Ikerlaria DNAren nanoteknologian eta zelulen biologian

Yamuna Krishnan: «Beti egongo da beste aurrerapenen bat, aurreko muga ezabatuko duena»

Nanoteknologiaren bitartez DNAren propietateak ikertzen ditu Krishnanek, ezezaguna dena aurkitzeko asmoz: «Nire ustez, ikerlariak umeak bezalakoak gara oraindik, geure buruari galderak egiten jarraitzen baitugu».

Yamuna Krishnan 'Zientziarekin solasean!' topaketetan, irailaren 16an, Donostian. Eskuinean, Pedro Miguel Etxenike. PAULA ARBIDE
Yamuna Krishnan 'Zientziarekin solasean!' topaketetan, irailaren 16an, Donostian. Eskuinean, Pedro Miguel Etxenike. PAULA ARBIDE
itsaso jauregi 2
Donostia
2025eko urriaren 24a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasleek egindako galdera guztiak erantzun ditu Yamuna Krishnan ikerlariak (Chennai, India, 1974) DIPCk antolatutako Zientziarekin solasean! topaketetan. Krishnan beti egon da zientziak liluratuta, eta eskolan irakurtzen zituen esperimentu guztiak egiten zituen etxean. Kimikan lizentziatu zen, eta gero Kimika Organikoan doktoretza egiteko hautatu zuten. Orain bere laborategia sortu du AEBetako Chicagoko unibertsitatean, eta han DNAren egiturak sortzen ditu nanoteknologia erabiliz. Aitzindaria da DNAren arloko nanoteknologiaren eta zelulen biologiaren arteko interfazean.

Zergatik da garrantzitsua horrelako jardueretan parte hartzea?

Ikerketan aritzea posible zela pentsatzen hasi nintzen herriko unibertsitate bateko irakasle bat nire unibertsitate txikira etorri zenean. Beraz, uste dut horrelakoak garrantzitsuak direla eskolako ikasle gazteentzat, zientzialari bat bertatik bertara ikusteko, eta ulertzeko eurak bezalako pertsona normalak direla. Nire ustez, ikerlariak umeak bezalakoak gara oraindik, geure buruari galderak egiten jarraitzen baitugu: «Zergatik da urdina zerua?». Ikerlariok egiten duguna, berez, gizatiarra da: mundu naturalari buruzko galderak egitea.

Eta galdera horien erantzuna ezinbestekoa da? Edo garrantzitsuagoa da galdera horiek planteatzea?

Garrantzitsua da galdera egitea, erantzuna lortzea eta gero beste galdera bat egitea. Hori da ikerketaren funtsa. Galderak egiten jarraitu behar dugu: «Zergatik ezin dut horman zehar ikusi? Horma hori ez delako gardena. Zergatik ez da gardena horma? Errefrakzio indize altuko elementuak dituelako». Etengabe galdetzen baduzu, oso zientifikoa den zerbaitera hurbilduko zara poliki-poliki.

Nolakoa izan zen doktoretza lortzeko esperientzia?

Doktoretza egitea eta master bat egitea gauza bera izango zirela uste nuen. Orduan konturatu nintzen neure kabuz zehaztu beharko nuela dena. Oso harrituta eta izututa nengoen; hiru hilabetez ezin izan nuen lorik egin. Nola itzuliko naiz gurasoengana, eta huts egin dudala esan? Baina aurrera jarraitzea erabaki nuen. Izan ere, igeri egiteari uzten badiozu, ito egiten zara. Eta egun batean konturatu nintzen nire inguruko guztiak baino hobea nintzela.

Eta noiz hasi zinen lanean DNAren nanoteknologiarekin?

Indian automihiztatze sistemetan lan egiten nuen, lipidoen antzeko egiturak sortzeko elkartu behar diren molekulak ikertzen. Orduan hasi nintzen egitura horiek beste modu batean planteatzen: informazioa soka luze bakar batean kodetu nuen, eta gero soka horri forma jakin bat eman nion. Egiturak asko liluratu ninduen, eta azido nukleiko peptidiko izeneko molekulak eraikitzen hasi nintzen. Nire laborategia sortu nuenean, DNAren nanoteknologia estrukturalean hasi nintzen lanean; hau da, DNA erabiltzen dugu egiturak sortzeko, baina nanoeskalan.

Nola eraikitzen dira egitura horiek DNA erabiliz?

Irudikatu DNA pospolo bat balitz bezala. Pospolo bakoitza makila txiki bat da, baina egitura mota asko egin ditzaket pospolo horiek hainbat eratan elkartuz: A pospoloa eta B pospoloa itsats ditzaket, adibidez. Gauza bera egiten dugu DNArekin. Beraz, oso kola molekular espezifikoa dugu DNAren pospoloak hartzeko eta batzeko. Eta, hala, DNArekin poliedroak eraikitzen has zaitezke.

«Garrantzitsua da galderak egitea, erantzuna lortzea eta gero galdera gehiago egitea. Hori da ikerketaren funtsa»

Eta horiek sortuz, ate bat irekitzen da DNA beste modu batean aztertzeko?

Bai. DNAren propietate artifizialak aztertzeko aukera ematen du. Naturak polimero lineal luze baten gisan erabiltzen du DNA. Adibide honekin azaltzen dut normalean: zuhaitzak forma jakin batean hazten dira, baina zuhaitz horiek hartuta mahai bat egin dezakegu. Material bera da, baina beste funtzio bat du. DNArekin hori egin daiteke.

Zertarako erabil daitezke egitura horiek?

Banaketa ibilgailu gisa erabil daitezke. Egitura horietan gauza txikiak sar daitezke, eta zelula espezifikoetara bidali, polimero berezi horrek propietate berezi bat baitu: biologikoki bateragarria den interfazea. Beraz, gure sistema biologikoarekin bateragarriak diren nanoeskalako objektu txikiak egin ditzaket. Gorputzean injektatu ditzaket, eta ez dira arrotzak organismorako; sistemak bere partetzat jotzen du. Medikazio pixka bat sar dezakegu, adibidez. Gauza asko egin ditzakegu, orain sistema bizi batekin aritzeko modua dugulako.

DNA egitura editatu horiek pertsonetan txertatu dituzu?

Ez. Organismoetan. Nire organismo gogokoenetako bat har txiki bat da: C. Elegans (Caenorhabditis elegans). Zizare hori interesgarria da: gardena da. 959 zelulaz osatutako poltsa garden txiki bat da. Bizitzaren parte handi bat organismo horren bidez uler dezakegu. Gure zundak harrean sartu, eta aurkikuntzak egiten hasi ginen organismoaren barruan organeloen funtzioa erregulatzen duten proteinei buruz. Oraindik ez dizkiegu gure gailuak gizakiei jarri, baina C. Elegans harra erabiltzen ari gara aurkikuntza horietara iristeko.

DNAn aldaketak egiten dituzu. Baina, ba al dago zeharkatu ezin duzun mugarik?

Uste dut gauza batzuk ezin ditugula egin oraingoz. Beti egongo da beste aurrerapenen bat, aurreko muga hori ezabatuko duena. Beraz, zientzian X edo Y muga dela esan ordez, X edo Y oraingo muga dela esan beharko genuke.

Eta zein da zure arloan dagoen muga nagusia?

Gaur-gaurkoz muga nagusia zera da: DNA gailu bat zelula batera bidaltzen denean, zelulak jan egiten duela, eta gero endosoma izeneko konpartimentu txiki batean kokatzen dela. Eta orain, DNAn kodetuta dagoen informazioa genetikoki eskuratzeko, DNA horrek endosomatik zitoplasmara egin behar du salto. Hori gertatzen ez den bitartean, ezin duzu DNAren sekuentziaren informaziorik erabili. Nire laborategian egoera horretaz baliatzen ari gara endosoma baten barruko giroa hobeto ulertzeko.

«Baina zera gertatu da, beste arlo batzuetako adituek teknologia hartu dutela, eta aurrerapenak egin dituztela beren esparruetan»

Zientzialariek kontuan hartu behar dute zer-nolako eragina izango duten haien aurkikuntzek laborategitik kanpo?

Nire laborategian edozein ikaslek proiektu bat abiatu haurretik galdera bakarra egin behar dio bere buruari: ikerketa hau intelektualki interesgarria al da niretzat? «Gaixotasun hau sendatu nahi dut» esaldia ez da gure motibazio nagusia.

Zein da zure hurrengo pausoa?

Uste dut ez dakigula hainbeste organeloen barruko eremuaz. Haien barrua zundatzeko modua dugunean ulertuko dugu nola kontrolatu organelinaren funtzioa. Gaixotasunei aurre egiteko beste modu bat izan daiteke. Baina teknologia bakoitzak bere mugak ditu.

Muga horiek gainditzeko, beste alor zientifikoen aurrerapenen berri izan nahi duzu?

Bai. Teknologiak garatu izan ditudanean, agian, ez ditut kontuan hartu eragina izan lezaketen arlo guztiak. Baina zera gertatu da, beste arlo batzuetako adituek teknologia hartu dutela, eta aurrerapenak egin dituztela beren esparruetan. Horrek ematen dit gogobetetasunik handiena, nik egindako zerbaitek beste norbaiti bere alorrean aurrerapauso bat ematen laguntzen diola ikusteak. Zientzia elkarrizketa bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.