Lau adarkada izan dira entzierro jendetsu eta arriskutsu batean

La Palmosillako zezenek San Domingon adarkatu dute korrikalari bat, barrabil zorroan, eta Mercaderesen beste bi, sabelean bata eta bizkarrean bestea. Zortzi korrikalari artatu behar izan dituzte guztira.

Mercaderes kaleko bihurgunean zezenak korrikalari bat harrapatu duen unea. JESUS DIGES / EFE
jon ordonez garmendia
2025eko uztailaren 13a
12:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Entzierro jendetsua eta arriskutsua izan da aurtengo azken-aurrekoa. Aurtengo entzierro igande bakarra izanik gaur, jendetza izan da protagonista, eta horrek eragin du arriskua, zezenek baino gehiago. La Palmosilla ganadutegiko zezenek azkar eta elkarrekin osatu dute bidea, bi minutu eta 25 segundoan. Baina hala izanagatik, arrisku handiko uneak izan dira. Hiru adarkada izan dira azkenean, Gurutze Gorriak eman dituen datuen arabera: adarkadak hankan, sabelean eta bizkarrean izan dira. «Zauri sakon bat» ere izan da baten lepoan. Guztira, zortzi korrikalari zauritu dira: sei ospitalera eraman dituzte, eta bi zezen plazan artatu dituzte.

Lehena San Domingo kalean adarkatu dute, Santiago plazaren parean. La Palmosillako zezenetako bat berehala jarri da buruan, eta metro batzuen aldea hartu du, gainera. Oso azkar zihoan, eta korrikalariak ezustean harrapatu ditu. Santiago plazaren parera heltzean, korrikalari bat barrabil zorroan adarkatu eta airera bota du. Zezena eta korrikalaria lurrera erori dira: korrikalaria berehala babestu da hesiaren beste aldean, azpitik pasatuz, eta zezenak anaiekin batera jarraitu du aurrera. Merkatuko artatze postu horretan beste korrikalari bat ere artatu dute: sabelean adarkatu du zezenak, eta larri ospitaleratu dute.

Udaletxeko plazara zezenak heldu dira lehenik, eta eguneko arrisku handiko beste uneetako bat Mercadereseko bihurgunean izan da: zezenak heldu dira aurretik hor ere, eta korrikalari bat bihurgunearen hasieran ezkerrean geratu da, irten ezin; zezen batek harrapatu egin du, eta bizkarrean adarkatu du. Ospitalera eraman dute, eta larri dagoela jakinarazi dute.

Zezen plazarako jaitsieran arrisku handiko une bat eragin dute zezen batek eta eskuinean zeuden pertsonek. DANIEL FERNANDEZ / EFE
Zezen plazarako jaitsieran arrisku handiko une bat eragin dute zezen batek eta eskuinean zeuden pertsonek. DANIEL FERNANDEZ / EFE

Bat eginda egin dute zezenek Estafeta kalean gora. Oso zaila izan dute gaur korrikalariek zezenen aurrean aritzea. Estafetan idi bat jarri da taldearen buru, eta zezenak une oro babesean joan dira. Jende asko erori da, gainera, eta korrikalariak bat bestearen gainera erori dira hainbat tokitan.

Gaurko entzierroko egoera arriskutsuena, baina, zezen plazarako jaitsieran izan da. Zezen bat eskuineko aldetik zihoan, eta adarrarekin hesian geldi zeuden zenbait pertsonaren ondotik pasatu da. Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, «zauri sakon bat» izan du batek hor lepoan. Ospitalean artatu dute, eta eguerdian atera da.

Zezen plazako sarreran eta irteeran ere tentsio handia izan da. Sarreran zezen bat erori egin da, eta idiak eta anaiak gainetik pasatu zaizkio. Irteeran, berriz, korrikalari batzuk lurrera erori dira, eta pilaketa txiki bat izan da. Bi lagun artatu dituzte zezen plazan. Biharkoa aurtengo sanferminetako azken entzierroa izango da, eta Miura ganadutegiko zezenekin egingo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.