Basoek egiten dute erreka

Busturiko Ekoetxean erakusketa bat eta ibilbide bat eskaini dizkiete ibarbasoei.

'Ibar basoa: Ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua' erakusketa, Urdaibaiko Ekoetxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
‘Ibar basoa: Ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua’ erakusketa, Urdaibaiko Ekoetxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2026ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errekaren inguruan dagoen landarediari deritzo ibarbasoa; errekaren parte da, haren ekosistemarako guztiz beharrezkoa. Eremu horiek ezagutzeko, erakusketa bat antolatu dute elkarlanean Uraren Euskal Agentziak eta Ekoetxeek. Aurrenekoz Sobronen (Araba) erakutsi zuten, eta, orain, Urdaibaiko Ekoetxearen kanpoaldean izango da ikusgai, Busturian (Bizkaia). Erakusketa publiko guztientzako modukoa da, eta aukera ematen du ibarbasoak ezagutzeko hala teorian nola bertatik bertara: izan ere, bihar bisita gidatu bat egingo dute ekosistema horietan barrena.

Errekak sortutako higadura murrizten laguntzen dute ibarbasoek, eta uholdeei aurre egiteko moldatuta daude, Iker Uraga Urdaibaiko Ekoetxeko langileak azaldu duenez: «Uraren abiadura eta urak dakartzan efektu negatiboak mugatzen dituzte». Inguruko lurrari materia organiko asko ematen diote, eta aldi berean, errekako ura erabilgarri —eta edateko moduko— egiteko prozesua errazten dute. «Etxea eta janaria dira hainbat espezierentzat». Horrek egiten ditu babesgune ekologiko. Klima erregulatzeko ere balio dute, tenperatura freskatzen baitute: «Itzala ematen diote errekari, tenperatura jaitsi eta gehiegizko landaretza mugatu».

‘Ibar basoa: Ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua’ erakusketa, Ekoetxea Urdaibain. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibar basoa: Ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua erakusketa, Urdaibaiko Ekoetxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Erreka ez da bakarrik ura eta uraren barruan dagoena; inguruan dagoen basoa da berez erreka hori benetan ekosistema aberats bihurtzen dutena», azaldu du Uragak. Aberastasun hori, ordea, arriskuan da. «Ekosistema mehatxatua dela esaten da; batez ere, kontuan hartuta erreka inguru horiek nola erabiltzen ditugun». Eraikuntza eta basogintza dira halakoen mehatxu nagusi: «Adibidez, ibarbasoak kendu eta etxeak sartzen baditugu, arazo larriak izango ditugu uholdeei aurre egiteko». Erreka ondoko arbolak moztuz gero, gainera, errekara lur pila bat heldu eta hura lohiz beteko da; ondorioz, hango izakiak kaltetu egingo dira. Ibarbasorik ez balego, biodibertsitatea eta edateko ura murriztu egingo lirateke, baita ibarbasoek betetzen dituzten funtzioak betetzea zaildu ere.

Hori aintzat hartuta, kontzientzia zabaldu behar dela uste du Uragak. Errekako ekosistema ulertzea da helburua. Horretarako, behar-beharrezkoa da ibarbasoen funtzionamenduaren berri izatea: «Zer den erreka bat, zegatik dauden hain mehatxatuta, zergatik den hain garrantzitsua inguruko ibarbasoei eustea, ahal bada handitzea, eta horien funtzio guztiei beren-berean eustea».

Urdaibaiko Ekoetxetik Amunategira

Urdaibaiko Ekoetxearen kanpoaldean hasiko da biharko prestatu duten ibilbidea: erakusketako panelak baliatuta, Uragak ibarbasoaren inguruko oinarrizko ideiak azalduko dizkie bisitariei. Horren ostean, teoriatik praktikara egingo dute salto: parte hartzaileak Busturiko Axpe auzoan dagoen Amunategi errekastora joango dira, hain zuzen ere. Erakusketan ikasitakoaren adibide praktiko batekin emango diote amaiera ibilbideari: bertako fauna eta flora ezagutuko dute, hegazti babestuak entzun, ekosistemaren freskotasuna bertatik bertara sumatu, eta lurraldearekin konektatu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA