Baserritarrak arrantzale Ternuan

1920 eta 1970 bitartean Ternuan bakailao arrantzan aritu ziren goierritarren zerrenda osatzen ari dira Lazkaon. Itsasoari buruz «ideiarik ere izan gabe» itsasoratu ziren gazte baserritar haien istorioa kontatu nahi dute.

Ternuara joandako arrantzale goierritarrak ontzigainean bakailaoa xerratzen. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA
Ternuara joandako arrantzale goierritarrak, ontzigainean, bakailaoa xerratzen. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA
enekoitz telleria sarriegi
Lazkao
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrutiko uretara nabigatu zuten. Murgildu ziren paisaia arrotzetan, borrokatu ziren enbatetan, zutitu ziren ekaitzetan, kulunkatu ziren haize ufadetan, eta izoztu ziren izotzetan. Lurrak zaildutakoak zartatu zizkien itsasoak: eskuak, indarra eta arima. Nahastu egin zituzten diruaren txin-txina eta sirenen kantu fina. Itsasargien dirdira eta kapitain izarren distira. Bizimodu hobeago baten desira. «Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora naramate, eta ez dakit nora». Halaxe itsasoratu ziren Gipuzkoako Goierriko gazte baserritar asko 1920 eta 1970 bitartean. «Ez egin negar, etorriko naiz, egunen baten, pozez kantari». Lehorreko arrantzale horien bila hasi dira orain Lazkaon.

Izan ere, haiek uste baino poz eta kantu gutxiagorekin itzuli ziren. Baina nolatan engaiatu ziren marinel halako abentura batean? Goierriko baserri giroan hazitako sasoiko mutil haiek nolatan iritsi ziren Ternuako ur hotzetaraino? Bada, Eustakio Arrinda izeneko Lekeitioko kapitain batena da errua. Hark bazekien zer zen itsasoa. Belaontzietako patroia zuen aita, eta Indiako ozeanoan zaildu zen harekin, 15 urterekin hasita. Arrindak maiz jotzen zuen Bilbora itsasoko bere ibilietan, eta maiz baita Barakaldoko (Bizkaia) taberna batera ere: El Alpargatero. Negozioa abarketagile gisa abiatu zutelako izena zuen horrela, baina gerora ardoa, sagardoa, kafea, pattarra eta janaria saltzen zuten toki bihurtu zen. Estankoa ere bazen. Eta jabeak nongoak izango, eta Lazkaokoak: Nikolas Areso eta Francisca Albisu. Hortxe hasten dira piezak ahokatzen. Lazkaotik Barakaldora joandakoak ziren biak, eta ardandegian euren iloba lazkaotarrak aritzen ziren lanean. Tartean, 15 urteko neskatxa bat, «begi urdindun eta matraila gorriduna», garai hartako kronikek diotenez. Izena: Ignacia Albisu Sarasola. Errementariko Iñasi 15 urterekin iritsi zen Barakaldora —umezurtza zen amaren aldetik—. 19 urte zituen Eustakio Arrinda taberna hartan sartu zenean. Elkar ezagutu, maitemindu, eta ezkondu egin ziren —1911ko abuztuaren 26an, Lazkaon—. 

Lau seme izan zituzten: Anastasio zaharrena —Anes izenez ezagunagoa; apeza, idazlea, hizkuntzalaria eta historialaria izan zen—, Luis —1936ko gerran hil zen—, Donato —apeza izan zen hura ere—, eta Jose Mari —haurra zela hil ei zen—. Haietako batek, Donatok, horrela kontatzen du pasadizo erabakigarria Hombres de Terranova. La pesca del bacalao. 1926-1970 (Ternuako gizonak. Bakailaoaren arrantza. 1926-1970) liburuan. «Donostiako Parte Zaharrean ari ginen aita eta biok bazkaltzen. Bat-batean, gizon bat hurbildu zitzaion aitari: ‘Aizu, Arrinda! Ternuara joateko konpainia bat osatzen ari gara. Kapitain gisa etorriko zinateke?’. Eta aitak baietz erantzun zuen».

Euskal arrantzaleak, Ternuan. Haien ontzigainetik 'Euskal Erria' itsasontzia ikusten da. Pysbe enpresaren lehenengoa izan zen. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA
Euskal arrantzale batzuk Ternuan. Haien ontzigainetik 'Euskal Erria' itsasontzia ikusten da. Pysbe enpresaren lehenengoa izan zen. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA

Erantzun horretan dago gerora gertatu zen guztiaren ernamuina. Arrindari gerturatu zitzaion gizon hura Donostiako enpresari bat zen, eta konpainia hark Pysbe zuen izena: Pesqueria y Secaderos de Bacalao de España. Bakailaoa modu industrialean arrantzatzen hasi zen lehen enpresa izan zen. Bazkideen artean zeuden Alfonso XIII.a erregea eta haren ama Cristina erregina, besteak beste. Nobleak eta burgesak ziren ia denak. Baina Basusarrin (Lapurdi) jaiotako euskaldun eta euskaltzale bat zen inbertitzaile nagusia: Louis Legasse. Arrantzarekin eta nabigazioarekin lotutako familia bateko kidea zen: La Morue Française enpresako zuzendaria. Pysbe motor ekonomiko oso garrantzitsua izan zen ia bost hamarkadatan. Aurreneko lantegi hori Pasaian ireki zuen (Gipuzkoa), Ferrolen hurrengoa (Galizia), eta Europako eta Ameriketako zenbait herrialdetan beste hamar agentzia izan zituen. 1926an uretaratu zituzten lehen bi barkuak, Alfonso XIII.a eta Euskal Erria, baina enpresa urtebete geroago inauguratu zuten. Haizeen izenak jarri zizkieten hurrengoei: Galerna, Vendaval, Mistral, Tramontana, Abrego eta Cierzo. 1.200 tonako barkutzarrak ziren, garai hartako lurrunontzi onenak eta sendoenak. Eta altzairuzkoak zituzten kroskoak, Ternuako ur izoztuetan nabigatzeko. Baina nongoak ziren lehen arrantzale haiek?

Pysbe enpresako 'Cierzo' ontzia. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA
Pysbe enpresako 'Cierzo' ontzia. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA

Barakaldon urte batzuk pasatu ostean, Lazkaora aldatu zen Arrinda-Albisu familia 1921ean. Pysberen eskaintza jaso zuenean, beraz, Lazkaon bizi zen Arrinda kapitaina. Eskifaia osatu behar zuenez, lehorrean bota zuen sarea, Goierriko baserritar gazteen artean: Lazkaon, Ataunen, Olaberrian, Beasainen, Zaldibian... Anastasio semeak dio ez ziela gezurrik esaten: «Bizimodu gogorra da, agian hobe duzue ez joan». Baina haien erantzuna: «Zu bazoaz, bada...». 1927an abiatu zuten lehen kanpaina. 43 urte zituen orduan Arrinda kapitainak. 62 lagun joan ziren: 42 bretoiak ziren eta beste guztiak euskal herritarrak eta galiziarrak. Baina zergatik bretoiak? Haiek zirelako garai hartan bakailaoaren arrantzan nagusi. Louis Legasse lapurtarraren enpresa aspalditxoan ari zen jardun horretan Saint-Pierren eta Mikelunen —Ameriketako kolonia frantziar bat da, itsasoz haraindiko kolektibitatea 1985etik, eta Ternuako kostaldearen aurrealdean dagoen artxipelagoa—, eta Legassek berak ekarri zituen Bretainiatik Euskal Herrira hango marinelak eta patroiak, bertakoek ontzigaina nola antolatu eta bakailaoa nola tratatu eta gazitu ikas zezaten. 

'Tramontana' ontziko eskifaia. IÑAKI ALTUNAK UTZITAKOA
'Tramontana' ontziko eskifaia. IÑAKI ALTUNAK UTZITAKOA

Aurreneko kanpaina hartan laurehun bakailao tona arrantzatu zituzten, eta elkarbizitza ez zen ona izan. Bretoiek ez omen zuten batere interesik euskal herritarrei ofizioa irakasteko. Sei hilabeteko bost kanpainaren ostean, 1928aren amaieran, bretoirik gabe jardutea erabaki zuten. Ondorioa: Goierri eta inguruetako baserritar gazteak izan zirela ordutik aurrera bakailao arrantza berritu zuten marinelak, itsasoari buruz ezertxo ere jakin gabe. Hombres de Terranova liburuaren egile Rosa Garcia Orellanek azaldu duenez, horixe izan zen haien ekarpena: «Lehenak ziren, eta sekulako gaitasuna erakutsi zuten halako lan baldintza gogorrei aurre egiteko».

Euskal arrantzaleak ontzigainean lanean. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA
Euskal arrantzaleak ontzigainean lanean. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA

Orain, lehortar horien zerrenda osatzen hasi dira Lazkaon. Udalaren bidez egin dute deia: dokumentazioa eta argazkiak ari dira jasotzen, eta guztia Beneditarren dokumentazio gunean uztea da asmoa. Lantalde bat osatu dute —Jon Mikel Insaustik eta Alex Turrillasek dokumentazio lan eskerga egin dute—. «Aitak, bizi zela, hogei lagunetik gorako zerrenda osatu zuen. Buruz akordatzen zen haiekin. Eta zerrenda horretan hasi gara sakontzen. Hirurogei izen baino gehiago ditugu jada, eta egunero ari dira gehiago agertzen», azaldu du Xabier Iberoaga Garmendiak, Jose Luis Garmendia Aldanondoren semeak. «Aita 16 urte zituela joan zen Ternuara. Eta, garai hartan ia gehienak bezala, ontzigaineko mutil gisa hasi zen. Gero, bakailao zatitzaile jarri zuten. Ontziaren popan egoten ziren, eta bakailaoa iristen zen eran ireki behar izaten zuten. Ireki, eta gazitu. Askotan, zero azpitik 20 graduan». Iberoagari ez zaio arrotza egiten itsasoa. 32 urte egin ditu petroliontzietan kapitain: «300 metro zituen azkenak. Aitak esaten zidan ni haien aldean señorito bat izan naizela». Vendaval ontzian itsasoratu zen Garmendia aita. «Lehen kanpaina oso-oso txarra izan zen. Haren lehen pentsamoldea izan zen hura ez zela bizitza. Untzindegi baserrira bueltatu zenean, bertan gelditzeko asmoz bueltatu zen. Baina arazoren bat izan zuen bere aitajaunarekin, bueltatu egin zen itsasora, eta hamar urtez aritu zen han». Altxor baten gisan du gordea aitaren nabigaziorako kartilla. «Oso lan gogorra zen. Kontatzen zuen haietako asko hasten zirela labanarekin lanean, izotzetan, eta hatzen falangeak oso-osorik mozten zituztela oharkabean. Hamabi orduko jardunak izaten ziren. Eta zaurituta sartzen ziren brankapean zituzten euren gelatxoetan. Berriro arraina topatu bezain pronto, handik irten, eta lanera». Etxera bueltan, ez zituzten horiek guztiak kontatzen: «Senide bakoitzak ditu bere oroitzapenak. Baina garbi dagoena da haiek gauza onak oroitzen zituztela bakarrik, edo horiek kontatzen zizkigutela guri». Lan eskerga ari dira egiten zerrenda osatzeko, baina badituzte zailtasunak ere: «Marinel horien guztien txostenak Pasaiako Itsas Kapitaintzan daude. Duela bi hilabete egin nuen eskaria horiek aztertzeko, eta berriki jaso dut erantzuna: giza baliabide falta dutela, eta saiatzeko berriz hurrengo urtean».

Xabier Iberoaga Garmendia, Luis Garmendia aitaren nabigaziorako kartilla hartuta. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI
Xabier Iberoaga Garmendia, Luis Garmendia aitaren nabigaziorako kartilla hartuta. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI

Familia askotan ahozkoa izan da transmisioa, eta apenas gorde duten dokumenturik. Joxemartin Sarriegi Sarriegi beasaindarra 17 urte zituela itsasoratu zen Tramontana ontzian, 1931-1932 inguruan. Ez zituen kanpaina asko egin: soldadutza, 1936ko gerra, Loitzenea baserriaren ardura hartu beharra... Baina kontatu zizkien alabei eta bilobei hango pasadizoak. Marijose Sarriegi Lizarralde alaba gazteenak gogoan du haietako bat: «Bakailaoen buruak moztu ostean, pila handi batean gelditzen omen ziren denak. Gauean jaiki, eta pila hartara ezkutuan gerturatzen zen aita. Banaka-banaka, kokotxak kentzen zizkien, eta egurrezko upeltxo batean joaten zen gazitzen. Baserrira ekartzen zituen Gabonetan. Amonak esaten zigun gustura jaten zituztela». Gogorra zen bizimodu hura. «Kontatu zigun behin zauri handi bat egin zuela eskuan labanarekin, baina izoztuta zeuzkala, eta ez zela ohartu ere egin. Ez zituela bereizi bere odola eta bakailaoarena». Bilobei pasarte goxoagoak kontatu zizkien. Eta alabak gogoan du Pasaiako portura ere joan zirela behin, urte asko geroago. «Hango ontziei buruzko azalpenak eman zizkigun. Zirrara eragiten zioten oraindik. Gutxitan ikusi dut horren hunkituta».

Beasaingo hiru arrantzale: Joxemartin Sarriegi, Inazio Leunda eta Inazio Altuna (eserita). SARRIEGI FAMILIAK UTZITAKOA
Goierriko hiru arrantzale: Joxemartin Sarriegi eta Inazio Leunda beasaindarrak, eta Inazio Altuna olaberritarra (eserita). SARRIEGI FAMILIAK UTZITAKOA

Lehen kanpaina haietan parte hartu zuten goierritar gutxi gelditzen dira bizirik. Haietako bat elkarrizketatu du Goiberri aldizkariak: Iñaki Auzmendi Larrarte ataundarra. 92 urte dauzka, eta 1953tik 1957ra aritu zen Ternuan bakailao arrantzan, Tifon ontzian, besteak beste. Langintza haren testigu eta berriemaile pribilegiatua da, Kanadan erositako Kodak argazki kamera batekin jaso baitzuen ontzigaineko jarduna eta orduko giroa. Datuz eta irudiz ematen du han bizi izandakoaren berri. Joan ziren haiek kontatutako pasarte eta burutazio berberak dira, gaur egun ahots goran emanak: «Bide bat harrapatu banu, korrika etorriko nintzen».

Iñaki Auzmendi ataundarraren nabigaziorako kartilla. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA
Iñaki Auzmendi ataundarraren nabigaziorako kartilla. IÑAKI AUZMENDIK UTZITAKOA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA