Baztan zopak jai giroan

Astelehen eguerdian izango da Elizondoko jaiak hasteko txupinazoa. Ondoren, ohiko baztan zopak banatuko dira, eta uztailaren 28ra arte jai giro ederra izango da nagusi herrian.

Elizondoko eta Doneztebeko konpartsek dantza eta musika ikuskizuna egingo dute gaur, Baztan pilotalekuan. ONDIKOL.
Joxi Ubeda Goikoetxea.
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Elizondoko (Nafarroa) jaietan haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako ekitaldi eta jarduera ugari antolatuko dira, eta, ohi bezala, giro ederra egongo da. Uztailaren 24tik 28ra izango dira jaiak, eta familiarekin eta lagunekin ongi pasatzeko une ugari bizi ahal izango dira.

Jaietarako berotzen hasteko, hainbat ekitaldi egongo dira gaur. Giltxaurdi Igeriketa Txapelketa jokatuko da 11:00etan, igerilekuan, eta, ordu erdi beranduago, Elizondoko eta Doneztebeko konpartsen senidetze ekitaldia izango da, plazan. Ondoren, kalejiran ibiliko dira herrian barna, eta 18:00etan dantza eta musika ikuskizuna egingo dute Baztan pilotalekuan. Horrez gain, 22:30etik aurrera Same Roots eta Neskatasuna musika taldeek joko dute plazan.

Jaiei hasiera emango dien txupinazoa astelehen eguerdian izango da, plazan. Jone Olazarrek botako du. Segidan, urtero bezala, baztan zopa gozoak banatuko dira, eta, ondoren, herritarrek kalejira alaia egingo dute konpartsekin. Arratsaldean, DJ Kaktus musika jartzen ariko da Iriarte pilotalekuan, haurrentzat eta gazteentzat; karrika dantza herrian zehar egingo da, konpartsekin, txarangarekin, txistulariekin eta gaiteroekin; salbea izango da elizan, eta karrika dantza eta erraldoien dantza plazan. Gauean, Añube, The Lio, Raimundo El Canastero eta Kalima Limon musika taldeak ariko dira plazan, eta Aimar, 2Octal, Dorian, Red3r, Xinto eta Sahi disko jartzaileak merkatuko plazan.

Uztailaren 25ean, besteak beste, mutil dantzak izango dira, erraldoien dantza Elizondoko bandarekin, herri dantzak, eta herri kirol eta pilota jaialdiak. Biharamunean, haur eta gazteen eguna izango da; hilaren 27an, adinekoen eguna, eta 28an, herriaren egunean, zikiro jatea egingo da.

Begirunez ibiltzeko deia

Baztango Udalak eta Elizondoko jai batzordeak eta herri mugimenduek herritarrek jaietan ongi pasatu dezaten espero dute, eta begirunez ibil daitezela eskatu diete. Horrela, udala Baztango herrietako jai batzordeekin bildu da jaiak iraunkorrak, euskaldunak eta indarkeria matxistarik gabekoak izan daitezen.

Udan, Baztango herrietako jaiak ospatzen direnez, udalak hainbat bilkura egin ditu jai batzordeetako ordezkariekin. Besteak beste, euskara,iraunkortasuna, genero rol eta estereotipoak eta indarkeria matxista landu dituzte. Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak azaldu duenez, «arras garrantzitsua da bestak antolatzen dabiltzanak kontziente izatea bestetan ere indarkeria sexistarik gabeko gune seguruak behar ditugula, euskaraz solas egitea eta musika ere euskaraz aditzea beharrezkoa dela, eta ahalik eta besta jasangarrienak izatea ere beharrezkoa dela».

Hori guztia ardatz hartuta, herri hauetako jai batzordeekin egin dira bilkurak: Elizondo, Berroeta, Arizkun, Erratzu, Azpilkueta,Amaiur, Arraioz, Elbete, Aniz, Gartzain, Lekaroz eta Oronoz. Baztandarren Biltzarra elkarteak ere parte hartu du bilkura horietan.

Aipatutako gaien inguruan irizpideak finkatu dituzte,eta udalak baliabideak eskaini dizkie: hondakin gutxiagosortzeko eta sortzen direnak behar bezala kudeatzeko proposamenak eta ekinbideak; zenbait musika zerrenda, musika ez-sexista erabiltzearen garrantzia azpimarratuta; kartelak etapegatinak, indarkeria matxistaren kasuak artatzeko protokoloaren inguruko materiala, eta erasoren bat gertatuz gero erabiltzeko baliabideen zerrenda bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.