Begirada nora zuzendu ere bada kontua. Koordenatu geografikoak zehazki zein diren, diferenteak baitira galderak. Bi kilometro eskaseko tartea baizik ez dago Labaren eta Amaiur ikastolaren artean, eta, arratsean, batean zein bestean, bi-bietan izan dituzte ahotan Olentzero eta Mari Domingi. Gazteluko plazako Laban, haiei buruzko hitzaldia eman du Kepa Fernandez de Larrinoak, eta galdera bat aireratu du batik bat: «Zergatik ote?». Edo, zehatzago: «Zergatik ageri zaizkigu Olentzero eta Mari Domingi elkarrekin?». 18:00etan hasi du solasaldia ikerlariak, eta, hori hala, aipatu korapiloa jendaurrean askatzeko zorian izanen zen, ordu laurden geroago, Iturrama auzoko zenbait haur gurasoei galdezka hasi direnean. «Nondik azalduko dira?», esan dio 5 bat urteko batek amatxiri, mahukatik tiraka ari zitzaiola. Bestelako galderak, beste baterako. Inportantzia honi eman diote orain: ailegatu daitezela garaiz, eta, opari banaketan, etxerik ez dezatela ahaztu.
Eta bai, Olentzero eta Mari Domingi garaiz iritsi dira Iturramara, ikastolaren parera; Gabon gauaren bezperan. Hori dute usadioa auzo horretan; baita, besteak beste, Arrosadian, Azpilagañan, Buztintxurin, Ermitagañan, Mendebaldean eta Mendillorrin ere.
Ohiko formari eutsi, eta kalejira batean zeharkatu dute Iturrama zientoka lagunek. 18:30ean zuten itzulia hastekoa, baina abiatzeko ordu erdi falta zenerako aski betea zen ikastolako jolastokia, bai eta, kristalaz bestalde ikus zitekeenaren arabera, zentroaren barrena ere. Amaiur dantza taldeko kideek azken entsegua egiteko baliatu dute abiatu aurreko tartea, kalejiraren bukaeran Lopez frontoian egin duten emanaldia fintzeko. Eta, bien bitartean, askotariko musikariak ailegatu dira patiora —gaiteroak, txistulariak eta txarangako kideak, adibidez—, banan-banan, nork bere instrumentua eskuetan. Hori bai, ez dantzariak, ez musikariak, eta ezta ikastolako haurren gurasoak ere ez dira izan lehenbizikoak bertara azaltzen: animalia ugari ziren ordurako, kaioletan batzuk eta sokekin lotuta beste zenbait. Nobedade bat izan da aurten, halere: oilorik eta ahaterik ez kalejiran, hegazti gripea dela eta.
Ilusioa eta urduritasuna elkarri pega-pega eginda azaldu ohi dira, sarri, Mari Domingi eta Olentzero azaldu aurrean, eta bi horien konbinazioa zaila da disimulatzen. Amaiur ikastolako seigarren mailako ikasleak horren erakusle dira: zirrarak hartuak bezala izan dira kalejira abiatu aurreko minutuetan. Baina, nola ez? Hau dute urterik bereziena: ikastolako azken urtea izaki, haiei dagokie Olentzero eta Mari Domingiren figurak bizkar gainean eramatea, A ikasgelako Maddik, Ekhik, Jonek eta Adrianek esplikatu dutenez. «Eta entsegurik gabe egiten dugu, e? Bakarra, aurreko ostiralean eskolan egindako kalejira», zehaztu du Jonek. Buruarekin baietz egin dute beste hirurek, halaxe dela baieztatzeko, eta, ondotik, laurek aho batez aitortu dute zera: gogotsu daudela, «oso-oso gogotsu», «txikixeagoak» zirenean ikazkinaren etorrerarekin sentitzen ziren bezalatsu, baina «diferente».
Maitasuna sentituta, lanera
Puntual-puntual abiatu dute kalejira. Joaldunek ireki dute bidea, eta atzetik segitu diete haiei astoek, txarangak, gaiteroek, seigarren mailako ikasleek eta bestek, animoso. Aurrena Iturrama kalean sartu, ondotik Eskirotz karrikan jarraitu dute, harik eta Serafin Olave kalea hartu eta Lopez pilotalekura ailegatu diren arte, Mari Domingiri eta Olentzerori harrera egiteko, aurresku batekin.
Eta eskerrak, hain justu ere, helmugan geldialdia egiteko asmorik bazela. Izan ere, zientoka herritar kalejiran barna zebiltzala, baten bati duda ere piztu zaio barrenean, eta azaleratu du ahots goraz: «Baina Olentzero non demontre dago? Badago, seguru?».
«Eskertzen dut abenduaren 23an hain gustura egon ahal izatea, bihar benetan tokatuko baitzait lan egitea, gau osoz!»
OLENTZERO
Jakina bazegoela, baina atze-atzean zegoen. Bidea eroso egin dute Mari Domingik eta Olentzerok, auto batean eserita, musikariz inguratuta, eta, batez ere, haurren kariñoa sentituaz etengabe. Esku batean pipari ongi eutsita eta altzoan haur bat zuela agurtu du Olentzerok kazetaria, preseski, poz-pozik. «Iturrama auzo zoragarria da, polit-polita; begira ze jendea dugun hemen!», onartu du irribarrez. Gainera, aitorpen bat ere egin du segidan. «Eskertzen dut abenduaren 23an hain gustura egon ahal izatea, bihar benetan tokatuko baitzait lan egitea, gau osoz!». Lasai antzean esan du hori, hala eta guztiz ere, deusek hutsik eginen ez duelako segurtasuna erakutsiz bezala. Bistan da: ez du etxerik ahaztuko. Iturraman jasotako besarkadek eman diote behar adina energia opari banaketarako. Hori bai: ikatzik ere eramanen du zakuan, zer gerta ere.
