Bertsolaritza ardatz Gasteizen

'Bertsolari' filma emango dute Amaia zentroan, 18:00etan; Euskharan elkarteak antolatu du emanaldia

Miren Amuriza, Bertsolari filmeko pertsonaietako bat. BERRIA.
2013ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Asier Altunak zuzendutako Bertsolari pelikula emango dute gaur Amaia zentroan, Gasteizen; arratsaldeko seietan hasiko da emanaldia. Euskharan kultur elkarteak antolatu du filmaren emanaldia.

Donostiako Zinemaldiko sekzio ofizialean aurkeztu zuten pelikula, 2011n. Orduz geroztik, hainbat zinema aretotan egon da ikusgai filma; herriz herri ere emanaldi ugari egin dituzte ekoizleek. Horrez gain, zenbait zinema jaialditan ere hartu du parte, eta saritua izan da: Fortaleza hiriko (Brasil) Cine Ceara jaialdian argazkirik onenaren saria jaso zuen.

Bertsolarien jarduneko zenbait aspektu erakusten ditu filmak: esaterako, nola prestatzen dituen bertsoak Andoni Egañak edo bertsolariak zer sentitzen duen jendaurrera irteten denean. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua eta Miren Amuriza dira pelikulako pertsonaietako batzuk; haien iritziak, bertsoak eta sentipenak bildu, eta filma egin zuen Asier Altuna zuzendariak.

Zuzendariak behin baino gehiagotan azaldu duenez, «asko» gozatu du filma egiten: «Gaiak berak lagundu digu estimulu moduan filma sortzen. Asko disfrutatu dugu inprobisatzen, gidoia filma egin ahala idazten, beste ezeren gainetik pelikularen amaiera pentsatzen. Batez ere, intuizioak gidatu gaitu».

'BERTSOLARI'

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Amaia zentroan, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.