'Udako proposamenak'

Aztarna beltza Gasteizen

Aztarna Beltza musika jaialdia eginen dute bihartik igandera arte, Gasteizko Buruileria plazan. Ekitaldiak musika beltza, jasangarritasuna eta bertako produktuak edukiko ditu ardatz.

Aztarna Beltza jaialdiko kontzertu bat, iaz, Gasteizen. AZTARNA BELTZA
Aztarna Beltza jaialdiko kontzertu bat, iaz, Gasteizen. AZTARNA BELTZA
2025eko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zikintzea ez da beti deskuidu kontua, batzuetan nahita egina izaten da. Gasteiz belztear dago, baina ez pinturaz ez lokatzez, musika beltzaz baizik. Orban hori ikusezina da, ez da garbitzen, eta ez da ahazten. Sentitu, bizi eta dantzatu eginen da Aztarna Beltza jaialdian. Bihartik abuztuaren 3ra arte eginen dute, Gasteizko Buruileria plazan.

Musika afro-amerikarrak izandako eragina azpimarratzeko asmoarekin hasi zuten bidea, 2019an, eta zazpi urte daramatzate hiriburuko kaleetan arrastoa uzten. Zuriñe Grisaleña antolatzaileak erran du hasieran «intimoagoa» zela, baina urteak aitzinera joan ahala garrantzia hartu duela: «Nahiko ezaguna da Gasteizen, eta aurten egun bat gehitu diogu, laugarrena».

Beste berrikuntza batzuk ere badira. Izan ere, Martin Ttipia plazatik Buruileriarat salto egin dute aurten. «Agertoki historiko paregabea da, leku gardenagoa eta irisgarriagoa baita», azaldu du Grisaleñak. «Luzarorako etorri» direlakoan dago, beraz.

Jaialdiari hasiera emateko, «aperitibo musikal» bat eginen dute bihar, 19:30ean, Falerina terrazan. Bertan June Molina gasteiztarra igoko da oholtzarat, gitarraz lagunduta.

Abuztuaren 1ean, 12:30ean, kalejira bat eginen dute hiriko kaleak alaitzeko. Arratsaldean, berriz, Xarma DJak motorrak berotuko ditu, 17:00etan hasita. Ondotik, 20:00etan, Asier Crespok, A.C. The Band taldearekin, latin, soul eta blues erritmoak nahastuko ditu. 20:00etan, Noa & The Hell Drinkersen txanda izanen da: rock, soul, eta gospel koktel bat taularatuko dute.

Hilaren 2an, Buruileria Txiflers artistaren konpasean taupaka arituko da. Erritmo berean dantzatu nahi duenak 12:00etan eta 20:00etan edukiko du aukera. 18:00etan, Jhana Beatek hartuko du lekukoa. «Orkestra emakumea» dela erran du Grisaleñak; beat boxa, gitarra eta ahotsa. Egunari akabera emateko, Cocacola & Mentosek freestyleko eta hip-hopeko emankizun bat taularatuko du.

Igandean, bi kontzertu egonen dira goiz partean: Nat Kat biniloak paratzera igoko da eguerdian, eta Joyful Gospel Choir abesbatza arituko da 13:00etan.

«Groovaloovas taldeko kide batzuek etxea galdu zuten uholdeetan, eta presentzia eman nahi diegu musikaren bidez»

ZURIÑE GRISALEÑAAntolakuntzako kidea

Horrez gain, Valentziako (Herrialde Katalanak) tanta hotza pairatu zutenei «ahotsa» eman nahi izan dietela adierazi du Grisaleñak: «Groovaloovas taldeko kide batzuek etxea galdu zuten uholdeetan, eta presentzia eman nahi diegu musikaren bidez». 18:00etan arituko dira valentziarrak, hain zuzen. 

Gainera, Los Chocolatinos proiektu afrolatinoarekin kolaboratu dute, helburuetako bat «komunitateen integrazio kulturala» baita. «Musikariak kolonbiarrak, kubatarrak eta espainiarrak dira, eta musika latinoa ekarriko dute 20:00etan», azaldu du Grisaleñak. Amaitzeko, Aurora & The Betrayersek eginen dute itxiera ekitaldia, igandean, 22:00etan.  

Aztarna soziala

Hiru zutabe ditu jaialdiak: musika beltza, jasangarritasuna eta tokiko azoka. Propaganda kartel gutxiago egin dituzte, eta dekorazioa guztiz birziklagarriak diren materialetatik abiatuta egin dute, erraterako. 

Azokari dagokionez, Arabarekin duten atxikimendua azpimarratuko dute tokiko gastronomiaren eta artisautzaren bidez. Horrela, antolatzaileak azaldu du aurten garrantzi «berezia» emanen diotela ehungintzari, Gasteizko emakumeek plaza horretan zutik paratu zuten artea eta ofizioa omentzeko.

Bertze behin, Precious Plastic tailerra eginen dute, plastikozko botilei beste bizialdi bat emateko, adin guztientzako modukoak. Horrez gain, Latabalka karabanan,aukera izanen dute  argazkiak XIX. mendean egiten ziren bezala egiteko. Arantza Codero ipuin kontalaria ere bertan izanen da etzi, 12:00etan, Santa Maria plazan.

Bertzalde, jaialdia hirigunetik «deszentralizatu» nahiko lukete: «Irailean edizio berezia egingo dugu Murgian [Araba], bertako eztiari garrantzia emanez, eta etorkizunean herri gehiagotara joateko asmoa dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.