Bi ahizpa aktoreren autofikzio bat

Filminek 'Selftape' telesaila estreinatuko du etzi. Joana eta Mireia Vilapuigek beren bizipenetan oinarrituta sortu dute fikzioa

Barbara Farre eta Joana eta Mireia Vilapuig, martxoaren 29an, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko apirilaren 02a
00:00
Entzun
Joana eta Mireia Vilapuig nerabeak zirela hasi ziren aktore lanetan, eta arrakasta lortu zuten Polseres vermelles katalanezko telesailean. Urte batzuk pasatu dira. Eta orain, haien istorio pertsonala fikzioarekin uztartu dute Selftape telesailean. Gidoilari, aktore eta ekoizle eragileak dira, eta ez hori bakarrik: istorioko protagonistek Joana eta Mireia izena dute, bi ahizpa aktore dira. Donostiako Crossover jaialdian aurkeztu dute telesaila, eta Filmin plataformak etzi estreinatuko du. 30 minutuko sei atal dira.


Joana Vilapuigek kontatu duenez, ezezkoak ari ziren jasotzen selftape —aktoreek casting batean parte hartzeko grabatzen duten bideoa— eta hautaproba batzuetan. «Ahizpa gisa gertatu zaiguna ez da oso ohikoa, eta bi ahizpa aktoreren inguruko telesailik ez dugu ikusi».

Artxibo irudiak eta fikzioa uztartzen dira kontakizunean. «Elkarrizketan daude», gaineratu du Mireia Vilapuigek. «Baina ez dugu eztabaida sortu nahi ea zer den benetakoa eta zer ez. Bion bizipenetatik abiatzen da istorioa, baina asko jokatzen dugu fikzioarekin». Barbara Farre da telesailaren zuzendaria, eta bi aktoreak oso eskertuta daude harekin, inoiz ez zielako galdetu zer den benetakoa eta zer den fikzioa. «Ez du pornografia emozionala egin», diote bi ahizpek. «Biok bagenekien zer zen mingarriena, baina polita izan zen haren eskuzabaltasuna». Nabarmendu dute, gainera, garrantzitsua zela zuzendaria andrea eta gaztea izatea, «emakume begirada» egotea kameren atzean.

Farre pozik dago proiektuarekin. «Elkar ezagutu eta berehala konektatu genuen, haien istorioarekin maitemindu nintzen», dio zuzendariak. «Hiruron artean kontatu dugu istorioa, eskutik helduta». Baina grabaketak ez ziren errazak izan. Denbora gutxi baitzuten: 21 egunetan grabatu behar izan zituzten sei atalak.

Joana Vilapuigek aitortu du asko ikasi dutela prozesuan: «Gauzak besteen esku uzten ikasiz joan gara, eta gure ideia askatzen. Farreri gure haurra eman genion, baita taldeko besteei ere, baina denok sinesten genuen proiektuan». Are gehiago: «Pantaila zeharkatzen zuen arima bat zegoen lantaldean». Telesail feminista da Selftape, eta Mireia Vilapuigek, alde horretatik, zera uste du: «Proiektuan lanean zeudenek sentitu behar zuten telesail feminista zela, lan egiteko moduan».

Kataluniako TVEn ere

Oslon hasten da telesaila. Ingelesa entzuten da lehen atalean. Ondotik, Bartzelonan katalanez eta gaztelaniaz entzuten da. Bi ahizpen artean katalanez mintzo dira. «Gure bizitza horrela da. Eta ez zuen zentzurik artxiboko irudietan haurrak ginenean katalanez agertzea, eta fikzioan ez egitea gure artean katalanez», azaldu du Joana Vilapuigek.

Bakarrik hasi zuten egitasmoa bi ahizpa aktoreek. Filmax ekoiztetxearen baiezkoa jaso zuten, ordea, eta gero, Filmin plataformarena. Horrez gain, Kataluniako TVEk bat egin du proiektuarekin, eta hemendik hilabete batzuetara emango du irekian.

Telesailak ez du soilik istorio intimo bat kontatzen. Gaur egungo testuinguruan aktorea eta emakumea izan eta aurrera egiteak zer zailtasun dituen ondo islatzen du. «Ez dugu ezeren aldarrikatzaile izan nahi. Badakigu egoera zehatz bat dela gurea», azaldu du Mireia Vilapuigek. «Baina egoera pertsonal bat islatu arren, garrantzitsua zen kontatzea kameren atzean zer gertatu ohi den, hau da, normalean ikusten ez dena azaleratzea».

Sentimendu asko du, halaber, istorioak. Farrek nabarmendu du bi ahizpen arteko harremana gakoetako bat dela: «Beharrezkoa zen haiei espazio bat uztea, begiradekin komunika zitezen. Sentimendu asko transmititzen dituzte begirada horiekin. Eta horri esker, emozioarekin konektatzea lortzen dugu».

Ikusi gehiago:Lander Arretxea: 'Selftape'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.