Sare sozialak

BERRIAk Whatsappeko kanal bat sortu du

Oraingoz, esteka baten bitartez aurkitu ahal da soilik. Sartu, jarraitu eta kanpaitxoa aktibatuz gero, Whatsappez jaso ahal izango dira hautatutako edukien jakinarazpenak.

2023ko urriaren 23a
11:52
Entzun

Gaurtik aurrera, BERRIAren edukiak Whatsappez jasotzeko aukera ere badago. BERRIAk Whatsappeko kanal bat sortu du, eta kanal horri jarraitzen diotenek sakelakoan jasoko dituzte erredakzioan aukeratutako eduki batzuk: eguneko artikulurik nabarmenenak, azken ordukoak, podcasten azken atalak eta bideorik ikusgarrienak, besteak beste. Irailean sortu zituen Whatsappek kanalak, eta, lehen asteetan gutxi batzuen eskura egon badira ere, joan den astean zabaldu zien aukera hori erabiltzaile gehiagori. BERRIArena martxan da.

Ikusi gehiago:BERRIAren Whatsappeko kanala

Whatsappeko erabiltzaileak, oraingoz, kanalaren estekaren bitartez aurkitu ahal izango du kanala. Metak egiaztatzen duenean, bilatzailearen bidez ere aurkitu ahal izango da. Modu batera edo bestera, kanalean sartu, eta Jarraitu klikatu behar da edukiak sakelakoan jasotzeko. Horrez gain, kanpaitxoa aktibatuz gero, bidalketa bat dagoen aldi bakoitzean jakinarazpen bat iritsiko da sakelakora.

Kanalean soilik BERRIAk idatzi ahal izango du, eta irakurleek euren erreakzioa gehitu ahal izango diote bidalketari. Erabiltzaileak Whatsappeko bere kontaktuekin parteka ditzake kanaleko edukiak, Whatsappeko beste edozein edukirekin egiten den moduan, birbidaliz.

Ez BERRIAk eta ez kanaleko beste erabiltzaileek ez dute ikusterik izango beren agendako kontaktuetan ez dagoen kanaleko ezein jarraitzaileren telefono zenbakirik, ez eta izen-abizenik eta argazkirik ere.

Telegram kanalak, 6.600 harpidetik gora

Telegrameko kanalen funtzionamendu bera dute Whatsappekoek. BERRIAk 2019ko maiatzaren 22an sortu zuen Telegrameko kanala, eta gaur egun 6.600 harpidedun baino gehiago ditu. Bi kanal horiekin edukiak beste euskarri batean eskaintzea da BERRIAren helburua.

Gainera, BERRIAk, Telegrameko kanalean bezala, lengoaia propioa erabiliko du Whatsappen, zuzenagoa eta informalagoa. Horregatik, emotikonoak eta kazetaritzan ezohikoak diren formulak baliatuko ditu eduki horiek zabaltzeko: bigarren pertsona, ateraldi bat, txiste bat, efemeride bat, ironia, sormena, hitz berri bat, bertsoak...

Whatsapp eta Telegram erabiltzeaz gain, X, Facebook, Instagram, YouTube eta Tiktok ere erabiltzen ditu BERRIAk bere edukiak irakurleei hurbiltzeko. X-ko kontua (Twitter zen lehen) 2007an sortu zuen BERRIAk, eta jarraitzaile gehien duen euskarazko kontua da: gaur egun ia 90.000 dauzka. Facebookeko orrialdeak 35.000 jarraitzaile dauzka, eta 33.000 erabiltzailek atsegin dute. Instagrameko kontua 2015eko Korrikarako sortu zuen BERRIAk, eta 25.000 erabiltzailek jarraitzen diote. BERRIAren YouTubeko kontuari 3.780 erabiltzailek jarraitzen diote. Whatsappeko kanalaren aurretik sortutako azkena Tiktokekoa izan da. Aurtengo martxoan sortu zuen BERRIAk, eta ia 600 jarraitzailek eta 1.600 erabiltzailek atsegin dute.

BERRIAk hogei urte bete ditu aurten, eta aurki jauzi digitala egingo du, Amagoia Mujika Tolaretxipi zuzendariak akziodunen batzarrean iragarri zuen moduan: erredakzioaren funtzionamendua aldatu egingo da, eskaintza digitala indartzeko; euskarri digitaleko erabiltzaileen esperientzia hobetuko da, eta irakurleei edukiak pertsonalizatzeko aukera emango zaie; BERRIA entzuteko espazio bat sortuko da, podcasten bidez eta artikuluen audioak entzuteko ahots sintetiko neuronal baten bidez; gertuko informazioak leku propioa izango du webgunean, eta azpiegitura tekniko berri bat sortu da, sarean zerbitzu hobea emateko, azkarragoa eta egonkorragoa.

Webgunean ez ezik, sare sozialen bitartez ere irakurri ahal izango dira BERRIAren edukiak: «Aldi konplexuan bizi gara, eta, aldi hau ulertzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da kazetaritza. Kazetaritza hobea egiteko helduleku bat izango da berrikuntza hau», adierazi zuen Mujikak ekainean. Azaldu zuenez, «begirada propioa» izango duen kazetaritza bat behar da, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako sortutakoa, garai honetako erronkei erreparatuko diena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.