ATZEKOZ AURRERA. Eneko Izkue. Basque Culinary Centerreko irakaslea

«BCC jendearengana hurbiltzeko saiakera bat da tailerra»

Sukaldaritza tailer bat gidatuko du Izkuek bihar, 'online', BCCren hamargarren urteurrenaren harira. Doakoa eta euskaraz izango da. «Opari moduko bat» egin nahi diete sukaldaritza maite dutenei.

JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Eneko Izkuek (Iruñea, 1991) ikaslearen zein irakaslearen begiradatik ezagutzen du Basque Culinary Center. Bertako gradua ikasi zuen, eta lau urte daramatza irakasle. Hark gidatuko du unibertsitatearen hamargarren urteurrenaren harira antolatutako show cookingtailerra, bihar, 19:00etan, online. Xedetzat du «jendeak ondo pasatzea».

Zein da tailerraren helburua?

Hamargarren urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi egin ditugu. Biharko tailerra Donostiako eta Euskal Herriko jendeari opari moduko bat egiteko antolatu dugu. Azken finean, sukaldaritza gustuko duen jendeari opari bat egin nahi diogu, klase batzuk emanez, edo webinar hori eginez.

Zein plater prestatuko dituzue?

Ordubete egongo gara kozinatzen, eta hiru errezeta prestatuko ditugu, menu antzeko bat sortzeko. Lehenik, txipiroiekin errezeta berezi bat egingo dugu. Bigarren, arroza egingo dugu otarrainxkekin, krema batekin eta kurruskari batzuekin. Azkenik, fraisier bat egingo dugu, marrubizko tarta antzeko bat.

Edonork parte hartzeko moduko tailerra da?

Sukaldaritza gustuko duen edonork parte har dezake; horrekin nahikoa da. Ez dute sukaldaritza profesionalean aritu beharrik.

Mota horretako tailer asko egiten al dituzue?

Asko egin ditugu, baina tailer hori, zehazki, uda baino lehen egin genuen, gaztelaniaz. Oso arrakastatsua izan zen, eta, hori ikusita, pentsatu genuen ideia ona zela euskaraz ere egitea. Webinar bat euskaraz egiten dugun lehen aldia dela esango nuke; hori da bereizgarria.

BCC herritarrengana hurbiltzeko saiakera ere izango da, ezta?

Bai, hori da. Itxialdiaren ostean hasi ginen ekitaldi hauekin, eta, azkenean, BCC jendearengana hurbiltzeko saiakera bat da, herritarrek ezagut dezaten zer egiten dugun, zer-nolako platerak prestatzen ditugun, zer egiten dugun egunerokoan...

Jendeak urruti sumatzen du BCC, goi mailako sukaldaritza delakoan?

Izan daiteke oraindik urrun samar ikustea, baina ikastaroekin horri buelta eman nahi diogu. Oso profesionala ikusten badute, kurtso hauek egitera animatu nahi ditugu, eta haiengana iritsi. Edonork ezagut dezan, eta edonor etor dadin halakoren bat egitera.

Show cooking bat egingo duzue. Sukaldaritz show edo ikuskizun bihurtu al da?

Orain dela bost urtetik uste dut baietz. Hainbat programa sortu dituzte, eta badaukagu pixka bat irudi hori, sukaldaritza eta showa oso hurbil daudela. Baina, orain normalagoa da, eta show bat izatea ez da zerbait txarra.

10. urteurrena du BCCk. Nola dago unibertsitatea gaur egun?

Azken urte honetan dena aldatu da. Internet bidezko saioak egin ditugu etengabe; lehen ere egiten genituen, baina ez zen hain garrantzitsua. Gaur egun, berriz, nik uste online arloa oso garrantzitsua dela, eta horrekin ailegatzen zarela beste leku batzuetara. Orduan, guretzat, urte hau bereziki garrantzitsua izan da.

Nolako bilakaera izan du zentroak hamar urteotan?

Hasieran, Espainiako jendearentzat zen bereziki. Orain, berriz, hamar urte pasatu direnean, munduosora begira gaude. Ireki egin gara, eta kanpora begira gaude: uste dut hori dela aldaketarik garrantzitsuena.

Lehen eskutik bizi izan duzu aldaketa hori, ikasle zein irakasle gisa.

Bai, BCCko gradua ikasi nuen, eta duela lau urte hasi nintzen irakasle. Beti esaten dut 360 graduko ikuspegia daukadala, ikusi dudalako nola ematen diren eskolak ikasle baten begietatik, eta orain beste aldean nagoelako. Niretzat oso esperientzia ona izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.