ATZEKOZ AURRERA

Barrunbeetan kozinatzen dena

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. BCC.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Egosten dira su geldoan eskarmentuak, goxatzen dira adiskidetasunak, ontzen dira harremanak, eta erregosten dira nortasunak. Baina izoztu litezke ilusioak, kiskal litezke bokazioak, irabia aurreikuspenak, eta xerratu etorkizunak. Izarrek badute distira, baina badute hautsa eta errautsa ere. Malkartsua eta nekosoa da bidea, eta korapilatsua barrunbe horietan kozinatzen dena. Oro ez da urre, eta She Chefdokumentalak ikuspuntu berezi eta ezohiko batetik kontatzen du hori: bekadun baten begiradatik.



Agnes Karrasch du izena, eta sukaldaritzak bizi du. Haren lau urteotako egunerokoa da dokumentala, eta Melanie Liebheit eta Gereon Wetzel alemaniarrek egin egin diote segizioa. Joaquim Wissler zorrotzaren begiradapean Vendom jatxetxean (Bergisch Gladbach, Alemania), Oriol Castro eta Eduard Xatruchen zaintzapean, pandemia betean, Disfrutar jatetxean (Bartzelona), eta Paul Andrias Zikarekin Koks jatetxean (Torshavn, Feroe uharteak).

Eta ez da ausazkoa aukeratu izana -pean eta -rekin. Goitik beherakoa delako tratua aurreneko bi jatetxeetan, eta parez parekoa hirugarrenean. «Ikaslea eta emakumezkoa izateagatik, behin baino gehiagotan jasan izan dut goitik beherako begirada hori, eta huts egiteko beldur hori. Koksen, ordea, hutsegiteak ez dira aurpegiratzen, eta berdinen artekoa da tratua. Uste dut hau dela nire tokia», aitortzen dio Agnes Karraschek Dennis Melzer lagun minari dokumentalean.



Badirelako aitortzak, hausnarketak, eta sukaldetik kanpoko zigarretak. Uzten dutenak agerian Michelin izardun jatetxeetako bekadunek duten presioa, exijentzia maila, eta dirurik gabeko ordaina. «Ezeroso nengoen hasieran: kamera beti nuen segika. Baina gertatzen zaigun hori kontatzea garrantzitsua da, gure senitartekoek eta lagunek jakin dezaten nola sentitzen garen», onartu zuen herenegun Karraschek.

Bitxia baita efektua: pantailaren bestaldean barrenak askatu dituen hori ikusi eta entzutea aurrez aurre. Eta hori da Culinary Zinemaren lorpenetako bat: She Chef estreinatu eta ordu gutxira, protagonistak berak eskaini izana Basque Culinary Centerreko afaria. Norekin? Koks jatetxeko taldekideekin: Paul Andrias Zika nagusiarekin, eta Nino Fjordside lankide eta bikotekidearekin, zentroko ikasleen laguntzaz.

Koksen egin baitu tokia Karraschek. Faroe uharteetako edertasun basatian galduta ageri da jatetxea dokumentalean, ur jauzi baten aurrean, laku batean ertzean, berdeak janda, bi eraikin, eta belarrezko teilatuak. Bi Michelin izarrik urrutikoenak. Lapa bila egindako osterak, eta basoko loreen bila egindako irteerak. Balea bat hilda itsasertzean. Keinu konplizeak sutondoan. Hori dena da Koks. Eta itxita dago, berritzen ari direlako. Bitartean, Groenlandiara eraman dute. Ilimanaq izeneko arrantzaleen herrixkara, Kangiako izotzezko fiordora.



Keinuak menuan

Eta paraje horiei guztiei eta bere ibilian ezagututako jatetxeei egin dien keinu Karraschek bere menuan. Disfrutar jatetxea hartu du gogoan entsalada likidoa atera duenean, eta Vandome jatetxea ere bai ahatea hango erara aurkeztu duenean. Besteak Faroe uharteetako zaporeak eta bizipenak izan dira: hango itsas trikuak, hango karramarroa intsusarekin eta tipularekin, eta arraina ere bai Garnatalg erara. Ogia gurin bereziarekin, eta azken buruko harrigarriak: Palmaria palmata edo dulse algarekin eta ahabiekin egindako gozoa, lapa oskoletan sartutako orea, eta tipula gainean jarritako tipula zaporeko txokolatina. Alegia, bekaduna izardun bihurtu zenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.