Beatriz Herranz eta Felix Crespo dira gaur egun mahastiak lantzen dituztenak, eta haiek dira upategiko lana egiten dutenak, baina Barco del Cornetaren historiaren abiapuntua Beatriz Herranzen aitonak La Secan (Valladolid, Espainia) zituen mahastietan dago. Han, Cantarranas parajean, 700 metroko altueran daude mahastiak; 5,5 hektareatan banatutako familia mahastiak dira. Ondoan, Barco del Corneta izeneko pinudi bat dago, han egiten zituen familiak mahats-bilketa jaiak eta hortik datorkio izena proiektuari. Ekologikoan landuta eta ureztatzerik gabe, 2008an birlandatu zituzten verdejo mahastiak, hondarrez eta uharriz, eta geruzarik sakonenetan buztina eta kareharria dauzka lurzoruak.
Beatriz Herranzek unibertsitatean ikasi zuen teoria, baina benetako ikasketak Gredosen (Espainia) egin zituen, Cebrerosko garnatxa berreskuratzeko proiektuan parte hartu zuenean —La Fabula ardoa sortu zuten handik—. Proiektu horretan ezagutu zuen Felix Crespo, 2016an Barco del Cornetara batuko zena.
Beatriz Herranz 2013an itzuli zen La Secara eta han sortu zuen proiektua. Barco del Corneta izan zen lehen ardoa, verdejo garbia, serioa eta inguruan egiten diren ardo teknologikoekin zerikusirik ez duena. Eskuz egiten dute mahats bilketa, eta txortena kendu gabe egiten dute prentsaketa. Legamia autoktonoak erabiliz ardoztatzen dute, eta erabilitako upeletan legamia hondarrekin ontzen uzten dute ardoa, zortzi edo bederatzi hilabetez. Zehaztasun eta bolumen handiko ardoa da, eta zahartzeko gaitasun izugarria du.
Cucú (cantaba la rana) da ardorik errazena. La Secako mahatsak erabiltzen dituzte ardo hori egiteko, baina ekologikoan lan egiten duen Segoviako (Espainia) mahastizain bati erositako mahatsekin nahasten dute. Erdia upel frantziarretan hartzitu eta ontzen dute, eta beste erdia altzairuzko deposituetan ardoztatzen dute.
La sillería verdejoz eginiko hirugarren monobarietala da, eta Alcazaren herriko 0,80 hektareako ehun urtetik gorako mahastian du jatorria. Ardo fina, sakona eta luzea da. Los Parajes del Infierno trilogiaren parte da, Las envidias eta Judas-ekin batera.
Beatriz Herranzek eta Felix Crespok, tokiko mahastizainekin lan eginda, aspaldiko mahats motak berreskuratu nahi dituzte proiektu horren bitartez, eta askotan bertan behera utzitako mahastietan jaiotzen dira mahats horiek.
2014az geroztik, beste proiektu batean dihardute biek, Arribes del Dueron (Espainia). Han, Prapetisco beltza egiten dute, Juan garcia mahatsarekin. Mila litroko depositu batean hartzitu ondoren, txorten eta guzti, hartzidura malolaktikoa erabilitako upeletan egiten du prozesua, eta legami hondar finekin ontzen dute, urtebetez.
Nortasun handiko ardoak dira guztiak, eta, batez ere, erakusten dute verdejo mahatsarekin ere ardo bikainak egin daitezkeela.