Bi belaunaldiren arteko lotura

'Herrialde berdea' dokumentalak ETAko bi militante ohiren ibilbideak ditu ardatz

Kabi eta Iharraren istorioak biltzen dituen dokumentaleko irudi bat. H. CASTRO.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Jon Andoni Aranguren Iharra tiroz hil zuen Guardia Zibilak, 1972an; Jabier Goitia Kabi, berriz, lehergailu batek eztanda eginda hil zen, 1991n. ETAko militanteak ziren biak, bi belaunalditakoak, eta Herrialde berdea lanak haien ibilbideak batu ditu, istorio bakar bat osatuz. Gaur Bilbon ikusi ahal izango da dokumentala, Kukutza gaztetxean, 20:30ean.

Dozena bat laguni egindako elkarrizketak biltzen ditu lanak. Horien bidez, Iharraren eta Kabiren bizipenak ezagutzera eman nahi dituzte, baita biek bizi zuten garaiko egoera azaldu ere. Bi pertsonaien arteko lotura Nagore Mujika da, Iharraren lehengusina eta Kabiren neska-laguna.

Hibai Castroren gidoi eta zuzendaritzapean, Gorka Calzadak, Iker Aroztegik eta Nagore Mujikak lan egin dute. «Auzolanean eta denbora librean egindako proiektu herrikoi gisa» definitzen du dokumentala Castrok. Horrekin batera, istorio propioak kontatzearen garrantzia azpimarratzen du: «Gure istorioak kontatzen ez baditugu, ahanzturan gal daitezke, edo bestela besteek konta ditzakete gure ahotik».

Herrialde berdea izenburuak baditu aurrekariak. 70eko hamarkadan izen bera zuen ipuin bat argitaratu zuten, Iharrak berak idatzitakoa. Hori oinarri hartuta, animaziozko film labur bat egin zuten, baita izen bereko abesti bat ere.

'HERRIALDE BERDEA'

Non. Bilbon, Kukutza gaztetxean.

Noiz. Gaur, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.