Egunerokoan euskarazko zerbitzua jasotzea errazteko tresna bat sortu berri dute: Gure Txokoak. Euskal Herriko mapa digital baten gainean, zerbitzua euskaraz eskaintzen duten taberna, jatetxe, hotel eta liburu dendak erakusten ditu haren webguneak —aplikazioa ere badu; Androiderako, momentuz—. Gure Txokoak egitasmoaren sortzaileetako bat da Xumar Altzugarai (Lesaka, Nafarroa, 1985), eta argi du «auzolan digitalean» oinarriturik egon behar duela; hau da, euskaltzaleek igorritako proposamenei esker elikatuko dela proiektua.
Nolatan otu zitzaizuen Gure Txokoak sortzea?
Eremu ez hain euskaldunetan edo hiriguneetan bizi garen euskaldunok egunerokoan estres linguistiko dezentekoa pairatzen dugu. Hala ere, txinparta Nafarroa Beherean eta Zuberoan oporretan nengoela piztu zitzaidan. Etxalde batean gazta erosi nahi genuen, eta ez zen modurik euskaraz erosteko. Hor pentsatu nuen ondo legokeela webgune bat sortzea non euskaraz erosketak egin ahal izateko lekuak bilduko ziren.
Ez da lehen aldia horrelako egitasmo bat abiatzen dena.
Gaia jorratzen hasi ginenean, burura etorri zitzaidan duela zenbait urte Twitterren horrelako ekimen bat abiatu zela. Egin zuten mapa ez zitzaidan sobera erabilgarria iruditzen; gainera, Google Mapsen integraturik zegoen. Guk hortik at zegoen zerbait egin nahi genuen; hori dela eta, Open Street Map erabili dugu, mapak euskaraz jartzeko aukera eman baitigu. Baina garai hartako datu basea hartu dugu, oso erabilgarria baita.
Taberna eta jatetxe asko zeuden, baina haien izena eta helbidea bakarrik agertzen ziren. Guk informazio hori findu dugu: argazkia jarri dugu, eta haien webgunea gehitu. Irekita jarraitzen duten ere begiratu dugu. Ez dakigu jabeak aldatu badira euskaldunak ote diren; hortaz, jendearen laguntza beharko dugu. Helburua bada bizirik egongo den komunitate bat sortzea ere.
Zer onura izan ditzake?
Euskal Herrian barrena edo etxe inguruan gabiltzanean euskaraz bizi ahal izateko tresna eraginkor bat izatea nahi dugu. Gure Txokoak-en, benetan euskaraz lasai egin ahal izateko lekuak bildu nahi ditugu. Argi dago erakundeek gehiago egin behar dutela; baina, bitartean, herritarrak ezin gara geldirik geratu. Gure esku dagoen guztia egiten ahalegindu behar dugu.
Tabernak eta jatetxeak daude bereziki, baina baita gaztetxeak eta liburu dendak ere. Zer txokok dute lekua?
Hasieran, Euskal Herrian barrena turismoa egiten dabilen norbaiten beharretan pentsatu genuen. Tabernak, jatetxeak eta lotarako lekuak eskaini nahi genituen. Gero, konturatu ginen gauza ezberdinak ere izan zitezkeela; arropa denda bat, adibidez. Turismoari bideratutako zerbait denez, uda aurretik argitaratu nahi genuen.
Baina egunerokoan ere izan daiteke praktikoa.
Fitxak osatzean, nire auzoan bertan hartu ditut sorpresak. Ezagutzen ez nituen hainbat leku topatu ditut. Beraz, noski, lagungarria izan daiteke. Iragan astelehenean Gure Txokoak aurkeztu, eta, aurreneko egunetik, gauzak proposatu dizkigute; eta horietako bat osasungintzari lekua egitea izan da: fisioterapeutak, dentistak... Ez genuen buruan, baina oso aukera ona da. Hori bai, denbora beharko dugu proposamen denak sartuz joateko. Lehen egunean jada ehun proposamen berri heldu zitzaizkigun!
Denen artean joango gara Euskal Herriko mapa osatuz, eta bakoitzak bere beharren arabera erabiliko du.
Helburu horietaz gain, beste xederik edo ekarpenik baduzue buruan?
Egunerokoan edo aisialdian gaudenean euskaraz bizi ahal izateko tresna bat eskaintzeaz gain, euskaraz zerbitzua emateko esfortzua egiten duten txoko horiei errekonozimendua ematea eta haiek saritzea da gure helburuetako bat. Eremu ez hain euskaldunetan dauden txoko horiei aparteko esfortzu bat eskatuko die langile euskaldunak bilatzeak; bada nolabaiteko aitortza bat egiteko era ere.
Eta zeharka beste bi helburu betetzen ditugu. Alde batetik, fitxak errepasatzerakoan, konturatu gara denak bertako merkatari txikiak direla. Ez dago multinazionalik. Beraz, lagundu dezake bertako merkataritza eta gertuko kontsumo eredu bat sustatzen. Bestetik, turismo jasangarriago bat sustatu dezakegu. Hiru egun libre ditugunean, hegazkin bat hartu eta beste kontinente batera joatea ohikoa bihurtu den honetan, iruditzen zaigu hauspotu behar dela Euskal Herrian bertan gelditzea eta txoko berriak ezagutzea.
Leku fisikoak biltzen dituen leku digital bat sortu duzue. Nolakoa da euskararen egoera ingurune digitalean?
Nahiko erlatiboa da, segun eta nondik begiratzen den. Interneten euskararik ez zegoelako dogma hedatu zen garai batean, eta hori, zorionez, gainditzen ari gara. Bai sare sozialetan eduki sortzaileen aldetik, bai eta plataformetan ere. Sarean, orokorrean, gero eta joera handiagoa dago euskaraz aritzeko. Oraindik bide luzea dago egiteko, baina teknologiak ahalbidetzen du jende gutxiren artean aplikazio bat sortu eta lagungarria izatea milaka pertsonarentzat. Uste dut bide onetik goazela; agian positiboegia naiz.
LOTSABAKO
Txoko bat?
Garraxi jatetxea, Egian (Donostia).Euskaraz bizitzeko leku bat?
Nahiko nuke Donostia izatea.Euskal webgune bat?
Zer Non Ikusi.