Berasategiren zazpigarrena

Sevillan duen jatetxeak lortutako Michelin izarrarekin zazpiko sorta osatu du Martin Berasategik. Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak, berriz, bigarrena lortu du.

Nagore Rodriguez.
Donostia
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Izarren festa izan zen atzo Donostiako Maria Cristina hotelean. Sukaldaritzako Michelin izarren gaua. Azken egunetako zurrumurruak bukatu, eta izar preziatuakbanatu zituen atzo iluntzean Michelin gidak.

Lau izar berri iritsi dira Euskal Herriko sukaldarien jatetxeetara. Martin Berasategik zazpigarren izarra jaso du. Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak, berriz, bigarrena; eta lehen aldiz izar bana jaso dute Donostiako Mirador de Ulia jatetxeak eta Gasteizko Ikeak.

Martin Berasategi izan zen gaueko protagonistetako bat. Sukaldariak Sevillan duen Santo jatetxeak lehen izarra lortu du, eta horrekin zazpi dira jada sukaldariak lortutakoak: hiru ditu Lasarteko jatetxeak, bi Bartzelonakoak, eta bakarra Tenerifen duen jatetxeak.

Ez da gutxiagorako Eneko Atxa sukaldari gazteak lortutakoa. Larrabetzun duen jatetxeak bigarren izarra irabazi du. Eta lehen aldiz sartu dira gida prestigiodunan Donostiako Mirador de Ulia jatetxea eta Gasteizko Alde Zaharrean dagoen Ikea jatetxea.

Gastronomiaren lurraldea

Donostia eta, oro har, Euskal Herria beti egon dira sukaldaritzari lotuak. Ez du alferrik Donostia aukeratu Michelin gidak bere hurrengo urteko gida aurkezteko. Lehen aldiz aurkeztu du gida Euskal Herrian.

Pedro Subijana sukaldariaren eskariari erantzunez iritsi dira Donostiara Michelin gidako arduradunak, gida berria eskuetan. Munduan biztanleko izar gehien duen hiriburua dela gogorarazi zien Subijanak Donostiako hautagaitza aurkezterakoan. Eta horri egin zion erreferentzia atzoko ekitaldian Patxi Lopez lehendakariak ere; Donostia aukeratzean, gainera, Euskal Herriko gastronomiari aitorpena egiten zaiola gaineratu zuen.

Datuek argi uzten dute. Hiriaren inguruan hiru Michelin izar dituzten hiru jatetxe daude: Arzak eta Akelarre Donostian, eta Martin Berasategirena Lasarten. Andoni Luis Aduriz sukaldariaren Mugaritz jatetxea (Errenteria) eta Donibane Garaziko Les Pyrenees ere izarren zerrenda ospetsuan daude, bina izarrekin. Eta hemendik aurrera Eneko Atxaren Larrabetzuko Azurmendi jatetxea ere egongo da.

Japoniako Michelin gida ere argitaratu berri dute, eta Ipar Euskal Herrian ikasitako Shinichiro Sakurai sukaldariaren Lauburu jatetxeak lehen izarra jaso du. Parisi aurre hartu zion Tokiok iaz izar kopuruari dagokionez, eta lehen postuan jarraituko du orain ere.

Ehun urte baino gehiago ditu tapa gorridun gidak, baina 1931n hasi zen jatetxeei izarrak jartzen. Urteetan gero eta ospe handiagoa lortu du, eta gastronomiako Oscar sariak diotela diote adituek. Gaur egun gidaren 1,2 milioi ale saltzen dira munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.