Udako proposamenak

Bainuaren ostean, zuzeneko musika

Orioko hondartzan Anari, Ithaka eta Ke Lepo izango dira bihar, 20:00etan. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.

Ithaka, iaz, EHZn. GUILLAUME FAUVEAU
Ithaka, iaz, EHZn. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anari, Ithaka eta Ke Lepo hondartzan. Zuzenean. Dohainik. Aurten Oriok (Gipuzkoa) udako egitarau zabala izango du; musika, kirola eta haurrentzako proposamenak uztartuko ditu. Hiru talde horien kontzertua izango da lehen kolpea. Bihar izango dira emanaldiak, arratsaldeko zortzietan hasita, hondartzako berdegunean.

Anari bakarlari moduan nahiz bandarekin aritu da dozenaka gaztetxetan, plazatan eta oholtzatan; bihar, bandarekin arituko da azkoitiarra. 1997. urtetik gaur egunera arte argitaratutako errepertorio zabalaren oinarri sendoa izango du lagun. «Iazko Jazzaldiko kontzertua oso gustuko izan genuen; gainera, badira bi urte Anarik bere azken diskoa atera zuela; beraz, oso aproposa iruditu zitzaigun herrian izatea», jakinarazi du Iñigo Gaitonek, Orioko Udaleko Euskara, Kultura eta Festa teknikariak. 

Ithaka taldearentzat ere berezia izango da kontzertua, Josune Freire Ithakako kideak esan duenez: «Ilusio berezia egiten digu Anarirekin jotzeak; erreferente oso handia izan delako taldearentzat». Udal teknikariak azaldu du Ithaka herriko taldea dela. «Nahiz eta oso gazteak izan, oihartzuna izan dute herritik kanpo ere». Hain zuzen ere, 2021ean hasi ziren musika sortzen, Orion bertan. Urte bakar batean, 2022an, Gaztea maketa lehiaketako ikusleen saria jaso zuten. Euskal Herriko hamaika tokitan egon ostean, kontzertua herrian egitea gogoz hartuko dutela aitortu du Freirek. «Familia artera itzultzeko aukera izango dugu». 

Azkenik, «gaualdeko proposamena» da Ke Lepo. Musika elektronikoa «gaua amaitzeko modu egokia» iruditzen zaiela adierazi du Gaitonek. Azken buruan, jaialdian «adin eta estilo desberdinak ikusteko aukera» egongo da, antolatzailearen hitzetan: «Belaunaldi aniztasuna bermatu nahi izan dugu; oholtza gainean bezainbeste publiko artean».

Taldeak ez ezik, tokiak ere izango du protagonismoa bihar. Hondartza ondoko eta aire zabaleko gunea «oso erakargarria» dela uste du Gaitonek. Horrenbestez, eguraldia gorabehera, toki berean egitea aurreikusi dute, urtean zehar egitasmoak herrigunean egiten diren modu berean, udan hondartza aldean egitea hobetsi baitute.

Zirkua, bakarrizketak...

Musika zaleentzako eskaintza izango da biharkoa, baina bestelakorik ere izango da uda guztian. «Herritar guztientzat programa aproposa izatea dugu helburu», esan du udal teknikariak. Horren adibide dira Gure Zirkuko saioak, Jon Plazaolaren bakarrizketa eta Ruper Ordorikaren emanaldia.

Udako giro beroari itsasertzeko brisa gehituta, euskal musikaz gozatzeko aukera paregabea izango da bihar Orion. Hondartzatik atera berritan, arratsaldeko zortzietan hasi eta gaueko hamabiak aldera amaituko da saioa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA