Bilboko Udal Bandak 130 urte beteko ditu aurten, eta Jose Rafael Pascual Vilaplana (Muro, Herrialde Katalanak, 1971) zuzendariak amaiera emango dio hamar urteko etapari. Bere zuzendaritzapean, banda profesional gisa sendotu da Bilboko Udal Banda, errepertorio askotarikoarekin eta eskaintza berritzaileekin. Aste Nagusian hamar kontzertu emango ditu udal bandak.
Nolako esperientzia izan da azken hamar urteetan Bilboko Udal Bandaren buru izatea?
Erantzukizun handia izan da. Ohorea da hain historia zabala duen banda bat zuzentzea. Horrek eskatzen du egungo garaietara egokitutako proiektu artistiko bat proposatzea. Nik uste dut nortasun propioa eta estilo eklektikoa duen taldea dela banda, eta zoragarria izan da ikuspegi hori Bilboko bandan txertatzea.
Bandak mende bat baino gehiago darama aktibo. Nolako bilakaera izan du?
Asko dokumentatu naiz, batez ere iritsi nintzenean, eta azken hamar urteetan bandaren garapena ikusi dut. Uste dut oraindik ere beharrezkoa dela banden inguruan estereotipo batzuk haustea: kalean galdetzen baduzu zer den banda bat, prozesio edo kalejirekin lotzen dute gehienek. Baina gutxik ordaindu dute gure musika auditorium batean entzuteko. Historikoki, herri kulturarekin oso lotuta egon da banda, eta horri eutsi egin behar zaio, jakina, baina beste esparru batzuetara ere ireki behar du bidea. Bilboko banda profesionala da, musikari prestatuak ditu, eta errepertorio zorrotzak eskaintzeko gai da.
Aste Nagusia urteko garairik garrantzitsuenetako bat al da zuen bandarentzat?
Bai, baina bitxia da: Bilboko jende askok badaki bandak Aste Nagusian jotzen duela, baina ez du galdetzen gainontzeko egunetan zer egiten dugun. Hibernatu egiten dugula dirudi. Oso programazio trinkoa dugu: Euskaldunan denboraldi egonkorra eta maila goreneko eskaintzak ditugu. Baina oraindik bada gu Aste Nagusiko banda gisa bakarrik ikusten gaituenik.
Euskaldunakoaz gain, zein da bandaren eguneroko jarduna urtean zehar?
Bilbo Musikaren barruan, lantalde egonkorra dugu, eta programazio jakin bat egiten dugu, batzuetan beste talde batzuekin elkarlanean. Banda profesional batek urteko prestakuntza, entsegu eta kontzertu ziklo oso bat behar du. Esan dudan moduan, banda ez da soilik Aste Nagusian agertzen.
Hala ere, oso maitatua da.
Dudarik gabe. Bilbotarrek esaten duten bezala, Bilbo herri handi bat da. Hamar urteren ostean, oraindik harritzen nau jendeak metroan edo fruta dendan ezagutzeak eta agurtzeak. Azken kontzertuari buruz hitz egiten didate, naturaltasun osoz, eta oso hunkigarria da. Bandarekiko, musikarekiko eta artearekiko maitasunaren adierazgarri da.
«Lan hau pertsonen artean egiten da, eta horrek arrastoa uzten du»
Zer errepertorio emango duzue aurten Aste Nagusian?
Ohiturari jarraituz, jaietan zortzi kontzertu emango ditugu Areatzako kioskoan; egunero, 12:00etan. Errepertorioa aldatu egingo da, eta horrek lan handia eskatzen dio Bilbao Musikaren egitura osoari.
Azken hamar urteetako une berezi bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Asko dira. Gogoan dut Beethoveni eskainitako Bederatzigarren sinfoniaren 200. urteurrena ospatzeko ekitaldia. Edo Miribillan egin genuen ekitaldia, 7.000 pertsonaren baino gehiagoren aurrean. Baita 2017an Utrechtera [Herbehereak] egindako bidaia ere, nazioarteko banden topaketara joan ginenekoa; zuzenean grabatutako kontzertu bat zela-eta nazioarteko kritika bikainak jaso zituen bandak. Eta une pertsonalagoak ere badaude; adibidez, nire urtebetetze egunean egindako kontzertua, non, musikariekin batera, sorpresa bat eman zidaten. Lan hau pertsonen artean egiten da, eta horrek arrastoa uzten du.
Beste hamar urtean zuzendari lanetan ikusten duzu zeure burua?
Ez, ez. Aste Nagusiak amaiera emango dio nik zuzendari nagusi gisa egin dudan ibilbideari. Erabaki pertsonala izan da. Urte batzuk gehiago jarrai nezakeen, baina zikloetan sinesten dut nik. Urteurren borobil honekin amaitu nahi nuen. Ez naiz guztiz urrunduko: zuzendari gonbidatu nagusi gisa jarraituko dut, programa batzuetan parte hartuz, zuzendaritza ikastaroa koordinatuz eta denboraldiari lagunduz. Poz handia ematen dit hain garrantzitsua izan den talde honekin lotura horri eusteak.
lotsabako
Txikitan aukeratutako instrumentua?
Bonbardinoa.Aste Nagusiko egunik gustukoena?
Lehenengo eguna, txupinazoaren ondorengo momentua.