Jokoak

Berbaxerka, euskaldunak biziatu dituen azken jokoa

Kataluniako Paraulogicen euskarazko bertsioa da. Jokoak ematen dizkizun letrekin euskarazko ahalik eta hitz gehien osatzean datza. Ez du egile jakinik.

Berbaxerka jokoaren fotograma bat. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 09a
14:28
Entzun

«Engantxatu naiz droga berri honetara». «Kontuz, adikzioa sortzen du». «Menpekotasuna sor dezake, ez erabili lanean». Sare sozialetako erabiltzaileek eman dute abisua: kontuz Berbaxerkarekin. Kataluniako Paraulogic jokoaren euskarazko bertsioak zale ugari lortu ditu tarte laburrean, eta batzuk hasiak dira jada euren buruari egunean jokatu dezaketen denbora mugatzen.

Sinplea da jokoaren funtzionamendua: egunero zazpi letra ematen ditu abaraska moduko batean, erdiko letra nabarmenduta. Hura derrigorrez erabili behar da, eta, beste letren laguntzaz, ahalik eta euskarazko hitz gehien osatu behar dira. Euskaltzaindiaren hiztegian agertzen diren hitzak baino ez dira onartzen, gutxienez hiru karakterekoak.

Horrek, ordea, ez du esan nahi euskarazko hitz guztiak onartzen dituenik jokoak. Egileek hala azaldu dute: «Okerra mezuak ez du esan nahi hitza okerra denik: badago Euskaltzaindiaren hiztegian agertzen ez den hitz zuzen asko. Mezuak esan nahi du osatutako hitzak ez dituela betetzen jokoaren arauak, besterik ez».

Hitz guztiek ez dute berdin puntuatzen: hiru letra dituzten hitzekin puntu bat lortzen du jokalariak, eta lau letra dituztenekin, bi puntu. Zenbat eta hitz luzeagoa, orduan eta puntu gehiago. Hamar puntu extra lortzeko modu bat ere badago, guztitz-a asmatuta: jokoak emandako letra guztiak erabiltzen dituen hitza.

Egilea eta aurrekariak

Eta nor da, ba, jokoaren sortzailea? Erabiltzaileek ez dakite. BERRIAk ere ez. Urtarrilaren 6an agertu zen, Errege Magoek ekarri balute bezala. ETBk pentsatu du Egunean Behin garatzen duten Code Syntaxekoak izan zitezkeela... baina ezetz diote haiek. Nortzuk diren ere ez dakitela: «Ager zaitezte, oi druida ezezagunok!», idatzi diete Twitterren.

Sustatu.eus atariak azaldu duen moduan, jokoak erreferentzia argiak ditu: ingelesez, The New York Times-ek sortutako Spelling Bee, eta Katalunian, lehen aipatutako Paraulogic. Besteak beste, Vilaweb egunkari digitalaren webgunean jokatu daiteke joko horretara. Berbaxerkara, berriz, ordenagailuan edo sakelakoan joka daiteke, esteka honen bidez. Zenbat hitz asmatzeko gai zarete zuek?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.