Asteburuko proposamenak

Babarrunak, baratzetik azokara

Tolosa. Gaurtik hasita igandera bitartean, Babarrunaren Astea egingo dute, ohiko azoka eta lehiaketekin

Larunbat goizean egingo dute Tolosan azoka berezia. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Tolosako Babarrunaren Ekoizleen lehiaketa, azoka berezia eta lehiaketa gastronomikoa izango dira, ziurrenik, Tolosako Babarrunaren Astearen ekitaldirik ezagunenak, baina ez bakarrak. Egun handiak larunbata eta igandea izango diren arren, gainontzekoetan ere bada zer ikusi eta dastatu Tolosan.

Tolosa&Co tabernari elkarteak antolatuta, pintxo lehiaketak gaur emango dio hasiera Tolosako Babarrun Asteari. Bihar, berriz, aurkezpena egingo du Babarrunaren Kofradiak Donostiako Londres hotelean, eta, horren ostean, bazkaria egingo dute.

Larunbatean, goizean goizetik hasiko dira Tolosako ekoizleen babarrun alerik onena bilatzen.Triangulo plazan izango da, 07:30ean —azoka berezia ere leku berean irekiko dute, beranduago—. Eguerdian, sari banaketaren ostean, ale irabazlearen lakari bat enkantean jarriko dute, eta hortik ateratzen duten diruarekin Maliko eskola bat finantzatuko dute. Horrez gain, irabazleen alea prestatuko dute igandeko lehiaketa gastronomikoan parte hartzen dutenek.

Igandeko lehiaketa Triangulo plazan izango da, 08:00etan, eta herri bazkaria, berriz, Zerkausian egingo dute, 14:30ean. Sari-banaketa bazkalostean izango da, 16:30ean.

Babarrun asteaz gain, bihartik igandera bitartean eskulangintza azoka ere ikusgai egongo da San Frantzisko pasealekuan, eta bihartik hasita azaroaren 25era bitartean, liburu azoka egongo da, leku berean.

Kalitatezko uzta, baina urria

Mari Karmen Iradi Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkarteko lehendakariak esan duenez, uste baino uzta txikiagoa izan dute aurten: «Ez dugu urte oso borobila izan: ahal izan duguna egin dugu, baina eguraldia gure gainetik dago, eta ikusiko dugu ea denboraldi hau nola eramaten dugun aurrera». Nolanahi ere, orain artean jasotako uzta «kalitate onekoa» dela azpimarratu du; oraindik ez da bukatu uzta biltzea, euria berandu egin duenez uzta bera ere atzeratu delako.

Tolosako alkate Ibai Iriartek, Iradik bezala, jendeari Tolosara joateko gonbita egin dio: «Tolosaldeko azokarik garrantzitsuena da guretzat Babarrun Astekoa. Eskualdeko nekazariak jaisten dira, bertako produktua zuzenean saltzeko kontsumitzaileari. Asteburu polita izango da, eguraldiak lagundu zein ez».

BABARRUNAREN ASTEA

Non. Tolosan (Gipuzkoa).

Noiz. Gaurtik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.