Bi buruk batek baino hobeto pentsatzen al dute? Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroaren azterlan batek erakutsi berri du ikasgelan elkarlanean aritzea funtsezkoa izan daitekeela haurrek erabakiak hartzeko. Ikerketa BCBLko JuniorLab laborategian egin da, Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazon ikastetxean. 2025-2026ko ikasturte honetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako bostehun bat haurrek parte hartu dute ikastetxeko ikerketetan, helburua izanik metakognizioan, eleaniztasunean eta halako arloetan sakontzea. Azterlanaren emaitzak maiatzaren 13an aurkeztu zituzten.
Metakognizioa bakoitzaren pentsamendu eta ikaskuntza prozesuei buruz hausnartzeko giza gaitasuna da. Francisca Campos BCBLko kontzientzia taldeko ikertzaileak haurren metakognizio maila neurtu nahi zuen: «Haurrek jakin behar dute ea gehiago ikasi behar duten, edo irakasleei laguntza eskatu. Gure ezagutzaren pertzepzioa metakognizioa da». Baina, batzuetan, ezagutzaren pertzepzio hori desitxuratuta dago, Camposek azaldu duenez: «Haurrek gehiegizko konfiantza dute beren buruarengan, eta gehiegizko konfiantza horrek eragin negatiboa du metakognizio prozesuan; uste dutenez dena dakitela, ez dakite laguntza noiz eskatu behar duten».
Ikasgelako esperimentuak
Gehiegizko konfiantza kontuan hartuz, Camposek ikertu nahi zuen umeek erabakiak hartzeko dituzten metodoak, batez ere bikoteka lan egitean. Elkarreragin sozialak beren pertzepzioetan duen eragina aztertzeko, 8 eta 9 urte bitarteko eta 10 eta 11 urte bitarteko ikasleek osatutako bikoteak antolatu zituen.
Jardueretako batean, irudi anbiguo bat ezkerrerantz ala eskuinerantz okertuta zegoen erabaki behar zuten. Lehenik eta behin, banaka erantzuten zuten, eta bat eta sei gozoki bitartean jokatuz adierazten zuten beren konfiantza maila. Ondoren, bikotekidearekin eztabaidatzen zituzten erantzunak, eta erabaki komun bat adostu zuten. «Besteekin hitz egitean sortzen zen lankidetzak erakutsi du metakognizio hobea dutela bikoteka lan egiten dutenean», adierazi du Camposek.
«Kontua ez da konfiantza handiagoa zutela bikotekidearen erantzunean, baizik eta konfiantza hori hobeto kalibratzen zutela. Hobeto ulertu zuten zer egiten ari ziren ongi eta zer gaizki»Â
FRANCISCA CAMPOSÂ BCBLko kontzientzia taldeko ikertzailea
Emaitzek erakutsi dute batera hartutako erabakiak banaka hartutakoak baino zehatzagoak izan zirela; eta ados ez zeudenean, bikotekidearen erantzunari konfiantza handiagoz jarraitu zioten kasuen %92tan. «Kontua ez da konfiantza handiagoa zutela bikotekidearen erantzunean, baizik eta konfiantza hori hobeto kalibratzen zutela. Hobeto ulertu zuten zer egiten ari ziren ongi eta zer gaizki», argitu du Camposek. Aurkikuntza horiek iradokitzen dute, adituaren esanetan, ikasgelan elkarlanean aritzeak arrazoibide metakognitiboa hobetzen duela; hau da, nork bere pentsamenduari buruz pentsatzeko txikitatik duen gaitasuna.
Gaitasun hori helduekin aztertu izan da aurretik. Chris Firth Londresko University Collegeko Wellcome Trust Center for Neuroimaging zentroko neurozientzialariak bi boluntariorekin lan egin zuen bere Optimally interacting minds (Buruen arteko elkarrekintza optimoa) estudioan. Seinale bisual oso ahula noiz gertatzen zen detektatzen saiatzeko eskatu zien biei; ados ez bazeuden, ikusitakoa eztabaidatzen zuten. Bat egin ondoren emaniko erantzunak nabarmen hobeak ziren bakarrik lan egiten duten pertsonek emandakoak baino. Ikerketak agerian utzi zuen, halaber, beren artean ikusi berri zutena komentatzen zutenean erantzuna hobea zela.

Adinarekin eta esperientziarekin alda daiteke estrategiaren konplexutasuna, baina BCBLn frogatu dute haurtzaroan hasten dela prozesua. «Helduek hobeto adierazten dute beren arrazoibidea, modu sofistikatuago batean negoziatzeko gaitasuna dute, baina oinarria barea da. Badirudi metakognizioa oso oinarrizkoa eta gizatiarra dela, eta haurtzarotik hasten dela», aipatu du Camposek. Haurren arteko eztabaidak «neurrigabeak» eta «inperfektuagoak» dira, ikertzaileak azaldu duenez; «nik arrazoi dut», «oker zaude» eta «kasu egidazu» dira Camposek ikasleak ados jartzen ziren bitartean entzun dituen esaldietako batzuk.
Arazo bati aurre egiteko orduan, bakarrik pentsatzeko tarte bat izatea eta, ondoren, beste lankide batekin komentatzea: Camposen arabera, hori izan da lan egin duten bostehun ikasleentzat metodorik onuragarriena. «Aldez aurretik tarte indibidual bat egon behar da, bakoitzak bere ekarpena egin behar duelako. Aurreko urrats hori egin gabe taldera pasatuz gero, litekeena da batzuek elkarrizketa menderatzea. Haur askori lotsa ematen die erantzuna ez dakitela onartzeak, baina beren ikaskuntzaren alor handi bat da».
Baina bostehun haur horiek ez dira denak berdinak, eta, horregatik, orain Camposen hurrengo urratsa da metakognizioa soslai desberdinen arabera aztertzea: «Azterketa haur neurotipikoekin egin dugu, baina beste haurrekin ere egin nahiko genuke».
Eleaniztunen garuna
Camposek bere lanaren emaitzak aurkeztu zituen maiatzaren 13an, Carmelitas Sagrado Corazon ikastetxean, JuniorLab-en ikastaroaren amaierako ekitaldian. Bertan Clara Martin Ikerbasqueko irakasleak eta Hizkuntza eta Elebitasuna taldeko liderrak ere parte hartu zuen, eta eleaniztasunari buruzko gaiak jorratu zituen.
Objektu bat. Pertsona elebakar bati, objektu hori izendatzeko orduan, hitz bat aktibatuko zaio garunean. Elebidunaren kasuan, hitzak aktibatuko zaizkio dakien hizkuntza bakoitzean, eta kontrol sistema bat martxan jarri beharko du nahi duen hizkuntzan dagokion hitza aukeratzeko. «Garunak gainerako hizkuntzen hitzak inhibitu behar ditu, eta aukeratutako hizkuntzaren hitzak bakarrik aktibatu», azaldu du Martinek.
«Ikusi dugu hizkuntza nagusia askoz gehiago inhibitzen dela, eta hizkuntza ahulena gutxiago»Â
CLARA MARTINÂ Ikerbasqueko irakaslea
Erantzunen azkartasuna eta zehaztasuna neurtzeko, BCBLn entzefalografia erabiltzen dute. Boluntarioari elektrodo batzuk jartzen zaizkio buruan, eta ariketa bat proposatzen diote. Elektrodo horiek boluntarioaren informazioa jasotzen dute, hizkuntza batean hitz egiteko erabakia hartzen duen bitartean aktibatzen diren garuneko eskualdeena. «Horri esker, oso informazio zehatza lor dezakegu. Ikus dezakegu garunaren zein zati aktibatzen den eta zer abiaduratan», argitu du Martinek.
Garunak «automatikoki» egiten duen prozesua aipatu du irakasleak; garunak mikrosegundo batzuetan erabakitzen du zein hitz erabili behar duen. Pertsona bat hiru hizkuntzatan trebea bada, prozesua bera da, Martinek argitu duenez, baina «zailagoa» da jatorrizko hizkuntza alde batera uztea gutxiago menderatzen den hizkuntza batean aritzeko: «Ikusi dugu hizkuntza nagusia askoz gehiago inhibitzen dela, eta hizkuntza ahulena gutxiago».