BERRIA bekaren beste deialdi bat, proiektuak sortu eta garatzeko

Euskara, hedabideak eta teknologia berriak hartuko dira kontuan proiektu berriak sortzeko.Apirilaren 1era arte aurkez daitezke lanak

urtzi urkizu
2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
BERRIA Hedabideen Fundazioak beka baterako deialdia egin du, BERRIA Taldearen eta Laboral Kutxaren laguntzaz. Euskara, komunikabideak eta teknologia berriak kontuan hartuta, proiektu berriak sortu eta martxan jartzeko da beka. Hirugarren aldia da fundazioak deialdia egiten duena: 2010. urtean, Antxeta Irratiaren Euskal irrati lokalak sakelakoan proiektuak irabazi zuen; 2014an, emakume adituen datu basea egiteko proiektuak jaso zuen beka.

Enpresa, komunikabide edo bestelako proiektu berriak sortzea lortu nahi dute sustatzaileek bekaren bidez. Euskarazko komunikabideen eremuan, komunikaziorako egitasmoa izan beharko du proiektuak teknologia berrietan oinarritua; komunikazio proiektu edo enpresa ere izan daiteke.

Banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da, baina betiere parte hartzaileak norbanakoak izango dira. Parte hartzen dutenek proiektuaren egilearen edo egileen curriculum laburra aurkeztu beharko dute, eta proiektuaren azalpen txostena —landu nahi den ideia ahalik eta zehatzen azalduz—.

Beka eman ondoren, gehienez urte bateko epea izango du irabazleak proiektua garatzeko. Epaimahaiarekin adostuz gero, luzatzeko aukera izango litzateke. Proiektua martxan jarri aurretik behar dituen azterketa eta lanketak egiteko baliatuko da beka: enpresa egituraren azterketa, alde teknikoen azterketa, antolaketa, merkatu azterketa eta abar. Bekadunak, hiruhiletik behin, proiektuaren nondik norakoen berri eman beharko dio epaimahaiari.

Apirilaren 1era arte aurkeztu ahalko dira lanak. Postaz aurkez daitezke, bi helbide hauetan: BERRIA Fundazioa, Martin Ugalde Kultur Parkea, 20140 Andoain; BERRIA Fundazioa, Iratxe Monasterioa, 45. 13a, 31011 Iruñea. Baita posta elektronikoz ere, idazkaritza@berriafundazioa. net helbidera bidalita.

Beka irabazten duenak 12.000 euro jasoko ditu proiektua martxan jartzeko. Laurdena beka eman eta onartzen duela dioen idatzia jaso eta berehala emango diote; erdia, beranduen handik hiru hilabetera, egiten ari den lanaren xehetasunak bilduko dituen lehen txostena aurkeztu eta epaimahaiak onartu ondoren; azken laurdena, proiektua amaitu eta epaimahaiaren oniritzia jaso ondoren. Gainera, bekaren irabazleak BERRIA Hedabideen Fundazioak eta Euskarazko Komunikazio Taldea SAk dituzten baliabideak erabiltzeko aukera izango du. Landutako proiektua martxan jartzeko laguntza emango zaio irabazleari; beharraren arabera zehaztuko dena. Proiektuaren helburua enpresa bat sortzea bada, egileak horretarako Laboral Kutxaren Gaztenpresa fundazioaren laguntza izango du, nahi izanez gero.

Informazio edo xehetasun gehiago nahi duenak helbide honetara idatz dezake: [email protected].

BERRIA Hedabideen Fundazioa 2009ko amaieran sortu zuen EKT Euskarazko Komunikazio Taldeak. BERRIA beka izan zen fundazioaren lehen egitasmoa. Sakelako telefonoetako euskarazko irratian entzuteko aplikazioa sortu zuen bekari esker Antxeta irratiak: Uhinbak. 2014an, berriz, Emakumeok kazetarion agendan: euskal emakume adituen biltoki digitala proiektuarekin irabazi zuten beka Oihana Etxebarrietak eta Eider Olazararrek. Iazko ekainean aurkeztu zuten Gabiltza.eus datu base digitala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.