Baina badago bisonterik Europan?

Duela 4.000 urteko bisonte baten hezurdura aurkeztu zuten joan den astean Nafarroan. Haren urrutiko ehunka ahaide aske dabiltza Poloniako basoetan eta belazeetan. Iberiar penintsulako hainbat tokitan ere gatibutasunean ari dira bisonte europarrak hazten.

Bisonte europar bat, kamerari begira, Palentziako Bison Bonasus erreserban, Espainian. EFE
Bisonte europar bat, kamerari begira, Palentziako Bison Bonasus erreserban, Espainian. EFE
enekoitz telleria sarriegi
2026ko otsailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mamia eta azala ere izaten dituzte hezurdurek. Eta orain arte teoriak baino ez zirenak hezurmamitzen dituzte batzuetan aurkikuntzek. Bisonte batena da joan den astean Nafarroan aurkeztu zuten hezurdura; duela 4.000 urtekoa; Kalkolito garaikoa. Baina desagertu zen, edo gelditzen da oraindik bisonte europarrik Europan?

Galtzear egon zen, gehiegi ehizatu zutelako, eta haren habitata suntsitu zutelako, baina bisonte europarra (Bison bonasus) bada, iraun du, eta ugaritzen ari da, oso pixkanaka. «Polonian gelditu ziren ale bakan batzuk: hamabi, orotara. Zooetan eutsi zieten bizirik, eta hamabi horiei esker ugaldu dira beste guztiak», azaldu du Jorge Cassinellok, CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiko ikerlari eta bisonteetan adituak. «Ungulatuen ezaugarrietako bat horixe baita: nahiko ongi jasaten dutela odolkidetasuna; endogamia».

XX. mende hasieran hasi ziren jatorrizko azken hamabi bisonte haiek gurutzatzen. Bialowiezako basoetara eraman zituzten. Poloniako eta Bielorrusiako mugan dagoen paraje eder batera, Europan gelditzen den jatorrizko basorik zahar eta handienetako batera. «Eremu babestu bat da. Arazorik gabe ugaldu ziren, eta populazioa haziz joan da. Jendeak uste du basoko animalia bat dela, hango basoetan sartu zutelako, baina plastikotasun ekologiko handia duen animalia bat da, eta habitat ezberdinetara moldatu daiteke».

Bisonte europar talde bat, Jaengo lursail batean, Espainian. EFE
Bisonte europar talde bat, Jaengo lursail batean, Espainian. EFE

Poloniatik eraman zituzten ale batzuk Errumaniara, Alemaniara, Suediara, Belgikara, Hungariara, Txekiara... «Badagoelako interes orokor bat bisonteari bizirik eusteko. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren zerrenda gorrian dago oraindik: mehatxupean dagoen espeziea da. 9.000-10.500 ale inguru daude Europan, eta Errumaniakoa da populaziorik handiena. Belazeetan dabiltza han larrean, denera moldatzeko duten gaitasun horri esker». Herrialde horietako bisonte gehienak aske edo erdi aske bizi dira, nahiz eta galbidean egon bertako espezie gisa hartzen dituztelako, haien hondakin fosilak daudelako. Gehienetan, beraz, ez da inolako arazorik egon espezie hori berriz sartzeko.

Zer gertatzen da? «Herrialde horietan bazeudela hondakin fosilak, baina Iberiar penintsulan, ez. Nahiz eta Altamirako kobazuloko labar artean agerikoak diren estepako bisonteak —europarrak baino handiagoak ziren haiek, eta tona bat baino gehiago pisatu zezaketen— eta irudi haietan antzematen diren bisonte txikiagoak ere, adarrei erreparatuta europarrak izan zitezkeenak. Baina kontua da hondakin fosilik ez dela egon». Orain arte. «Horregatik dauka Urbasako hezurdura horrek halako garrantzia: askok uste genuena berretsi du. Gainera, duela 4.000 urtekoa da. Geologiaren denborak kontuan hartuta, hori herenegun da».

«Mendia eskokatzeko dagoen makina naturalik onena da. Suebakiak egiten ditu, eta ez dio sasiari hazten uzten»

JORGE CASSINELLOCSICeko ikerlaria

Baina badago bisonterik Iberiar penintsulan? Bada, bai. Azken urteotan, lursail pribatuetan ari dira bisonte europarrak gatibutasunean hazten. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren, Rewilding mugimenduaren eta beste hainbat elkarteren eskutik sortutako ekinbideak dira. Europako hegoaldean ere bisonte europarrak aurrera egin ote dezakeen ikusteko proiektu zientifikoak dira asko, eta, natura turismoa sustatuz, herrien despopulatzeari aurre egiteko aisialdirako proiektuak dira beste asko.

«Espainian eta Portugalen bisonte europarraren populazioak daude, erdi aske bizi direnak, eta Fernando Moran izeneko albaitari baten ekimenez sortu zirenak. Tamalez, joan den urte amaieran hil zen, 54 urterekin. Lan eskerga egin zuen», azaldu du Cassinellok. 2024an, 170 bisonte europar inguru zeuden Iberiar penintsulan, hamasei zentro, haztegi edo lursail pribatutan banatuta. «Nafarroako aurkikuntza horren berri eman eta hezurdura bisonte europar batena dela berretsi arte, bisontea espezie exotiko bat da gaur egun Espainian. Hondakin fosilik ezean, ezin delako frogatutzat eman bertako espezie bat izan dela. Orain arte, ez zegoen horren frogarik. Besterik da, ikerlari ezberdinek izan dituzten hipotesiak».

Bisonte europar kume bat, amarekin, Palentziako Bison Bonasus erreserban. EFE
Bisonte europar kume bat, amarekin, Palentziako Bison Bonasus erreserban. EFE

Cassinellok, dena dela, argi utzi nahi izan du, bisonte europarrak «berez» duela interesa. «Eta horretan aritu gara lanean. Asumitzen genuen Iberiar penintsulakoa ez izatea ere —nahiz eta hori pentsaezina dela iruditu—, eta segitu dugu lanean, sekulako balio ekosistemikoa duen animalia baita: larreetan bazkatzen da, sastrakak jaten ditu, baina basoko adar eta egur zatiak ere jateko gai da. Mendia eskokatzeko dagoen makina naturalik onena da. Mendia garbitzen du, suebaki naturalak egiten ditu, eta ez dio sasiari hazten uzten». Bizi den tokian, ingurua hobetzen du.

Bisonteak eta tximeletak

Txekian, Praga hiriburuaren kanpoaldean duten proiektu bat aipatu du Cassinellok. «Bisonteekin ari dira han tximeleta bat salbatu nahian. Galbidean dago tximeleta hori eta behar-beharrezkoa du paraje hartan hazten den landare bat. Argitasuna behar du hazteko, eta bisonteak sartu dituzte mendia garbitzeko, landare hori gal ez dadin, eta tximeletak iraun dezan». Espezieei erreparatu beharrean, haien «funtzioari» erreparatu behar zaiola dio CSICeko ikerlariak: «Abeltzaintza estentsiboa desagertzen ari da, eta sasia ari da mendiak hartzen. Geroz eta biomasa gehiago dago, eta suteak larriagoak dira. Suebaki naturalak falta dira. Eta animalia hauek, nahiz eta exotikoak izan —eta aurrerantzean ez dira izango—, oso onuragarriak dira».

«Ez da erraza izan, baina bisonteak kalitatezko enplegua ekarri du gure herrira, eta eredu jasangarri bat»»

JESUS GONZALEZBison Bonasus erreserbako kontserbazio zuzendaria

Portugalen dagoen 8.000 hektareako erreserba bat nabarmendu du Cassinellok, eta Espainian dauden beste batzuk ere bai: Segoviako hiru, Ciudad Realeko bat, eta Jaengo beste bat. «Horietan, erdi aske bizi dira bisonteak, eta horiek dira niri interesatzen zaizkidan proiektuak». Badaude, ordea, txikiagoak direnak, zoologiko edo safari parke itxura gehiago dutenak. Ezagunenetako bat San Cebrian de Mudan dago (Palentzia, Espainia): Bison Bonasus erreserba. Hogei hektarea dauzka, eta mendialdean dago. Ez da zoo bat. Erdi aske bizi dira han ere bisonteak, eta eremu hura guztia biziberritzea lortu duen proiektu bat da. Bisitarientzako zentro bat dauka, aterpetxe bat, eta oinez, bizikletaz, gurdiz edo lur orotakoan bisitatu daiteke. «Eguneko animalia denez, eta, larrean ibiltzen denez, ikusteko erraza da, eta benetan ikusgarria», azaldu du Jesus Gonzalezek, Bison Bonasus erreserbako kontserbazio zuzendariak eta San Cebrian de Mudako alkate izandakoak. 

Gonzalezen apustua izan zen erreserba hori sortzea. Meatzaritzatik bizi zen herria. Ikatza erauzten zuten, baina leherketa handi batek meategi nagusia desegin zuen, eta lanik gabe gelditu ziren herritarrak. Poloniatik ekarritako zazpi bisonterekin hasi ziren. Hamazazpi ere izan dituzte, baina hamar dituzte egun. Eta herria bisitariei eta turismoari esker bizi da orain —108.000 bisitari izaten dituzte urtean—. «Bisonteak kalitatezko enplegua ekarri du gure herrira, eta eredu jasangarri bat», nabarmendu du Gonzalezek. «Ez da ibilbide erraza izan. Bisonteari eta haren historiari buruzko pedagogia asko egin behar izan dugu».

JAKINGARRIaK

Izena:
Bisonte europarra (Bison bonasus).

Ezaugarri fisikoak:
Europako lurreko ugaztunik handiena da: tona bat pisatu dezakete arrek, eta bi metro luze izan.

Bestelakoak:
Animalia otzana eta beldurtia da. Moldaerraza. Belarjalea. Adar eta enbor zatiak ere jaten ditu, mendia eskokatzen du, ez dio sasiari hazten uzten, eta suebaki naturalak egiten ditu.

Egoera:
IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren zerrenda gorrian dago oraindik: mehatxupean dagoen espeziea da. 9.000-10.500 ale inguru daude Europan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.