Berako (Nafarroako) bestak ate joka izan dira astean zehar, baina gaur 12:00etan suziria jaurtiko dute herritarrek, San Esteban besten hasiera adierazteko. Euren jarrera antimilitaristarekin eta indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilarekin arrastoa utzi duten beratar aipagarriek botako dute suziria. Aldi berean, txikiendako goxokiak banatuko dituzte. Ondotik, erraldoiak eta buruhandiak kalez kale ibiliko dira dantzan, gaiteroekin batera.
Euskal preso politikoen aldeko topa egitea proposatu du Espidobaita elkarteak, 13:00etan, eta 19:00etatik aurrera txosnak irekiko dituzte Toki Onako patioan. Hortik aurrera musikak girotuko du herria: Sunkile batukada, txosnagunean hasita; Berako txistularien kalejira; eta, 21:00etan, herri dantzek Kanttonberri kalea hartuko dute. Ezpelur gaiteroen musikarekin batera dantzatuko dute. Besten lehen eguna amaitzeko, Akerbeltz taldea izango da agertokian, 23:00etan.
Bihar, goizean goiz izango dute lehen hitzordua. Berako txistulariek argi soinua joko dute 09:30ean, eta hortik aurrera Ezpelur gaiteroak herrian barrena ibiliko dira. Mezaren ondoren, Gure Txokoa dantza taldeko kideek, herriko txistulariekin batera, Berako makil dantza eta pordondantza dantzatuko dute. Bertsolarien txanda iritsiko da gero, 12:30ean; Maddi Ane Txoperena eta Unai Iturriaga bertsolariek kantatuko dute Herriko Etxeko plazan. Ekitaldia amaitu bezain pronto, berriz ere Ezpelur gaiteroek hartuko dituzte herriko kaleak.
Gaiteroek atseden hartu, eta Incansables txaranga agertuko da. 18:00etan, berriz, beratarrak Herriko Etxeko plazan elkartuko dira, Gure Txokoa dantza taldearekin eta herriko txistulariekin batera; Berako aurreskua dantzatuko dute. Dantza amaitu bezain pronto, 18:30ean, Berako bandak kontzertua emango du. Iluntzean, 21:00ak inguruan, herri dantzak antolatu dituzte Kanttonberri karrikan, eta gero, umeentzat batez ere, zezensuzkoa ibiliko da Itzea kalean hasi eta Altzateko Jaunaren plazaraino. Txosnagunean ere dantzatzeko aukera izango dute askok, DJ Bullen emanaldian; nekaezinentzat, berriz, Incansables txarangak kalejira egingo du 01:00etik aurrera.
Ostegunera arte
Atsedenerako tarterik gabe, askotariko ekitaldiak izango dira hurrengo egunetan ere: kalejirak, herri dantzak, erraldoien kalejirak... Ostegunera arte Berako kaleak musikaz beteta egongo dira. Kirol ekitaldiak ere izango dira; asteartean, adibidez, gizonezko pilotari profesionalen partidak izango dira Eztegara pilotalekuan, 18:00etan. Helduentzako eta umeentzako danborradak ere antolatu dituzte, hurrengo belaunaldikoei instrumentu hori jotzen irakasteko. Bestak agurtzeko, Azken Guda Dantza antolatu dute ostegunean, gauerdian.