Proposamena

Bazen behin Soraluze

Munduko Ipuinen Eguna egingo dute larunbatean Soraluzen, hirugarrenez: tailerrak, Japoniako eta Galesko ipuinak, helduentzako ipuin kontaketak...

Ameli ipuin kontalariak egingo du helduentzako ipuin kontaketa Soraluzen. IÑAKI ATXA
Ameli ipuin kontalariak egingo du helduentzako ipuin kontaketa Soraluzen. IÑAKI ATXA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hala bazan edo ez bazan», bazen behin Soraluze izeneko herri bat Gipuzkoan, ipuinak maite zituena. Munduko Ipuinen Eguna antolatzen duena azken hiru urteotan, eta ipuinaren eta ahoz kontatutako istorioen inguruan egun osoko egitaraua atontzen duena. Larunbatean egingo dute ipuinen festa, Soraluzeko bazterrak hainbat txokotako hizkuntzaz eta istorioz beteko dituena. «Hizkuntza eta kultura aniztasunari aitortza egitea, herritarren zein hizkuntz komunitateen arteko hartu-emanak ahalbidetzea eta ipuinen balioa sustatzea ditu helburu nagusi», nabarmendu dute antolatzaileek.

Pil-pilean euskaltzaleen elkarteak, udaleko kultura batzordeak eta udal liburutegiak elkarlanean antolatutako eguna da larunbateko hori. Hainbat hizkuntza eta jatorritako ipuin kontaketak izango dira egunaren oinarria, eta txotxongilo tailerra, liburutegi txokoa eta ipuin bazkaria ere egingo dituzte, besteak beste. Ipuinek kaleak hartuko dituzte; izan ere, eskaintza guztia Soraluzeko kaleetan izango da, herriko zenbait txokotan.

Egitarauari begira, bi dira berritasun nagusiak: txotxongilo tailerra eta helduentzako ipuin kontaketa. Lehenengoarekin hasiko dute eguna, eta bigarrenarekin amaitu. Tailerra Topic Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroak eskainiko du: Bokoien munduan barna. 5 urtetik gorako neska-mutikoek parte hartu ahal izango dute, heldu batek lagunduta. Doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da, plazak mugatuak baitira. Gaztelekuan emango dute tailerra, 11:00etan. «Tailer honetan, emozioak eta aurpegi-adierazpenak landuko ditugu modu sortzailean. Horretarako, paperezko plater bat eta kartoizko beste ontzi batzuk irribarre handi bilakatuko ditugu». 

Helduentzat ere bai

Helduentzako ipuin kontaketa Ameli kontalariak egingo du: Ongi etorri! izenekoa. Horrela laburtu du egileak berak. «Ongi Etorri tabernako barraren bi aldeetan ez ziren bezeroak eta tabernariak bakarrik igarotzen; istorioak ibiltzen ziren dantzan eta Ameli haiekin hazi zen. Bertan ikasi zuen zer zen emakumeen arteko elkarlana, zaintza... eta zenbat ikas eta goza daitekeen istorioak kontatuz». Kapillan izango da emanaldi hori, 19:30ean.

Eguneko lehendabiziko ekintzak txotxongilo tailerra eta liburutegi txokoa izango dira; jarraian, ipuin kontaketak bata bestearen atzetik kateatuko dira iluntzera arte. Ines Bengoak Japoniako ipuinak ekarriko ditu: Kamishibai ipuinak. Antzinako eta gaur egungo istorioak izango ditu hizpide, eta egurrezko kutxatxo baten barruan sartzen diren irudiz lagunduta josiko du narrazioa. Elizaren atarian izango da emanaldia, 13:00etan, euskaraz.

Roanna Larsenek, berriz, Galesko kondaira zaharrak kontatuko ditu: Old tales from Wales. Herensugeak, lakuak, mendiak, fantasiazko izakiak eta pertsonaia bereziak izango dira protagonistak. Istorioak ingelesez eta euskaraz kontatuko ditu, eta entzuleak kantuan jarri ere bai. Emanaldi hori ere elizako atarian izango da, baina 18:00etan. «Ipuinek ez dute adinik, ezta mugarik ere. Mugaz gaindi eramango dute entzulea gertuko zein urruneko txokoetara», azaldu dute antolatzaileek. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA