Irailaren 8a egun berezia da Iruñean, urtero egutegian gorriz markatutakoa: Batasunaren Pribilegioaren besta ospatzen da. Karlos III.a Nafarroakoak 1423. urtean sinatutako hitzarmena da Batasunaren Pribilegioa. Ordura arte hiriko hiru burguek —Nabarreria, San Nikolas eta San Zernin—, harresi, bandera eta errejidore propioak zituzten. Itunaren bitartez, udal bakar batean bildu, eta Iruñeko Udala sortu zuten. Aurten eguna are bereziagoa da, bi urteurren garrantzitsu ospatuko baitira: 2.100 urte beteko dira Iruñeko hiria sortu zenetik, eta 600 urte Karlos III.a erregea hil zenetik. Horregatik, egitarau zabalagoa prestatu dute. Bihartik hasita eta astelehenera arte, Erdi Aroko azokaz, musikaz eta kaleko giroaz gozatzeko aukera izanen da. Berritasun gisa, Nafarroako ganadu arrazen azoka egonen da, eta igandean Karlos III.aren koroatzea antzeztuko dute.
Erdi Aroko azokak emanen dio hasiera egitarauari, bihar arratsaldean. 17:00etatik 21:00etara egonen da zabalik, eta askotariko produktuak eskuratu ahalko dira: txokolatea, gazta, marmelada eta hestebeteak, batik bat. Gainerako egunetan, goizean eta arratsaldean egonen da irekita.
Lehen aldiz, abereen feria eginen dute aurten: Autentika izeneko Nafarroako ganadu arrazen feria Runa parkean kokatu dute, eta bihar irekiko ditu ateak, 17:00etan. 17:30ean, zaldien erakustaldia eginen dute: nafar behokak, Aurizko zaldiak eta pottokak izanen dira ikusgai. Azoka igandera arte egonen da zabalik. Eskaintza musikalari dagokionez, 20:00etan, Pamplonesa musika bandak kontzertua emanen du Gazteluko plazan. Eta eguna amaitzeko, 23:00etan, Survival Zombie rol jokoan parte hartzeko aukera egonen da, Ziudadelan.
Larunbatean, Erdi Aroko azokaz eta abereen feriaz gain, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua ere izanen da, 20:00etan, Gazteluko plazan.
Karlos III.aren koroatzea igandean eginen dute, 17:30ean. Iruñeko katedralean izanen da, eta Muthiko Alaiak-en eta Rey de la Faba erakundearen eskutik eginen dute. Ikuskizunak Erdi Aroko gizartean eta bizimoduan murgiltzeko aukera emanen du: zaldunak, ezkutariak, kleroa, tronpeta jotzaileak eta dontzeilak kalejiran aterako dira, errege familiarekin batera, katedraleko atariraino. Elizara sartuko dira, eta 18:00etan ekinen diote koroatzeari. 1390eko otsailaren 13 hartan egindako zeremonia, ahalik eta leialen gertaberritzeko asmoa dute; horretarako, Fernando Hualde historialariaren laguntza izan dute, Nafarroako ohituretan eta tradizioetan aditua baita. Ikuskizuna edozein ikuslerentzako modukoa izanen da, eta Iruñeko katedraleko musika kaperak eta Erdi Aroko musika taldeek girotuko dute.
Gauean, 20:00etan, Natalia Lakunzak kontzertua emanen du Gazteluko plazan.
Egun handia
Astelehena izanen da egun nagusia: Batasunaren Pribilegioaren eguna. Ohi den bezala, 17:45ean, udalbatza kalejiran aterako da udaletxetik Iruñeko kaleetan barna, galako jantziekin. Erraldoi eta buruhandien konpartsak eta Duguna dantza taldekoek dantzaldia eginen dute.
Horren aurretik, 11:00etan, Iruñeko Zapia emateko ekitaldia eginen dute. Aurten, Mari Ganuzarentzat izanen da. Otsailaren 22an zendu zen, eta hiriko zenbait entitate eta erakundetan egindako lanagatik eskainiko diote zapia. Besteak beste, Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsako, Olentzerozaleen Elkarteko eta Errege Magoen desfilearen antolaketa taldeko kide izandakoa da.
Urtero, Batasunaren Pribilegioaren bueltan, Iruñeko Udalak bisita gidatuak antolatzen ditu udaletxea barrutik ezagutzeko. Eraikinaren bazter guztiak ezagutzeko aukera ez ezik, Batasunaren Pribilegioaren agiri originala ikustekoa ere egonen da. Bisitetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da udaletxearen webgunean; irailaren 10era arte eginen dira.