Osasuna. Elikadura

Barazki pateak

Animalia jatorriko pateak oso ezagunak dira. Hala ere, badira barazkiekin prestatzen direnak ere. Etxean egiteko oso errazak izateaz gain, nutrizio propietate ugari dituzte. Ogi tartean jateko aukera osasungarria da.

Barazki pateak, momentuan jaten ez badira, hozkailuan gorde behar dira, gehienez sei edo zazpi egunez. BERRIA.
Arantza Lorenzo.
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Animalia jatorriko patea, oro har, txerri edo ahate gibelarekin, beste barrunbe eta haragi zatiekin, gehigarriekin eta espezieekin ekoitzitako produktua izan ohi da.

Barazkiekin prestatzen den pateak, berriz, beste osagai batzuk izaten ditu, hala nola txanpinoiak, tofua, ahuakatea, azenarioa, erremolatxa, alberjiniak... Nutrizio propietate aunitz izateaz gain, etxean prestatzeko errazak izaten dira. Zizka-mizketan jartzeko —ezberdinak eginez gero, kolorez jantziko dugu mahaia—, hamaiketakorako, askarirako edo egun-pasa batean ogitarteko edo txigorkiekin eramateko aukera osasungarria da.

Pate horiek guztiak hozkailuan gorde behar dira, ongi kontserbatzeko, gehienez seiedo zazpi egunez. Jarraian, erraz egin daitezkeen pate horien hainbat adibide aipatuko ditugu.

Humusa edo garbantzu patea:

Osagaiak: 150-200 gramo garbantzu egosita.

Baratxuri ale bat.

Koilaratxo bat sesamo hazi—zaporea indartu nahi bazaio, gehiago erantsi—.

Koilarakada bat oliba olio.

Baso laurden bat limoi zuku.

Gatz apur bat.

Nola egin: Garbantzuei egositako salda kendu. Osagai guztiak irabiatzeko ontzian ipini, eta irabiatu, pasta egoki bat lortu arte.

Txanpinoi edo barrengorrien patea:

Osagaiak: 200-250 gramo barrengorri.

Tipula erdi bat.

Baratxuri ale bat.

Porru txiki bat.

Koilarakada bat oliba olio.

Gatz apur bat.

Ezkaia edo oreganoa, nahi bada —norberaren gustuen arabera—.

Koilarakadatxo bat ogi birrindu.

Nola egin: Barrengorriak garbitu ondoren, zati txikitan moztu. Jarraian, zartagin batean, olio pixka batekin, tipula, baratxuria eta porrua zati txikitan eginda sueztitu. Biguntzen direnean, barrengorriak erantsi, eta su txikian egiten utzi. Gustuen arabera, ezkai edo oregano apur bat gehitu. Bukatzeko, irabiatzeko ontzian ipini, eta gatza, ogi birrindua eta koilarakada erdi oliorekin irabiatu.

Guakamolea edo ahuakate patea:

Osagaiak: Ahuakate bat.

Tipula laurden edo erdi bat.

Limoi zukuzko tanta batzuk eta gatza.

Nola egin: Ahuakatea zuritu, eta irabiatzeko ontzira zatitu. Tipula ere bertara bota, eta irabiatu. Ondoren, gatz apur bat eta limoi tanta batzuk erantsi, norberaren gustura. Ogi txigortuaren gainean aurkez daiteke. Bestela, ontzi batean atera, eta artozko frijituekin zaporea indartzen da.

Kuiatxo eta intxaurren patea:

Osagaiak: Kuiatxo ertain baten herena edo erdia —egin nahi den kopuruaren arabera—.

Koilarakada bat oliba olio.

Zuritutako eta zatitutako4-6 intxaur.

Gatz apur bat.

Ezkaia, nahi bada.

Nola egin: Kuiatxoa garbitu, zatitu, eta oliotan sueztitu, ia egosi arte. Ondoren, osagai guztiak irabiatzeko, ontzian jarri eta irabiatu.

Azenario eta oliben patea:

Osagaiak: 3-4 azenario.

Oliba poto txiki bat.

Koilaratxo bat sesamo.

Tipula erdi bat edo oso bat.

Koilarakada bat limoi zuku.

Gatz apur bat.

Nola egin: Azenarioak zuritu, eta, zatituta, uretan egosi, eta iragazi. Zartagin batean, olio pixka batekin tipula sueztitu. Olibeihezurra kendu eta zatitu. Hiru osagaiak irabiatu. Ondoren, limoi zukua, gatza eta sesamo haziak erantsi, eta, ongi nahastuz, pure bat egin.

Alberjinien patea:

Osagaiak: 1-2 alberjinia.

Baratxuri ale bat.

Koilarakada bat olio.

Sesamoa —apaintzeko—.

Antxoatxoak oliotan —apaindu nahi bada, zaporea ere indartzen du—.

Gatz apur bat.

Nola egin: Alberjiniak zuritu gabe, labean 180 gradutan50 minutuz erre. Azala txigortzen denean atera. Hozten direnean, azala kendu, eta duten haragia olio, gatz eta baratxuriarekin irabiatu. Ogi txigortu txikietan ipin daiteke, eta gainean antxoatxo bat eta sesamo hazi batzuekin apaindu.

Tofu eta intxaurren patea:

Osagaiak: 200 gramo tofu.

4-5 intxaur.

10 gramo miso.

Tipulin zati txikiak, nahi izanez gero —gustuen arabera—.

Nola egin: Tofua 4-5 minutuz uretan irakin. Xukatu, intxaur zatituak eta misoa erantsi eta guztia irabiatu. Azkenik, tipulina zati txikitan gehi daiteke, nahi izanez gero. Baita intxaur zatiak ere.

Erremolatxa patea:

Osagaiak: 2 erremolatxa.

Limoi erdi baten zukua.

Baratxuri ale erdia edo osoa—txikia bada—.

Koilarakada erdi bat oliba olio.

Gatz apur bat.

Oreganoa, nahi bada.

Nola egin: Erremolatxak egosi, zuritu eta zatitu. Limoi zukuarekin eta baratxuriarekin batera irabiatu. Olio eta gatz apur bat erantsita nahikoa izan daiteke—nahi bada, oreganoa gehitu—. Nahi bada, zartaginera olio apur batekin bota. 10 minutuz bueltaka eduki, eta oreganoa gehitu, nahi izanez gero. Hozten utzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.