Turismoak gatazka eta eztabaida ugari sortu ditu Euskal Herrian, eta gertutik ezagutzen du hori Asier Basurtok, Bizilagunekin plataformako kideak (Donostia, 1985). Gai horretara hurbiltzeko xedea du Argia-k eskatuta egin duen liburuan: Turismoa. Desazkundera bidaia. «Tresna bat» izatea da asmoa.
Desazkunderako bidaiak non du abiapuntua?
Gaur egungo egoeran: turismoak gainezka egin du, bai Donostian, bai Euskal Herriko eta munduko beste hainbat lekutan. Horri erantzun bat eman behar diogu herritarrok gure bizimoduak eta bizi baldintzak zaindu nahi baditugu.
Hazkunde hori, hain zuzen, ez da «naturala».
Industria turistikoak eta jarduera turistikoak beren baitan daramate etengabe hazi beharra. Urte askoan, dinamika hori ez da zalantzan jarria izan: hazi eta hazi egin da, eta bidea libre izan du, parean ezer topatu gabe. Mekanismo handiak garatu dira industria turistikoak gobernuetan influentzia handia izateko, baita sekulako aparatu mediatikoa ere, turismoaren hazkundea ospatzeko.
Zerk eragiten du hazkundea?
Mugarik gabeko diru goseak. Mugimendu espekulatiboen gainean eraikita dago industria turistikoa. Gaur egun, etxebizitza merkatuan sartuta dagoen nazioarteko kapitalak, etxe horien prezioak igotzeko, lekuen balioa handitu egin behar du. Orduan, hiri edo lurralde arrakastatsu bateko etxeek gero eta gehiago balio dute; horretarako mekanismo bat bihurtu da nagusiki. Bizilagunak eta turistak, berriz, mugimendu horien bigarren mailako aktoreak dira.
Eta egitura ekonomikoa bera ia turismoari bideratuta dago?
Turistifikazioa deitzen diogu horri: turismoak gehiegizko pisua hartzen duenean egitura ekonomikoan, eredu kulturalean, hirigintza ereduan, hizkuntzari dagokionez... Alderdi horietan guztietan gehiegizko pisua hartzen duenean gertatzen da turistifikazioa. Gaur egun turismoak pisu handia du Euskal Herriko eredu ekonomikoan, baina askoz handiagoa izan dezake. Kontua da: komeni zaigu? Nire ustez, ez.
Izan ere, turistifikazioak bizigarritasunaren galera dakar; hori nabarmendu duzu liburuan.
Bai. Dirua mugitzen du, eta irabazi horiek oso gaizki banatzen dira: ez dira tokian bertan gelditzen, oso merkatu transnazionala delako. Tokian bertan kalteak geratzen dira; nagusiki, etxebizitzaren merkatuan duen efektuagatik. Horrek dakar bizi proiektu duinak planteatzeko ezintasuna, tokiz mugitu beharra, kanporatze efektuak, harreman sareak eta sare komunitarioak desegitea. Horrek galera dakar maila kulturalean ere. Konturatu gabe, antza dirua ekartzen duen zerbaitengatik, diru hori beste norbaitek eramaten du: sekulako mina eragiten du, sufrimendua, eta bizitzak baldintzatuta geratzen dira. Horri buelta emateko tenorea iritsi da, eta horri ekin behar diogu.
Desazkunde turistikoa «behar historikotzat» jotzen duzu.
Bai. Gaur egun turismoak gure gizartean duen lekua txikitu behar da, eta hori lortzeko prozesu adostu, planifikatu eta progresibo bat da desazkunde turistikoa, egokitzat jotzen dugun neurrira eramateko; batez ere, herritarren gehiengoari kalterik egingo ez dion neurri batera.
Turistifikazioa gelditzea da lehen pausoa?
Bai. Turismoak berezkoa du hazteko joera. Orduan, legez eta politika publikoen bidez mugatu behar da: hotel gehiago ez irekitzea, eta daudenak gutxitzeko neurriak hartzea. Pisu turistikoak debekatu egin behar dira, eta hori nola egin adostu. Herri gisa hausnartzen badugu turismoak duen lekua txikitu egin behar dela, denbora batez sustapena eten egin behar da. Behar horren inguruan ados jarri eta prozesu progresibo bat egitea izango da bidea.
Zein dira gainerako urratsak?
Turismo sektorea birpentsatu eta berregin behar da. Lan baldintza duinak bermatu behar dira; sekulako lan prekaritatea dago turismoaren sektorean. Desazkunderako trantsizioan, enpresak eta langileak beste sektore batzuetara mugitzeko erraztasunak ere eman behar dira.
Herritarrek beren burua berrikusi behar dute?
Hausnarketa kolektibo handi bat dugu egiteko. Erruaren mekanismo desaktibatzaile bat dago: badirudi oporretara kanpora joan bazara desgaituta zaudela zure herriaren turistifikazioa borrokatzeko. Ez dut horretan sinesten. Nire ustez, benetan egoera honen errudunak hauek dira: turismoa etxebizitzarekin espekulatzeko erabiltzen dutenak, langileak esplotatzeko erabiltzen dutenak eta honekin diru asko irabazten ari direnak. Tarragonako kanpinera astebete joaten den nire bizilagunak erruaren parte minimo bat ukitu beharko luke. Baina, beste hainbat auzitan bezala, arduratsuak izan behar dugu. Beste opor eredu bat asmatu behar dugu denon artean.
Nola?
Hori ezin du norberak bakarka egin. Orokorrean, Europako aberats zuriek ezin dugu hainbeste bidaiatu, gizarte sektore gisa. Jende bat espiral bulimiko batean sartuta dago: digeri dezakeen baino bidaia gehiago irensten du. Esanahirik gabeko bidaia asko egiten dira, hutsalak: bertatik ihes egiteko desio indartsu bat dago, inbidiaren mekanismo izugarri bat, eta ukitu diren tokien bilduma egiteko joera bat. Nire ustez, horrek ez du zentzurik. Uste dut beste modu batera pentsatu behar dugula, maila kolektiboan. Oporretan ez dago zertan bidaiatu, eta bidaiatzearen alde onak gizarte osora hedatzeko neurriak ere hartu behar dira: horrek esan nahi du askok gutxiago bidaiatu behar luketela. Herritar gisa pentsatu behar dugu, ez kontsumitzaile gisa.
lotsabako
Egin duzu inoiz turistakeriarik?
Inoiz goiz esnatu naiz mendian egunsentia ikusteko. Oso goiz.Jasan ezin duzun turistakeria?
Zubietan kandaduak jartzea.