Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak

Babarrunak eta Errioxako ardoa

Gastronomia eta ardo dastatzaileen txapelketa egin zen atzo Gasteizen; Biznietos de Celedon kuadrilla nagusitu zen

Gasteiz
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Gastronomia lehiaketa eta Arabako Errioxako ardoaren dastatzaileen kiniela izan ziren atzo Gasteizko Plaza Berrian. Bereziak kuadrillak antolatuta, hamairu kuadrillak sukaldaritzarako daukaten trebezia erakutsi zuten. Plater eta pintxo bana prestatu behar izan zuten parte hartzaileek. Baldintza moduan, lehen plater hori arabako babarrun pikartarekin osatu behar izan zuten. Pintxoak, ostera, lurraldeko osagai ezberdinekin osatu behar izan zituzten. Horretarako, lehiaketa babesten zuten elikagai enpresen produktuak egon ziren eskuragarri, gulak adibidez.

Hiru ordu inguru izan zituzten parte hartzaileek euren platerak prestatzeko. Azkenean, apur bat atzeratu ziren, hiru ordu luze. Izan ere, kuadrilla batzuek denbora nahikoa izan zuten bi ordu eta erdirekin, eta epaimahaiak haien pintxoa dastatzerako hoztuta egongo zela nabarmendu zuten.

Horixe gertatu zitzaien Hegotarrak kuadrillakoei. Odolki eta babarrun brik bat prestatzen «saiatu» ziren talde horretako Alvaro eta Koldo, piper gorri eta berdeen kremarekin. Izan ere, Alvarok azaldu zuenez, «gero bukaeran ateratzen dena…» batek daki zer izan daitekeen. Sukaldaritza ez dela zientzia zehatza ohartarazi zuen gasteiztarrak. Batez ere, prestatzerako orduan «odolean daukazun alkohol mailak» eragiten duela argitu zuen Hegotarrak taldekoak, «eta gero alkohol horrekin gara dezakezun maila artistikoak», gehitu zuen. 80 zentimoren truke, kuadrilla bakoitzak prestatutako pintxoak dastatzeko aukera egon zen. Jendeen bistara zeuden pintxoak prestatzeko mahai gehienetan nagusitzen zen janari anabasak, ordea, ez zuen horretara gonbidatzen. «Ni, behintzat, ez nintzateke ausartuko», aitortu zuen Alvarok; «dena den, ospitalea hurbil dago hemendik», gehitu zuen, inguruan zituen andreen barreak eraginez.

Era guztietako platerak ikusi ahal izan ziren lehiaketan. Babarrunak era ezberdinetan prestatzeko errezetak. Zoroak kuadrillaren indabaz betetako piperrak odolki saltsarekin, adibidez. Edo Belakiak taldearen babarrun kremazko kopa, txurro eta guzti. Errezeta landuagoak ere aurki zitezkeen lehiaketan: Okerrak kuadrillarena bezalakoa, babarrun, odolki eta patata frijitu eta porruekin; bukatzeko, indabazko gelatina bat gehitu zioten. Barrez aitortu zuten lehenengo aldia zela prestatzen zutena eta zertxobait motel zegoela. Horrek ez zien gogoa kendu: «Irtenbidea dauka».

Irudimena nagusi

Galtzagorrikoak Txupinazoa izenarekin bataiatu zuten postre batekin ausartu ziren. Esne gain, azukre eta gelatinazko babarrun flana prestatu zuten lotsagabeki. Urtero plater ezberdina prestatzen du kuadrilla horrek, eta joan den urtekoarekin hirugarren gelditu ziren.

Irudimena ere hartu nahi izan zuen kontuan Biznietos de Celedon kuadrillak. Haien Koktel euskalduna errezeta propioa prestatu zuten, oinarri moduan indaba eta patata txikitua zeukana, festetan hartzen diren kopen antzera apaindua. Egin, baita asmatu ere, lehenengo postua eskuratu baitzuten.

Hirurak arte luzatu zen sari emate alaitsua, ardo dastatzearen irabazlearekin hasi zena. Nekane Villarrek irabazi zuen ardo kiniela. Sukaldaritza lehiaketan, Biznietos de Celedon kuadrillak lehen postua lortu zuen, Belakiak bigarren izan ziren, eta Jatorrak, hirugarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.