Bertsularien Lagunak elkarteko langile ohia

Marikarmen Albizu Etxabe: «Bertsolaritza gogorra bezain polita eta atsegina da: gozamenerako bide asko irekitzen ditu»

Venezuelatik itzuli ondoan hasi zen lanean Bertsularien Lagunak elkartean, 2008an lehen Xilaba antolatzeko. Harrezkeroztik Xilaba aldatu dela agerian eman du, eta kontatu du egun lantalde «sendoak» direla garai batekoari konparaturik.

Marikarmen Albizu, abenduaren 19an, Hendaian. NAHIA GARAT
Marikarmen Albizu, abenduaren 19an, Hendaian. NAHIA GARAT
Xalbat Alzugaray
Hendaia
2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez dakit nik zer kontatu behar dizudan, ba», erran dio Marikarmen Albizu Etxabek (Zumaia, Gipuzkoa, 1957) kazetariari Hendaiako (Lapurdi) Eskuz kafetegira sartu bezain fite. Zumaian (Gipuzkoa) sortu bazen ere, azken hogei urteak Hendaian pasatu ditu bizitzen. Venezuelan errefuxiatu izan zen Joakin Arregi Txe bikotekidearekin, hogei urtez baino gehiagoz. Euskal Herrira itzultzean, Bertsularien Lagunak elkartean hasi zen lanean lehen Xilaba antolatzen laguntzeko, eta ondotik elkarteko eragile segitu zuen 2022ko uztailera arte. «Urduri» izan arren, ez du denbora anitz behar izan mintzatzen hasteko, kafe bat eskuetan harturik.

Frankismo garaian handitu zinen.

Gure familia frankismoko galtzailea izan zen. Gure kide asko herritik kanpo igorri zituzten, osaba bat fusilatu zuten, eta beste osaba baten gorpua duela bost urte agertu zen. Herriko neskak mojen eskolan ibili ginen, eta garai hartan euskara galdu egin nuen ia-ia. Anaiak, berriz, fraideekin ibili ziren, eta oro har denborarekin ohartu naiz neskek galdu genuela euskara gehien-gehienik, eta mutikoek mantendu zutela beren artean.

Euskara berantago berreskuratu zenuen, beraz?

13 edo 14 urterekin hasi nintzen kontzientzia hartzen. Gu baino zaharragoak hasi ziren euskararen aldeko mugimenduetan, eta gu haiekin batera hasi ginen gau eskolan euskara berriz ikasten. Juanito Dorronsoro etorri zen herrira, eta hainbat proiektu martxan eman zituen, euskaraz berriz ikas genezan.

Gazte denbora mugitua izanen zenuen, ordea.

Lanean hasi nintzen 18 urterekin, Mondragon kooperatiben inguruko lantegi batean, Zumaian, eta langile mugimendua ezagutu nuen bertan. Frankismotik ateratzen ari ginen momentu hartan, eta ikastolen, euskararen eta abertzaletasunaren inguruko giroan sartu nintzen. Ondotik, nire bikotekidea ezagutu nuen, Joakin Arregi Txe, eta bere egoera politikoagatik Lapurdira etorri behar izan genuen. Donibane Lohizunera joan ginen lehenik, eta ondotik, Hendaiara.

Eta hortik Venezuelara joan zineten?

Egoera txarra zen; nik ez nuen lanik hemen, eta errefuxiatuentzat egoera gogortzen hasi zen; Venezuelara joateko erabakia hartu genuen. Erabakia hartu eta berehalaxe jakin genuen GALek Jokin Etxeberria eta Esperanza Agirre hil zituela Caracasen. Baina, hala ere, hara joan ginen, eta gure jendearekin saretu eta enpresa batean lanean hasi ginen bikotekidea eta ni. Administrazioan lan egiten nuen nik, eta, ondotik, kontularitzan segitu nuen enpresa berean. Txek enpresa bereko biltegian lan egiten zuen, baita banaketan ere.

«Egoera txarra zen; nik ez nuen lanik hemen, eta errefuxiatuentzat egoera gogortzen hasi zen; Venezuelara joateko erabakia hartu genuen»

Venezuelan urteak pasatu dituzue militatzen. Zer ekarri dizu?

Eman dudan baino askoz gehiago ekarri dit hango engaiamenduak. Izan dugun ibilbidea asko aberastu digu, eta esperientzia oso-oso ona izan da. Hango komunitateak eta errealitate askotarikoak ezagutzeko parada eman digu, eta ikusi ahal izan dugu nola garatuz joan den Venezuelako egoera.

Hain zuzen ere, nola antolatzen zineten?

Bertako komunitateetan buru-belarri aritzen hasi ginen, eta, poliki-poliki, Hugo Chavezen inguruko mugimendu guzia ezagutu genuen. Haren ibilbidearekin bat egin genuen, eta, han bizi ginenean, auzoka antolatzen ginen. Hainbat auzotako beharrak eta batez ere Venezuela kanpotik etorritako erasoen kontrako estrategiak antolatzeko energia handia eman zen. Baina, hala ere, gehienbat auzoetako komunitateetan ibiltzen ginen. Egun, komunitate horiek asko garatu dira, eta egiten dituzten lanak komunetan martxan eman dira: ekoizpen komunak, banaketa komunak edota eskolen bidez. Oso-oso urte aberatsak izan ziren, eta kostatu zitzaigun itzultzea.

Hango egoera aldatzen ari zelako itzuli zineten?

Ez, gure egoera pertsonalengatik itzuli ginen. Erabaki genuen ziklo bat itxi zela, eta beste zerbaitetara pasatu behar genuela. Hendaiara itzuli ginen, eta Venezuelan genuena saldu eta utzi genuen.

Egun, nolakoa da euskal errefuxiatuen egoera Venezuelan?

Asko itzuli dira, beren egoera pertsonala aldatuz joan delako eta aukera izan dutelako Euskal Herrira itzultzeko. Beste batzuk han bertan gelditu dira, familia osatu dutelako bertan. Joan-etorriak egiten ari direnak ere badira, eta gutxi batzuk diren arren, han bizi eta hona ezin etorriz dauden errefuxiatuak ere badira. Bakoitzaren egoeraren araberakoa izaten da itzuleraren kasua, baina esango nuke gehienak itzuli direla.

«Hango komunitateetan buru-belarri aritzen hasi ginen, eta, poliki-poliki, Hugo Chavezen inguruko mugimendu guzia ezagutu genuen. Haren ibilbidearekin bat egin genuen, eta, han bizi ginenean, auzoka antolatzen ginen»

26 urte han pasaturik hona itzultzean Bertsularien Lagunak elkartean lanean hasi zinen.

Ez arras. Bi edo hiru urtez lanik gabe gelditu nintzen. 2008an lehen Xilaba egin nahi zutelarik, antolakuntzatik bi lagun etorri zitzaizkidan txapelketa antolatzen laguntzeko lanpostu erdia eskainiz. Urte hartan hasi nintzen Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren panorama ezagutzen.

Ontsa oroituko zara urte hartako antolaketaz, ezta?

Bai noski! Zeinen aberatsa izan zen ikustea jendea nola antolatzen zen, boluntario sare handia martxan emanik. Nik hor pila-pila bat ikasi nuen, besteak beste Kepa Murua, Jexux Arzallus eta beste hainbatekin. Ez naiz izenak ematen hasiko, batzuk ahantziko baititut bidean!

(ID_15619553) (Nahia Garat) Mari Karmen Albizu, Bertsularien Lagunak elkarteko langile ohia, Hendaia, 2025/12/19. Mari Carmen Albiz...
Marikarmen Albizu, abenduaren 19an, Hendaian. NAHIA GARAT
Langile gisa, beraz, txapelketaren antolaketaren barrunbeetan sartu zinen.

Txapelketa bere hasiera data baino askoz lehenago hasten dela ikasi nuen. Lehenik, jendea eta taldeak osatzen ikasi nuen: gai emaileen taldea eta epaileen taldea, besteak beste. Ondotik, saioetako lekuak lotu, herriko etxeekin harremana egin, eta hainbat elkarte lan egiten hasi ginen. Nire lana izan zen bulegoan horri denari forma ematea.

Jende berria ezagutzeko parada ukan zenuen?

Jende asko-asko ezagutzeko aukera eman dit elkarteko lanak, eta batez ere barnealdean ezagutzen ez nituen pertsona anitz ezagutu ditut bide horretatik. Esate baterako, barnealdera joatea plazera izaten zen, hango jendearekin biltzen baikinen; otordua prestatzen ziguten, eta saioak egiteko lekuak horrela lotzen genituen. Jendea oso militantea zen, eta, nahiz eta txapelketa puntuala izan, beti prest ziren parte hartzeko eta eskukaldi bat emateko.

«Barnealdera joatea plazera izaten zen, hango jendearekin biltzen baikinen; otordua prestatzen ziguten: saioak egiteko lekuak horrela lotzen genituen. Jendea oso militantea zen, eta, nahiz eta txapelketa puntuala izan, beti prest ziren parte hartzeko eta eskukaldi bat emateko»

Zure ikuspegitik, 2008tik zer bilakaera izan du Xilabak?

Langile ohi gisa, ni ikasiz joan naizen modura, ideia berriak eta jendea ikasiz eta sendotuz joan da. Ikusi baizik ez da egin behar: 2008ari konparaturik, gai-egile talde sendoa dugu egun. Orduko jendea badago: gazte-gazte hasi ziren haiek. Eta berriak gehituz joan dira. Denborarekin txapelketako lantaldeetan sartzeko gogoa piztu dela iruditzen zait, bertsolaritza ederra baita azken finean. Gogorra bezain polita eta atsegina da bertsolaritza: gozamenerako bide asko irekitzen ditu.

Bertso eskolen eragina ere ikusten duzu?

2008an, irakasle bat zegoen egun erdiz lanean, eta, bestalde, lau irakasle orenka banatuak ziren. Arantxa Oxandabaratzek Seaskako bertsolaritza saioak kudeatzen zituen, baina hezkuntzan aldaketa bat markatu zen Seaskarekin sinatu genuen hitzarmen berria indarrean jarri zenean. Gure gain hartu genuen hezkuntzako bertso eskolen kudeaketa, eta buru-belarri sartzen hasi ginen horretan. Aimar Karrika eta Odei Barroso kontratatu ziren berehalaxe misioari aurre egiteko, eta ondotik etorri zen Xan Alkhat. Seaskaz gain, bide batez, eskola elebidunetan ere sartu behar ginela erabaki zen.

Bertsolaritzara ikasleak hurbilarazteko erakargarritasuna landu zenuten, beraz.

Horretan lan handia egin dute gure irakasleek. Euskal Haziak elkartearen bitartez hasi ginen eskola elebidunetan harremana sortzen, baina uste dut gure irakasleek eskoletako euskara irakasleekin egin dituzten harremanek asko eragin dutela, eta horrek lagundu du gure presentzia emendatzen.

«Denborarekin txapelketako lantaldeetan sartzeko gogoa piztu dela iruditzen zait, bertsolaritza ederra baita azken finean»

Elkarteko eragile lana duela urte guti utzi duzu. Nola bizitzen ari zara aurtengo Xilaba?

Oso esperientzia berezia izaten ari da, lehen aldiko publikoan naizelako, eta ez lanean. Lehen saiora joateko kasik sarrerarik gabe gelditu nintzen. Bidartetik itzultzean, gauean berean, Xilabako bonua erosi nuen, sarrerarik gabe ez gelditzeko. Saio guzietara joan naiz, eta ongi doala iruditzen zait. Boluntario gazteak ikusten ditut, eta horrek sekulako poza ekartzen dit. Lan ederra egiten ari dira, baina ni hemendik aurrera gozatzera joanen naiz.

Xilaba jendetsua izaten ari dela erranen zenuke?

Gelak ongi beteak dira, eta sekulako poza ematen dit horrek ere. Eta kontent naiz, batez ere bertako jendez bete direlako orain arteko saioak. Nik ez dut erraten Ipar Euskal Herrian ez zela bertsozaletasunik, eta ez naiz hemen lezioak emateko, baina sentitzen dut jakin dugula lekuak ongi hautatzen. Bertako adin guzietako jende franko gehiago mugitzen da egun, 2008an baino. Orotariko eta adin guzietako publikoa mugitzen da, eta gainera bertakoak izaten dira asko.

Alde horretatik, txapelketako bertsozale kopurua handitu da?

Txapelketa bat egiteko egarri bat bazen garai batean, eta uste dut hori mantendu dela denboran barna. Xilabaren doinuak hasten direlarik, jendea mugitzen hasten da. Txapelketak jende asko mugitzen du, baina, aldiz, sentitzen dut herrietan antolatzen diren bertso saioetara aski jende guti joaten dela oraindik. Baina hori ere uste dut aldatuko dela pixkanaka-pixkanaka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.