Espezie inbaditzaileak (III). 'Buddleja davii'

Begiratu ingurura: denean dago

Txinatik ekarri zuten lorategiak eta etxe inguruak apaintzeko, bere ederrarengatik. Ihes egin du itxituretatik, eta denean hedatu da. Landare zaila da borrokatzeko, eta oso erraz ugaritzen da. Habitatak eraldatzen ari da.

Bi edo hiru metroko zuhaixka egiten da 'Buddleja davii' landare inbaditzailea. Argazkikoa, Andoainen daudenetako bat da. ENEKOITZ TELLERIA
Bi edo hiru metroko zuhaixka egiten da 'Buddleja davii' landare inbaditzailea. Argazkikoa, Andoainen daudenetako bat da. ENEKOITZ TELLERIA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak


Treneko leihotik ikusten den hori da. Erreka bazter horretan dagoena. Industrialde abandonatu horretan. Horma zahar horren zirrikituetan. Autobideetako ezpondetan. Estolda horien bazterretan. Erretenetan eta zangetan. Lugorrietan. Zuhaixka eta ia zuhaizti ere bihurtu da jada toki batzuetan, inor konturatzerako. Bat han, bestea hemen. Eta aldaxka txikiak ari dira sortu eta sortu. Haziak haizatu eta haizatu. Begiratu ingurura: denean dago. Espezie exotiko inbaditzailearen ezaugarri guztiak ditu: azkar barreiatzen da, azkar hazten da, lehen besteenak ziren eremuak okupatzen ditu, eta ez dio beste inori berean sartzen uzten. Buddleja davii du izena, eta polita bezain nekosoa da. Oso arazotsua.

Ikusgarria da, izatez. Dozenaka lore txikiz osatutako buru edo infloreszentziak ematen ditu, galburuak balira bezala. Izan litezke lilak, urdinak, purpurak, arrosak, zuriak edo gorri-moreak. Eta lurrin gozoa darie. Apaingarri gisa erabiltzeko hazi zuten Txinan, eta handik mugitu zuten munduko ia bazter guztietara, lorategiak eta etxe inguruak atontzeko eta edertzeko. Amerikan, Europan eta Ozeanian, itxituraz bestaldera egin du jauzi, ordea. «Alde guztietan daukagu», esan du Aranzadiko botanikari Mari Azpirozek, etsita. «Iparralderantz hazten den espeziea da. Espezie exotiko inbaditzaileak, izan ere, banaketa lerro antzekoan hazten dira», esplikatu du. Eta adibide bat jarri: «Hor badago hegazkinen bidaien berri ematen duen mapa bat, egunean zenbat bidaia egiten diren esaten duena. Bada, ikusten da bidaiak latitude berberetan doazela. Landareekin berdin gertatzen da: latitude bereko habitatetan, espezie inbaditzaile hauek oso erraz bizi dira. Latitude berean kokatzen dira. Banaketa optimoa hori litzateke, nahiz eta ez izan hori haren jatorrizko habitata». Eta Buddleja davii «eroso» bizi da Euskal Herrian. «Oso eroso dago, bere klima erosoan. Mediterraneo aldean gutxiago agertzen da, baina gure kostan, gure iparraldean, eta Pirinioetan ere oso eremu zabala du».

Zergatik dagoen hainbeste? «Ale bakoitzak hiru milioi hazi ekoitz ditzakeelako». Kopuru harrigarria da. Eta ez hori bakarrik: «Badauka gaitasuna sustrairik gabe sortzeko. Alegia, aldaxken bidez birsortzeko. Espezie inbaditzaile baten ezaugarri guztiak ditu: azkar barreiatzen da, azkar hazten da, eremuak berak betetzen ditu, eta azpialdean ez dio beste ezeri hazten uzten». Azpirozek dio «estrategia bikainak» dituela: «Sustrai bidez hedatzen da, eta oso zaila da erauzteko. Estrategia ona da hori, baina haren estrategiarik onena da haziak haizearen bidez barreiatzen dituela. Horregatik agertzen da trenbide eta errepide inguruetan. Horietan sortzen diren haize boladak baliatzen ditu, haziak barreiatzeko».

'Buddleja davii' ale bakoitzak hiru milioi hazi aska ditzake. ENEKOITZ TELLERIA
'Buddleja davii' ale bakoitzak hiru milioi hazi aska ditzake. ENEKOITZ TELLERIA

Zer egin daiteke, orduan, espezie exotiko inbaditzaile alaen hori borrokatzeko? «Lehenengo gauza prebentzioa da, eta jada pauso bat atzera goaz horretan. Gurean ez sartzeko neurriak hartu behar ziren, eta ez ditugu hartu», nabarmendu du Azpirozek. «Ondo dauden habitatetan, espezie hauek ez dira ateratzen. Kontua da habitatak eraldatuta dauzkagula, eta eraldatutako habitat horietan errazagoa dela hazi batek, bertan sartuta, aurrera egitea». Aranzadiko botanikariak dio lehentasunak, horregatik, «habitat naturalak zaintzea» izan behar duela. «Naturalki zainduta dauden eremu horietan, espezie honek zailtasun handiagoak ditu sartzeko». Adibide bat jarri du: «Dunen defentsan ari garenean, eta horrelako bi ale agertzen badira, ez dute potentzialtasun handirik eremu horretan zabaltzeko, baina lehentasun bat da horiek kentzea. Sustraitik ateratzen dira, eta helburua izaten da berriro sustrai horiek ez agertzea».

Habitat natural horietatik kanpoko borroka ez da batere erraza. «Harrigarria da, baina eraikin bateko zirriztu bat nahikoa du, edo estolda baten bazterra, hazteko. Ez du ia lurrik ere behar. Eta arazoa hori da: jada eraldatuak ditugun eremu horietan borroka hau oso zaila dela». Moztutako sustrai beretik birsortzeko gai da, baita izotzaldi batek gainaldea erre ondoren ere. Erresuma Batuan, hogei espezie aloktono inbaditzaileenen artean dute. Klima aldaketarekin ere lotu izan dute haren hedapena. Suitzan ere arazoak ari da eragiten, eta espezie aloktono inbaditzaileenen zerrenda beltzean dute sartuta, beste 26rekin batera. Oso komunitate trinkoak sortzen ditu, eta zaildu egiten du bertako espezieak haztea.

Buddleja davii ale batera gerturatuta ez da, noski, hori guztia sumatzen. Are gehiago, bizitzaz betetako zuhaixkak dira. Eta ikus daitezke haren buru trinko eta eder horietan erleak, liztorrak, erlastarrak eta tximeletak —tximeleten zuhaixka ere esaten diote—. Eta entzun liteke horien burrunba. Lore usaintsu horiek polinizatzaileak erakartzen dituzte, baina oro ez da urre: polinizatzen dituztenak espezie exotiko inbaditzaileak badira, bertakoak geldituko dira polinizatu gabe. «Garbi dago inbaditzaile hauek sortzen duten kalte nagusia habitatak eraldatzea izaten dela; bertakoa lekuz aldatzea. Eta bertakoa lekualdatzean, etortzen diren intsektu polinizatzaileak iritsi berri den beste horretara joango zaizkizu. Usain goxo hori ere bada haren estrategiaren parte. Buddleja davii zuhaixka horiek oso tresna eraginkorrak dituzte, ia inbaditzaile guztiek bezala».

Erlastar bat, Buddleja davii zuhaixka baten loreetan. ENEKOITZ TELLERIA
Erlastar bat, Buddleja davii zuhaixka baten loreetan. ENEKOITZ TELLERIA

Eta badu beste helduleku berezi bat Buddleja davii zuhaixkak: izen zientifikoa. Euskal naturalista baten izena darama: Armand Davidena (Ezpeleta, Lapurdi, 1826 - Paris, 1900). Misiolari lazarista bat izan zen David, zoologoa eta botanikaria. «Pekin aldera joan zen misiolari, 1862 inguruan. Datuak jasotzen aritu zen. Espezie pila bat identifikatu zituen. Buddjleja davii zuhaixkari haren omenez jarri zioten izena. Garai hartan ohitura zen identifikatzaileen izenak jartzea identifikatutako espezieei. Botanikarien artean banatzen zituzten, nolabait. Armand Daviden izena berrogei bat landareri jarri ei zioten», azaldu du Azpirozek. Izan ere, Parisko Natur Historiako Museoko irakasleen enkarguz, Txinako fauna eta florako aleak bildu eta Frantziara bidali zituen Davidek. Europako hainbat biologok Davidek bidalitako materiala baliatu zuten espezie berriak deskribatzeko: hainbat landarek daramate haren izena. Davidia generoa, adibidez, berariaz sortu ei zuten Davidia involucrata zuhaitza izendatzeko. Davidii eta armandii izenak daramatzaten landareek eta animaliek Armand David ohoratzen dute: Elaphurus davidianus oreina, Rhynchomeles davidiana arratoia, Pinus armandii pinua, Ulmus davidiana zumarra... Ez zen edonor izan. Manex Hiriart-Urrutik 1900. urtean idatzi zuen hari buruz Eskualduna astekarian: «Eskual-herritik behinere jalgi diren jakintsun handienetarik bat» izan zela zioen bertan.

Kepa Altonaga biologoak Arman Davidi buruzko liburu eder bat dauka idatzita: Armand David, pandaren aita. 1999ko CAF Elhuyar zientzia dibulgaziorako saria irabazi zuen harekin. Aitzinsolasean zera dio: «Aita Daviden garrantzi handia izan arren, nekez aurkitzen da berorren ekarpen zientifikoen berririk daukan lagunen bat. Kasurako, edonorentzat da ezagun panda eta pandaren inguruko hil ala biziko problematika, baina inortxok ere ez daki animalia karismatiko hori Euskal Herriko seme batek aurkitu eta deskribatu zuenik. Jakina, pandarena icebergaren erpina da, alegia, Armand Daviden kurrikulu zientifikoaren erakusgarri nagusia». 

JAKINGARRIAK

  • Nola izena duen. Buddleja davii. 
  • Nondik datorkion izena. Armand David naturalista, botanikari eta zoologo ezpeletarraren izena darama.
  • Nongoa den. Apaingarri gisa erabiltzeko hazi zuten Txinan, eta handik zabaldu zuten munduko ia bazter guztietara, lorategiak eta etxe inguruak atontzeko eta edertzeko. Amerikan, Europan eta Ozeanian hedatu da.
  • Loreak nolakoak diren. Dozenaka lore txikiz osatutako buruak ematen ditu, galburuak balira bezala. Izan litezke lilak, urdinak, purpurak, arrosak, zuriak edo gorri-moreak. Eta lurrin gozoa darie.
  • Zer beste ezaugarri dituen. Azkar barreiatzen da, azkar hazten da, lehen besteenak ziren eremuak okupatzen ditu, eta ez dio beste inori berean sartzen uzten. Ale bakoitzak hiru milioi hazi ekoitz ditzake.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA