Margolanean emakume bat agertzen da, lo, erabat immobilizatuta, giharrak mugitu ezinik. Bularrean izaki bat du, gorputza zapaldu eta arnasa oztopatzen diona. The Nightmare izeneko 1781eko obran, Henry Fussli artistak zehatz-mehatz irudikatu zituen loaren paralisian identifikatutako ezaugarriak: estutasunaren sintomak, aire falta, baita loaldiko haluzinazioa ere. Loaren nahasmenduen nazioarteko sailkapenean, loaren paralisia parasomniaren barruan kokatzen da: ezin dira muskuluak mugitu, baina begiak zabal-zabalik daude, inguruari behatuz.
Paralisia ulertzeko, lehenik eta behin loaren faseak zein diren jakin behar da. Alde batetik, REM ez den fasea dago, lo arina, eta loaldiaren %75 hartzen du. Bestetik, REM fasea dago, non loa are sakonagoa den: hor gertatzen da garunak egunean zehar egindako jardueren ondorioz egin behar duen garbiketa. Achucarro zentroko Neuronen Fisiologia Zirkadianoaren taldeburu eta Ikerbasqueko ikerlari Mariana Astizek loa gertutik ikertu du, eta bi fase horiek txandakatzea «oso garrantzitsua» dela azpimarratu: «Egunean zehar bizi eta ikasten ditugun gauza guztiak, garunera iritsi, eta aldi baterako memoria moduko batean gordetzen dira. Lo sakon hori beharrezkoa da memoria hori epe luzeagoko lekuetan gorde dadin».
Ziklo horiek txandakatu egiten dira gauean, eta pertsona batek lau-sei ziklo izan ditzake REMaren eta REM ez den fasearen artean. Baina ametsak REM fasean gertatzen dira, garunak aktibitate handiena duen garaia baita. «Une horretan, amets bizia gertatzen ari denean, gorputza erlaxatuta egoten da amets horrek irudikatzen duen jarduerarik ez egiteko», azaldu du Astizek. Hau da, muskuluak blokeatu egiten dira, pertsonak bere burua balkoitik botatzea amesten badu, ez botatzeko. Garunaren enbor entzefalikoak muskuluetara bidaltzen diren nerbio seinaleak «itzaltzen» ditu, eta lotan dagoen pertsona aldi baterako geldirik uzten du.
Logelaren itzalak
Loaren paralisia esnaldiaren eta loaren mekanismoen arteko sinkronizazio faltagatik gertatzen da, bereziki REM fasean. «REM loaren fasean gertatzen da paralisia, orduan baitago gure garuna aktiboen, baina muskuluak erabat mugatuta dauzkagu», zehaztu du Astizek. Egoera horrek segundo batzuk iraun dezake, minutu batzuk gehienez. Minutu horietan, gorputza ezin dela mugitu sentitzen da, baina, hala ere, pertsona erabat jabetzen da inguruan gertatzen ari denaz. Horrelako egoerak «askotan» bizi izan ditu Iñigo San Martinek. Oso txikitatik hasi zen loaren paralisia izaten, eta harrezkeroztik bere bizitzan finkatu den zerbait da: «Lehendabiziko aldian sentitu nuen ezin nintzela mugitu, baina esna nengoen. Hasieran beldurra izan nuen, estutasuna, ez nekielako zer zen; baina hortik aurrera, normal bizi izan dut».
«REM loaren fasean gertatzen da paralisia, orduan baitago gure garuna aktiboen, baina muskuluak erabat mugatuta dauzkagu»Â
MARIANA ASTIZÂ Ikerbasqueko ikerlaria
Batzuetan, ondoan zerbait edo norbait dagoela hautematen da loaren paralisia izaterakoan. «Azken urteetan haluzinazioak ere izan ditut, eta hor hasi nintzen gaia serioski hartzen. Entzumen eta ikusmen haluzinazioak. Igual ikusten nuen pertsona bat labana batekin nire gelan, edo nire ama oihuka entzuten nuen», esan du San Martinek. Beste batzuek ez dituzte pertsonak edo itzalak ikusten, baina sumatzen dute alboetan dagoen zerbait, ikusmenaren mugan dagoena. Baina Astizek lasaitasun mezu bat zabaldu nahi du: «Nahiko ohikoa da, eta ez da izutu behar. Izan ere, biztanleen %60k noizbait izan dute».
Loaren paralisiaren sintomen maiztasuna eta intentsitatea aldatu egin daitezke. Pertsona gehienentzat, esperientzia bakana edo ez oso ohikoa da, eta ez du tratamendurik behar. «Nahikoa lo ez egitearekin edo lo erregularra ez izatearekin lotu da. Gauero ordu berean lotara joaten saiatu behar dugu», gogorarazi du Astizek. Baina hori ez da erraza guztientzat: lan ordutegi irregularrak, gaueko txandak eta errutinen aldaketak ohikoak dira. Hala ere, San Martini gutxienez hilean behin gertatzen zaio: «Momentuaren araberakoa da: estres handia baldin badaukat gehiagotan gertatzen da, eta lasaiago baldin banago, gutxiago».
Estresarekin eta antsietatearekin ez ezik, paralisia narkolepsiarekin ere lotzen da. Narkolepsia nahasmendu neurologiko bat da, eta garunak loaren eta esnaldiaren zikloak erregulatzeko duen gaitasunari eragiten dio. Egunez bat-batean lo egiteko premia eragiten du. Hainbat ikerlanen arabera, narkolepsia dutenen %59k loaren paralisia ere badute. Paralisia ohikoa da lo egiten laguntzeko botikak hartzen dituztenen artean ere, Astizek adierazi duenez: «Insomnioa tratatzeko drogek normalean ez dute modurik ematen loaren zikloak betetzeko. Horren ondorioz, loaren faseen arteko trantsizioa ez dago argi, eta loaren paralisia ohikoagoa da».
«Lehendabiziko aldian, sentitu nuen ezin nintzela mugitu, baina esna nengoen. Hasieran beldurra izan nuen, estutasuna, ez nekielako zer zen; baina hortik aurrera, normal bizi izan dut»Â
IÑIGO SAN MARTIN Loaren paralisia izan du
Halakoak zergatik gertatzen diren jakitea lagungarria izan daiteke, baina baita «kezkagarria» ere hasieran, San Martinen arabera: «Txikitan uste nuen pertsona guztiei gertatzen zitzaiela. Gero, unibertsitatera joan nintzenean, kontzeptua testuliburu batean irakurri nuen lehen aldiz. Hor hasi nintzen kontuan hartzen, baina, aldi berean, paralisia gero eta gehiagotan izaten hasi nintzen. Beldurra baino gehiago, kezka hasi zen». Ia saihetsezina da mentalki paralisiaren aurka borrokatzea: hatzak, hankak eta gorputz osoa mugitzen saiatzea. Baina egoera itogarria izan arren, gomendatzen da lasai egoten ahalegintzea, gertakaria gehiegi ez luzatzeko. Ohean beste pertsona batekin lo eginez gero, bestea egoeraz ohartzen bada, oro har kaltetua ukitzea lagungarria izan daiteke paralisiaren egoera eteteko. Baina gutxitan gertatzen zaienentzat, irtenbidea lo erregularra izatea da, Astizen arabera; muturreko kasuetan neurologo bat bisitatzea gomendatzen du.Â
Estutasuna, arnasteko oztopoak, eta loaldiko haluzinazioa. Ez da beharrezkoa deabru itxurako izaki batek gorputza zapaltzea, baina Henry Fussli artistak horrela irudikatu zuen loaren paralisia. Amaia Isabel Salazar argazkilari, artista eta ikertzailea nerabezarotik zituen gaueko haluzinazioak erabiltzen saiatu zen artearen historian paralisia nola ilustratu zen ikertzeko. Horren emaitza da haren lana: Prototipos y arquetipos de la representaciĂ³n de la parĂ¡lisis del sueño: un enfoque desde el arte (Ametsaren paralisiaren irudikapenaren prototipoak eta arketipoak: artearen ikuspegi bat).
Esperientziak kolektibizatzen
«Margolanaren giro ilun eta beldurgarriak ikusleari eszena mehatxagarri baina erakargarri bat erakusten dio», deskribatzen du Salazarrek bere lanean. Obraren protagonista zapaltzen duen izakiaren irudikapena nondik sortzen den jakin nahian, artistak erantzuna aurkitu zuen: inkuboa. Deabruak dira Erdi Aroko mitologia herrikoi europarrean, eta biktima lotiaren gainean ipintzen dira. «Artean, Erdi Arotik gaur egun arte, kanpoko irudien bidez irudikatu izan dira barne indar horiek. Irudi horiek, gainera, ezezaguna dena prozesatzen laguntzen diguten iruditeria kolektiboak sortu dituzte», adierazi du Salazarrek. Ordutik aurrera, loaren paralisiaren sintomatologia espiritu edo deabruen irudiarekin lotzen hasi zen, izu kolektibo horiek gorpuzten zituztelako, gizartearen beldurrak.
«Artean, Erdi Arotik gaur egun arte, kanpoko irudien bidez irudikatu izan dira barne indar horiek. Irudi horiek, gainera, ezezaguna dena prozesatzen laguntzen diguten iruditeria kolektiboak sortu dituzte»
AMAIA ISABEL SALAZAR Artista eta ikerlaria
Koadro horren bidez, ikertzaileak uste du sistema patriarkala ere irudikatzen dela: emakumea geldi agertzen da, «babesgabe» eta «erabat zapalduta»; eta haren gainean, deabrua. «Erdi Aroko mitologiako inkuboa deabru sexual bat da, lotan dagoenari eraso egiten diona eta, nolabait, emakumea bortxatzen duena», dio Salazarrek. XX. mendetik aurrera, loaren paralisiaren irudikapena erabat aldatu zen: emakumea da, sukuboa, gizonari eraso egiten diona. «Baina deabru sexuala da. Beti dago emakumeari buruzko konnotazio negatiboa eta munstrotasunari lotua», gehitu du artistak.
Loaren paralisia izendatu eta hiztegi neurozientifikoa erabili aurretik, deabruak eta izpirituak zeuden. Salazarrek hainbat kulturatako pertsonak elkarrizketatu zituen, munduko hainbat lekutan nola irudikatzen zen jakiteko, eta narrazioa errepikatu egiten zela ikusi zuen: «Izaki horiek ez dira asmakizunak soilik, arketipo kulturalak dira. Prototipo sinbolikoak dira, eta lehen azaldu ezin ziren esperientzia fisiologiko horiei zentzua ematen diete». Kultura bakoitzerako ezagunak diren ereduak erabiliz, loaren paralisia eta haren haluzinazioak irudikatzen dira. Orain, neurologiako kontsultetara larrituta iristen den jendeari laguntzeko, Salazarrek bere argazkiak erakusten dizkie; gertatzen zaiena ikusi ahal izateko, irudikatzeko behintzat: «Kontsultetara iristen diren eta loaren paralisia duten pazienteei haluzinazioen argazkiak erakusten dizkiet. Egoera normalizatzen laguntzen die, baita neurologoei hura komentatzen ere».