak izaten dira haientzat ere bestetako gogorrenak.

Ostegun gauerdira arte bestaz gozatzeko aukera bada oraindik Iruñean. Sanferminak oraindik ez dira amaitu, eta etxekoek izanen dute orain bestetako giroan erabat murgiltzeko aukera. Iruindarrek eskertuko dute karrikan eta tabernetan lasaiago ibiltzeko izanen duten aukera.

Nekeari aurre egitea izanen da etxekoen erronka nagusia, azken txanpan bestaren erritmoari eutsi ahal izateko. Azken egunak bertakoentzat izaten baitira. Besta, etxekoentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.