Telesailak

Baikortasunaren bidezidorretik

‘Heartstopper’ telesailaren 3. denboraldia iritsi da: bi mutil neraberen maitasun istorioak gutxitan jorratu dira hain modu irekian, baikorrean eta normalizatuan; txalotu beharreko telesaila da.

Heartstopper telesailaren fotograma bat. NETFLIX
Heartstopper telesailaren fotograma bat. NETFLIX
gaizka izagirre
2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Alice Osemanen eleberri grafikoan oinarrituta dagoen telesailaren asmoak argi eta garbi geratzen dira lehen atalean bertan: bi neraberen —Charlie Spring eta Nick Nelson— arteko harremana aztertzen duen kontakizun erromantikoa da, eta hasieratik naturaltasunez azaltzen du nerabezaro bete-betean dauden bi mutilen arteko maitemintze prozesua. Prozesu horretan sor daitezkeen gorabehera ia guztiak erakusten dira: tximeletak sabelean, urduritasunak, ilusioa, etsipena, zerbait berria sentitzearen ziurgabetasuna, arbuiatua izateko beldurra eta abar. 30 minutuko zortzi kapitulutan, maitasunaren eta adiskidetasunaren etapa guztiak bizi eta sentituko ditu ikusleak.

Pertsonaia nagusi guztien arku dramatikoak eta garapenak bikain eraikita daude; hori da, ziurrenik, telesailaren alderdirik sendoena: pertsonaiak. Atalek nahiko erraz katigatzen duten arren, benetako indarra aktoreetan zein pertsonaietan topa daiteke. Gainera, LGBTI+ istorioetan sarritan ikusi ohi diren klixe dramatiko guztiak alboratu dituzte.

Jariatzen duen tonu baikor eta argitsua da deigarria den beste alorra; pertsonaien tragediak ez dira agerian geratzen, geruza sakonagoetan daude. Nerabeek ikusteko moduko seriea izan arren, Euphoria-ren beste muturrean kokatzekoa da, hemen gailentzen dena baikortasuna delako; Sex Education-ekin, adibidez, antzekotasun gehiago ditu. Horrek ez du esan nahi guztia zuria denik, telesailak homofobia, osasun mentala eta bullying-a bezalako gai garrantzitsuak jorratzen dituelako, baina modu eskuragarri eta arinean egiten du guztia eta publiko gaztearentzat oso egokia izan daiteke. Gidoia, oro har, harreman osasuntsuen eta balio positiboen inguruan eraikia dago.

Alde bisualari dagokionez, lehen maitasunaren magia eta urduritasuna harrapatzeko gai den estetika ederra eta koloretsua du; halako istorio batek behar duen energia pantailaren bidez ezin hobeto iristen da. Pertsonaien sentimenduak zein keinuak adierazteko ageri diren animaziozko txinpartak eta ilustrazio txikiak, adibidez, ukitu xarmagarria eta bereizgarria eransten dio narrazio nagusiari.

Musikak ere berebiziko garrantzia du, giro emozionala eta narratiboa asko aberasten duelako; lehenengo denboralditik, musika aukeraketak pertsonaien emozioekin eta ekintzekin bat egiten du. Abesti leun eta introspektiboak unerik ahulenen ondoan ageri dira eta erritmo azkar eta baikorragoak dituztenak, berriz, zoriontasun edo aurkikuntza pertsonaleko eszenetan agertzen dira.

Zenbat eskertzen den lantzean behin asmo handirik gabeko ikus-entzunezko atseginekin topo egitea. Baikortasunen bidezidorretik joatearen plazera.

FITXA

  • Sortzaileak. Alice Oseman eta Euros Lyn. 
  • Aktoreak. Kit Connor , Joe Locke , William Gao , Yasmin Finney , Corinna Brown , Kizzy Edgell eta Tobie Donovan.
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2022-2024.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
  • Generoa. Drama erromantikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.