Beasaingo Urkiola jatetxeak irabazi du Jakitea elkartearen Juan Manuel Garmendia gastronomia saria

Usurbilgo Bordatxo tabernak jaso du jatetxerik onenaren garaikurra, eta Balerdipeko Erleak proiektuak tokiko ekoizlearena. Hamar sari banatu dituzte guztira, Adunako Zabala sagardotegian egindako ekitaldian.

Jakitea elkarteak saritutako pertsonak, garaikurrekin. GORKA RUBIO / FOKU
Jakitea elkarteak saritutako pertsonak, garaikurrekin. GORKA RUBIO / FOKU
ane insausti barandiaran
2026ko uztailaren 22a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal gastronomiaren kalitatea, tradizioa eta berrikuntza saritzeko banatzen ditu Jakitea elkarteak izen bereko sariak, urtero. Sektoreko profesional, ekoizle eta erakundeetako ordezkariak bildu dituzte, aurten zortzigarrenez, eta euskal gastronomiaren eta bertako produktuen «bikaintasuna» aitortu. Juan Manuel Garmendia saria da horien artean nagusia, produktu eta kalitate onena darabilen jatetxea goraipatzen baitu: Beasaingo (Gipuzkoa) Urkiola erretegiak lortu du sari hori. Atzo egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, Adunako Zabala sagardotegian (Gipuzkoa).

Guztira, hamar sari banatu dituzte. Usurbilgo (Gipuzkoa) Bordatxo tabernarentzat izan da jatetxerik onenaren sariaren garaikurra. Pintxo tradizionalarena, berriz, Donostiako Artola jatetxearentzat izan da, Donostiarra izeneko pintxoagatik. Horrez gain, Ziburuko (Lapurdi) Chez Mattin jatetxeak lortu du plater tradizionalaren saria, Ttoro arrain zopagatik.

Ibilbidearen saria ematerakoan, euskal sukaldaritza tradizionalean isilpeko lanean aritutako hiru erreferente omendu dituzte, amarengandik eta amonengandik jasotako errezetak gaur arte bizirik mantentzeagatik: Donostiako Ganbara jatetxeko Amaia Ortuzar, Leintz Gatzagako (Gipuzkoa) Arrate jatetxeko Begoña eta Belen Plazaola ahizpak, eta Hernaniko (Gipuzkoa) Irubide jatetxeko Pili Bereziartua.

Bertako produktuen garrantzia

Gastronomia kalitatezkoa izan dadin, baina, kalitatezko produktuak beharrezkoak dira, eta baita tokiko ekoizleak ere. Horri gorazarre egiteko, Balerdipeko Erleak proiektuak eraman du tokiko ekoizlearen saria. Euskal Herriko espeziea da erle beltza, eta haren bueltan sortu zuten proiektua Mattin Jauregik eta Inaxio Arinek, Bedaion (Tolosa, Gipuzkoa), Balerdi mendiaren altzoan. Bertako produktuekin lan egiteagatik, berriz, Karrantzako (Bizkaia) Casa Garras jatetxea goraipatu dute; lurraldean eta paisaian errotutako jatetxe bat da Llamosas familiarena.

Dena den, gastronomia ez da jatea bakarrik, eta hizkuntzak rol garrantzitsua du jatetxe batek eskaintzen duen zerbitzuan. Horregatik, Euskararen Sustapenaren Meritu Saria ere banatzen du elkarteak, eta Tolosako (Gipuzkoa) Biko jatetxeari egin diote aitortza.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA